euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko emakumezko graduatu bi, BAFE probetako 100 nota onenen artean

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/12

Marina López Díez eta Sara Caballero Bombín | Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko emakumezko graduatu bi, Sara Caballero Bombín eta Marina López Díez, orain dela gutxi egin den BAFE (barneko farmazialari egoiliarra) azterketako ehun nota onenen artean daude. Azterketara 1.344 pertsona aurkeztu ziren, deitutako 352 plazetako bat lortu ahal izateko. Azterketa gaindituta, orain espezialitate bat aukeratu beharko dute; esate baterako Ospitale Farmazia eta Lehen Mailako Arreta, Mikrobiologia Klinikoa, Analisi Klinikoak, Biokimika Klinikoa, Immunologia edo Erradiofarmazia.

“Farmaziako gradua bukatzen duten pertsona gehienak farmazietan lan egitera joaten dira, % 70 inguru; hortaz, BAFE azterketa egiten duten pertsonak nahiko gutxi izaten dira –esan dute ikastegitik‑. Aurten UPV/EHUko 50 ikasle aurkeztu dira, azken urteetako promozioetakoak, eta horien artean zeuden 15 graduatu berri, 2023/2024 promoziokoak. 50 horietako 11k plaza lortu dute, behin‑behineko emaitzen arabera”.

“Emaitzak ikusita, esan dezakegu UPV/EHUko Farmazia Fakultatean ematen den prestakuntzaren kalitatea oso ona dela. Pozik gaude emaitza horiekin, batez ere plaza lortu duten 11 ikasleengatik”, adierazi du ikastegiko dekano Mirari Ayerbe Díazek.

Ehun onenen artean

Sara Caballero Bombínek 57. postua lortu du BAFE azterketan eta hori ez zen bere helburuetako bat karrera hasi zuenean. “BAFE azterketa egiteko interesa indartu egin zitzaidan karrerako laugarren mailako udan ospitalean egin nituen borondatezko praktika batzuetan, aukera izan nuelako ezagutzeko bertatik bertara farmazialarien eginkizun garrantzitsua osasunaren esparru horretan”.

Sarak esan du azterketari aurre egiteko beharrezkoa dela ekina eta ausarta izatea. “Abentura honetan murgildu behar da jakinik ahalegin eta sakrifizio handia eskatzen duela; norberaren bizitza "geldiarazi" behar da hilabete batzuetan, eta azterketa gainditzera jarri buru‑belarri. Uste dut oso garrantzitsua dela, baita ere, akademia batera joatea prozesu honetako etapa bakoitzean nola jardun jakiteko eta, batez ere, une bakoitzean esateko daukazuna entzun dezan, gorabehera emozionalez betetako esperientzia baita.

Beste espezialitate batzuk baztertu ez arren, Ospitale Farmazia da bere lehenengo aukera. Izan ere, “nire asmoa da ospitale batean aritzea, prestakuntza jasotzen jarraitu eta tratamenduak optimizatzen lagundu, botikak behar bezala ematen direla bermatzeko, eta gainerako osasun langileekin elkarlanean jardun, kalitateko arreta emateko gaixoei”.

Bestalde, Marina López Díezek 61. postua lortu du, eta hori ere ez zen bere helburuetako bat karreran “Doktorego bat egitea pentsatu nuen baina, tamalez, baldintzak nahiko txarrak dira eta horrek atzera bota ninduen. Hezkuntza ere asko gustatzen zait eta ez dut baztertzen egunen batean arlo horretan aritzea”.

Aitortu du halako proba bat egiteak esfortzu mental handia eskatzen duela, “zaila delako horrenbeste denbora eta ahalegin eskaintzea ondo aterako den ez dakizun zerbaiti”. Oraindik ez daki zer egingo duen, Ospitale Farmazia, Analisi Klinikoak edo Mikrobiologia Klinikoa, Euskal Autonomia Erkidegoan edo Katalunian. “Ez daukat ezer erabakita, ospitale bat edo beste aukeratzeko, bertan giro ona dagoela jakin beharko dut", azaldu du Marinak.

Eta etorkizunari begira ez du baztertzen, ospitaleko etaparen ostean, “norabidea aldatu eta ospitale batean ez jarraitzea, ikusiko da. Denborak erakutsiko du, orain prestatzen jarraitzea eta lana ahalik eta ondoen egiten saiatzea tokatzen da”.