euskaraespañol

DNA anomaloaren erantzun immunea argitzen

Sergio P. Acebrón UPV/EHUko Ikerbasque ikertzailea buru duen ikerketa batek DNA anomaloaren erantzun immunea bistaratzeko funtsezko tresna bat garatu du, gaixotasunak tratatzeko bide berriak irekiz.

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/03/19

Sergio P. Acebrón

EMBO Journal aldizkari ospetsuan argitaratu dute ikerketa, eta tumore batzuek immunitate-sistemari zergatik ihes egiten dioten erakusten du; prozesu horiek eredu biologiko konplexuetan ikusteko metodo bat ere eskaintzen du.

Gure zelulek cGAS izeneko DNA detektagailua dute. Birus- eta bakterio-infekzioei, zelulen heriotzari eta minbiziak eragindako eraldaketari buruzko informazioa ematen dio sistema immunologikoari. Sergio P. Acebrón Ikerbasque Ikerketa Irakaslea (UPV/EHU eta Heidelbergeko Unibertsitatea) buru duen ikertzaile-talde batek prozesu zelular hori “berrerabili” du biosentsore fluoreszente berri bat sortzeko. EMBO Journal aldizkari ospetsuan argitaratu da ikerketa, eta tresna biomediko bat eskaintzen du, zelula-populazioetan DNA anomaloaren berezko erantzun immunea ikusteko aukera ugari ematen dituena.

Gure zelula bakoitzak bere informazio genetikoa gordetzen du nukleoan (DNA genomikoa) eta mitokondrioetan (DNA mitokondriala). Bide molekular kontserbatu batek, cGAS, STING eta IRF3 proteinek kontrolatzen dutenak, konpartimentu horietatik kanpo DNA detekta dezake eta inguruko zelulei eta sistema immunologikoari jakinarazi diezaieke bigarren mailako mezularien bidez, cGAMP eta Interferon, esaterako. Hala, sistema horrek "labana suitzar" gisa jokatzen du, eta kaltetutako zeluletatik babesten du gorputza; zelula horiek, askotan, nukleotik kanpoko DNA zatiak eta/edo mitokondrioak izaten dituzte, baita infekzio biral eta bakterianoetatik eratorritako kanpoko DNAren aurka ere.

Funtsezko zelula-detektagailu bat

Prozesu horien desarautzeak zerikusia du birus-infekzioetan eta minbizian immunitate-erantzunaren aurreko erresistentziarekin; aldiz, horien aktibazio anomaloa gaixotasun autoimmuneekin lotzen da. Ikerketa honek erakusten du STING eta IRF3 aktibatuen arteko elkarrekintza funtzionalaren ingeniaritza erabil daitekeela cGAMP zelula barneko eta zelulaz kanpoko mezulariari emandako erantzunaren espazio-denborazko dinamika heterogeneoa atzitzeko. Biosentsore fluoreszente berri honek, irudiak aztertzeko tresnekin batera, aukera ematen du banakako zelulek eta zelula-populazioek herpesaren birusak eragindako infekzioari, apoptosian mitokondrioko DNA askatzeari eta bestelako DNA anomaloaren iturriei ematen dieten erantzuna ikusteko.

Tumore-garapena DNA genomikoa duten kromosomen segregazio-akatsekin lotuta egon ohi da, eta horrek nukleoaren estrabasazioa eragin dezake. Biosentsore berria erabiliz, ikerketak agerian utzi du gaizki bereizitako kromosomek ez dutela berezko erantzun immunea aktibatzen STING bidez, seguru asko histonek DNA genomikoa modu naturalean paketatzen dutelako. Aurkikuntza hori garrantzitsua da; izan ere, zenbait saiakuntza klinikok STING proposatu dute ezegonkortasun kromosomikoa duten tumoreen aurkako helburu terapeutiko posible gisa.

Aurrerapen bat komunitate zientifikoarentzat

Azterketa hori aurrerapauso handia da sortzetiko erantzun immunearen arloan; izan ere, prozesu horiek eredu biologiko konplexuetan ikusteko metodo bat eskaintzen dio komunitate zientifikoari.

Ikerbasque Fundazioak, Boehringer Ingelheim Fondsek eta Heidelbergeko Unibertsitateko bikaintasun programak finantzatu dute ikerketa hau.

Informazio gehigarria

Acebronlab ikerketa taldeak egin du ikerketa, Ikerbasqueko Sergio P. Acebrón Ikerketa Irakaslea buru dela (EHU eta Heidelbergeko Unibertsitatea).

Erreferentzia bibliografikoa