Mikel Bernal UPV/EHUn graduatu den psikologoa bigarren postuan geratu da BAPE probetan
UPV/EHUko bost graduatu, BAPE probetako 100 nota onenen artean
Lehenengo argitaratze data: 2025/02/07
![](https://www.ehu.eus/documents/59339073/60619653/UPV-EHU-PIR-collage_web.jpg/949555da-543b-c009-a1d3-21a501c9a0ef?t=1738936888791)
UPV/EHUko Psikologia Fakultateko bost graduatu kokatu dira Barneko Psikologo Egoiliarrentzako (BAPE) azterketako 100 kalifikazio onenen artean. Azterketa urtarrilaren 25ean egin zen. Behin behineko emaitzen arabera, hauxek dira: Mikel Bernal Arrucea (Zornotza) 2. lekuan geratu da; Oihana Aguirreurreta Galarraga (Vitoria-Gasteiz) 27.a da; Mireia Etxezarreta Tolosa (Beasain), 49.a; Paula Gonzalez Suso (Donostia), 68.a, eta Joel de Francisco Collado (Vitoria-Gasteiz), 73.a. Guztira, UPV7EHUko 11 graduatuk lortu dute plaza barneko psikologo egoiliar gisa (BAPE).
Eneritz Gómez Lázarok, Psikologia Fakultateko dekanoak, zoriondu nahi izan ditu “barneko psikologo egoiliar gisa plaza lortu duten 11 graduatuak, baita gure Fakultatean sentitzen dugun harrotasunaren berri eman ere". Gómez Lazarok azaldu duenez, "emaitza hauek gure ikaslearen prestakuntza bikaina eta Psikologia Fakultateak gizartearekin duen konpromisoa islatzen dute, osasunaren arloan profesional bikainak eskainiz". Era berean, plazarik gabe geratu diren baina “saiatu diren eta berriro saiatuko diren” ikasleentzako esker ona adierazi du: "Eskerrik asko zuen konpromisoagatik, ea etorkizun hurbilean plaza gehiago egongo diren osasun sare publikoan".
Graduatuei dagokionez, Mikel Bernalek baieztatu du orain arte aurre egin behar izan duen "lorpen akademiko zailena" izan dela PIR azterketa, eta "oso gogorra.. "Hala ere, dena hasi zen lekua gogoratzen dudanean poztu egiten naiz: nire Psikologia Fakultatea. Gaur egun naizen pertsonaren zati bat bertan ezagutu nituen pertsonei eta inspiratu ninduten irakasleei esker da ", adierazi du.
Oso pozik azaldu da Mireia Etxezarreta, eta ikasketa garaia positiboki baloratu du: “EHUko Psikologia Fakultatean hasi nuen nire formakuntza, eta bertan eman zidaten psikologia klinikoarekin lehen kontaktua izateko aukera, graduko praktiken bitartez. Aukera ederra izan zen eta honek bideratu ninduen PIR-a prestatzen hastera”.
Paula Gonzalezek onartu du oraindik asimilatzen ari dela: "Bide gogorra izan da; ordu asko ematen dituzu eta gauza asko sakrifikatzen dituzu plaza bat lortzeko gutxieneko bermerik izan gabe. Baina ahalegin horrek guztiak merezi izan du azkenean ".
Oihana Etxezarretak nabarmendu du ikasketa “oso zorrotza eta zaila” izan dela, eta kritiko azaldu da plaza-kopuruei eta errekonozimenduari dagokionez: “Azterketak ez zuen aukera eman dakiguna adierazteko, oso prestatuta zegoen jendea ere kanpoan geratu da. Espero dut datorren urtean gehiago baloratzea psikologoek egiten dugun lana eta gero eta plaza gehiago egotea”.
Ildo horretatik, Joel de Franciskok azpimarratu du "EHU-k PIR formakuntzaren aldeko apostua egiteko momentu aproposa dela": "Ikasle trebe eta bikainak daude eta gizarteak profesional formatuen beharra du. Fakultatean oso baliogarriak egiten zitzaigun esperientzia klinikoa zituzten irakasleekin aritzea".
2024-2025eko Osasun Prestakuntza Espezializaturako deialdirako, Osasun Ministerioak 274 plaza eskaini ditu Psikologia Klinikoko espezialitaterako (BEP).