euskaraespañol

Eguneko irudia

Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak Erdi-mailako Ziurtagiria lortu du BIKAIN ebaluazioan

Bizkaiko Campusak Eusko Jaurlaritzak emandako euskara ziurtagiri ofizial eta publikoa lortu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/01/24

UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Zuzenbide Fakultatea

Jakina denez, BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofizial eta publikoa da. Horrek esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du.

Ebaluazioaren ebazpena, 2025eko urtarrilaren 20an iritsi da. Txosten horretan, Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak lortutako Puntuazio eta Garapen-mailaren berri ematen da xeheki. Hauxe da lortutako puntuazio-tartea, guztira: 700-750. Horrek esan nahi du BIKAIN Euskararen Erdi-mailako Kalitate-ziurtagiria lortu duela (lehen Zilarra esaten zitzaiona). 

Ebaluatzaile taldeak ebaluazioa egin ondoren ikusi dizkion indarguneak azaldu eta hainbat gomendio egin ditu euskararen erabileran eta kudeaketan aurrerabidea egiteko. 

Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak 2022an ekin zion BIKAIN ziurtagiriaren ebaluazioa prestatzeari errektoreorde Gorka Morenoren ekimenez, 2023an ebaluaziora aurkezteko helburuarekin. 

Eusko Jaurlaritzak ebaluazioan aldaketak ezarri behar zituela eta, BIKAIN dekretu berria argitaratzeko data hainbat hilabetez atzeratu zen 2023an. Azkenean, 2024an landu eta osatu da ebaluaziorako txostena. Azken urtean, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskaren IV. Plan Gidaria landu eta atontzearekin batera, Euskara errektoreorde Junkal Gutierrezek eta Euskara Sustatzeko zuzendari Itziar Lakak UPV/EHU osoko ikastetxe eta zerbitzu guztiak animatu dituzte Bikain ebaluaziora aurkeztera; baita laguntza eskaini ere ziurtagiria osatzeko. Halaxe aurkeztu dira Bizkaiko Campuseko Errektoreordetza eta Bilboko Ingeniaritza Eskola. 

Bizkiako Campuseko Errektoreordetzan, BIKAIN ziurtagiriaren ebaluazioa prestatzen eta lantzen lantalde honek parte hartu du: Ibai Barrenetxea, Itziar Mallona, Idoia Igartua, Leyre Hernandez, Xabier Murelaga eta Beatriz Zabalondo.