euskaraespañol

Eguneko irudia

Elena Vecino eta Luis López Vecino

Baleek zuri-beltzean ikusten dute

UPV/EHUko Zelulen Biologiako katedraduna eta Salamancako Unibertsitateko 3D aplikazio interaktiboen eta bideojokoen garapeneko graduko irakasle elkartua, hurrenez hurren

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/10

Balearen begiko gorputz leizetsuaren bena, kolageno-zuntzez inguratua. Ekortze-mikroskopia elektronikoko argazkia. | Argazkia: Elena Vecino eta Luis López.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

2019 eta 2021 artean Espainiako hainbat hondartzatan hondoa jotako hiru balearen begiak aztertu ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza FakultateanHoriek aztertzea lagungarria egin zaigu baleek nola ikasten duten jakiteko.

Gure ikerketarako erabilitako hiru baleek antzeko neurriak zituzten: 18 metro inguruko luzera eta 20 tonako pisua. Begi bakoitza eskubaloiko pilota baten neurrikoa zen (13 cm-ko diametroa) eta kilo bateko pisua zuen.

Sakoneran bizirauteko begiak

Baleak ‘Balaenoptera’ familiako zetazeoak dira, eta euren abiaduragatik eta aerodinamikagatik dira ezagunak. Hori dela eta, ‘itsasoko galgoak’ ezizenez ere ezagutzen dira.

Itsasoko animalia horiek ez dute hortzik, eta ozeanoaren gainazaleko eremuetan krilla iragaziz elikatzen dira. Baleen organoak itsas ingurunera egokitu dira, bereziki, begiak. Hala, ezaugarri berdingabeak dituzte sakoneran bizirauteko.

Hondoa jotako baleak

2019ko otsailean Helena ekaitzaren ondoren Sopelan (Bizkaia, Euskal Herria) hondoa jotako balea arrunt batena zen lehenengo begia. Haren begiak eskura izateak aukera eman zigun azterketa anatomikoak eta molekularrak egiteko, baita neurona ganglionarrak eta erretinako glia zelulak (Müllerren glia izenez ezagunak) kultibatzeko ere.

Bigarren begia, balea boreal batena, Tapia de Casariegoko (Asturias) hondartzan eskuratu zen, 2021eko urtarrilean, Filomena denboralean zehar. Material horrek aukera eman zuen aurreko aurkikuntzak baieztatzeko eta etorkizuneko ikerketetarako Müller zelulak betikotzeko.

Hirugarren begia 2021eko maiatzean Tavernesen (Valentzia) hondoa jotako balea batena zen. Kasu horretan ere, beste ale batzuekin egindako azterketa anatomikoak eta molekularrak berresteko balio izan zigun balearen begiak. Hainbat aldizkari zientifikotan argitaratu ziren emaitzak.

Begiaren egokitzapen anatomikoak

Aparteko egokitzapenak topatu genituen baleen begietan. Horiei esker, itsasoaren sakonerako presio altuak eta argi eskasia jasan ditzakete:

  • Kornea, begira argia sartzea ahalbidetzen duena, gizakiarena baino lau aldiz lodiagoa da. Errefortzu horrek, esklerarekin batera, itsas habitat sakoneko muturreko presioen aurrean babesten du ikusmenaren organoa.
  • Baleen kristalinoa esferikoa da, itsasoaren azpiko ikusmena errazteko; lehorreko ugaztunen kasuan, berriz, lentikularra da.
  • Esklera edo begiaren zati zuria oso oso lodia da zetazeoetan: 4 zentimetrora arte iristen da; gizakien kasuan, milimetro erdiko lodiera du. Kolageno gogortuaz osatuta dago. Hala, erretina babesten du, kutxa baten barruan egongo balitz bezala.
  • Nerbio optikoa inguratzen duen ehuna da gorputz leizetsua, eta hainbat odol hodi eta muskulu liso ditu. Balearen kasuan, odolez betetzen denean, kanporantz bultzatzen du begia. Hala, fokuratzea ahalbidetzen dio, teleskopioak egiten duen antzera.

‘Itsasoko ugaztunak’ liburuko ‘Nola ikusten dute baleek?’ kapituluan argitaratu dira emaitza horiek.

Ikusmenaren ezaugarriak: zuri-beltzeko ikusmena

Gure analisiak ezagutzera eman zuenez, baleen erretinak ez du konorik; koloreak eta argi bizia jasotzeaz arduratzen diren zelulak dira horiek. Aitzitik, makilaz bakarrik dago osatuta. Makilak argi intentsitate baxuekiko sentikorrak dira, eta argi gutxi dagoenean funtzionatzen dute.

Horrek adierazten du baleek zuri-beltzean bakarrik ikusten dutela; ozeanoko ingurune ilunera egokitu dira.

Gainera, neurona melanopsinikoak oso garatuta dituzte baleek; argia/iluntasuna zikloen (erritmo zirkadianoak) gaineko informazioa bidaltzen diote zelula horiek garunari. Horrek adierazten digu argiarekiko sentikortasun altua dutela, eta argi intentsitate aldakorrak hauteman ditzaketela hainbat hemisferiotan; horrek orientatzen lagun liezaieke.

Baleen begiak handiak diren arren, neurona ganglionarren dentsitate oso baxua dute; informazio bisuala prozesatu eta garunera bidaltzeaz arduratzen dira horiek. Horrek esan nahi du mugatua dela garunera iristen diren seinale bisualen kopurua. Ondorioz, ikusmen murriztua dute, ‘Frontiers in Anatomy’-n argitaratutako azterlanean adierazi dugun moduan. Modu metaforikoan hitz eginda, ikusmen murriztuaren bereizgarria eraman lezakete baleek.

Aitortza artistikoak

Balio zientifikoa izateaz gain, ikerketa honetan zehar egindako argazkiei euren edertasuna aitortu diete, eta Estatuko zein nazioarteko hainbat sari irabazi dituzte; horien artean, ‘Scientific AmericanNeuroArt.

Estatuko eta nazioarteko zazpi itsas museo, argazki museo eta arte galeriatan ikusgai jarri dituzte argazki horiek. Une honetan Madrilgo Natura Zientzien Museo Nazionalean daude erakusgai, eta bertan egongo dira maiatzaren amaierara arte.

Pertsona itsuei eta ikusmen murriztua dutenei egokitu zaizkie erakusketak. Hala, argazki testurizatuak, audiogidak eta zinta podotaktilez markatutako ibilbideak txertatu dituzte. Gainera, ikerketaren historia (hasieratik erakusketara bitartean) kontatzen duten hiru bideo editatu ditugu: ‘Elena eta balea’; ‘Nola ikusten dute baleek?’ eta ‘Nola egokitu argazki erakusketa bat ikusten ez duten pertsonentzat’.

Baleak itsas ingurunean bizitzea ahalbidetzen duten egokitzapen anatomikoak eta funtzionalak sakon ezagutzeko aukera eman digu hiru balea horien begiak aztertzeak. Aipatutako ikerketek, zetazeo horien biologia argitzen laguntzeaz gain, museora eramanda, gure ozeanoen biodibertsitatea zaintzearen eta ikertzearen garrantzia nabarmentzeko balio dute.

The Conversation