Badator EHUazoka: Unibertsitate Orientaziorako Azoka
Gipuzkoako Campusean, urtarrilaren 25en egingo da; Arabako Campusean, otsailaren 1en, eta Bizkaiko Campusean, otsailaren 8an
Lehenengo argitaratze data: 2025/01/23
Larunbatean, urtarrilak 25, Gipuzkoako Campusean, Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateak bere hiru campusetan antolatzen dituen EHUazoketako lehena izango da. EHUazoka, Euskal Herriko Unibertsitateko Unibertsitate Orientaziorako Azoka, aukera paregabea da etorkizuneko ikasleek Euskal Herriko Unibertsitateak 2025-2026 ikasturtean eskainiko dituen graduko ikasketak gertutik ezagutzeko. Horren bidez, unibertsitate publikoak orientazioarekin duen konpromisoa agerian jartzen da, unibertsitate aurreko ikasleek egingo dituzten titulazioak aukeratzerakoan erabakiak behar bezala hartzeko funtsezko tresna den aldetik.
Aurten, azoka urtarrilaren 25en egingo da Gipuzkoako Campusean, otsailaren 1en Arabako Campusean eta otsailaren 8an Bizkaiko Campusean. EHUazokaren hiru jardunaldietan, fakultate eta eskola guztietako irakasleek arreta pertsonalizatua eskainiko diete unibertsitate aurreko ikasleei standetan, eta informazio-saio kolektiboak ere egingo dira. Horrela, EHUazoka aukera bat da gure unibertsitatea eta graduko ikasketen eskaintza hobeto ezagutzeko eta etorkizuneko unibertsitate-ikasketei buruzko zalantza guztiak argitzeko.
Standetarako sarbidea librea izango da, baina derrigorrezkoa da izena ematea informazio-saio kolektiboetara joateko. Saio horietarako izena emateko epea urtarrilaren 20tik 24ra bitartean izango da Gipuzkoan, urtarrilaren 27tik 31ra Araban, eta Bizkaian otsailaren 3tik 7ra. Izen-ematea zabalik egongo da informazio-saio bakoitzeko plazak agortu arte.
Izen ematea orrialde honetan egingo da:
Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/sou/orientazio-programa/azokak
2025-2026 ikasturteko gradu eskaintza: https://www.ehu.eus/eu/web/graduak/graduak