euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak ateak irekiko dizkie etorkizuneko ikasleei

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/26

Unibertsitate aurreko ikasleak Kimika Fakultateko laborategi batean | Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitatea martxoaren 14tik 22ra hogei fakultate eta eskolatan egingo diren Ate Irekien Jardunaldiak antolatu ditu. Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan eta Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan ere, biak ala biak UPV/EHUri atxikiak.

Asier Blas Ikasleen eta Partaidetzarako Errektoreordeak nabarmendu duenez, "EHUazoken ostean datoz ate irekiak. Etorkizuneko ikasleei beharrezko laguntza eta orientazioa eskaintzea lehentasuna da unibertsitatearentzat eta bidelagun izan nahi dugu prozesu osoan zehar. Hitzordu hauen bitartez, interesatzen zaizkien graduak ezagutzeko ateak zabalduko dizkiegu ikasleei".

Ate Irekien Jardunaldiak 2025-2026 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak hasi nahi dituzten ikasleei zuzenduta daude. Jardunaldi horietan, ikasleek izena eman duten Euskal Herriko Unibertsitateko eskola edo fakultatea bisitatu ahal izango dute, batzuetan laguntzaile batekin batera, eta, horrela, haien instalazioak eta baliabideak ezagutu ahal izango dituzte. Era berean, beren intereseko gradu-ikasketen berri izan ahal izango dute xehetasunez, eta, horrela, unibertsitate-ikasketei buruzko erabakia hartzeko behar duten orientazio guztia lortu ahal izango dute.

Izen ematea martxoaren 3tik 9ra izango da. Plazen kontsulta denbora errealean egingo da (esteka martxoaren 3an aktibatuko da). Izen-ematea banakakoa eta nahitaezkoa da. Laguntzaileei zuzendutako jardunaldietan, baldin eta hala adierazten bada, bakarrik eman dezakete izena laguntzaileek.

Esteka honetan eskaintzari eta izena emateko prozesuari buruzko informazio guztia.