Ankarako Unibertsitateak aitorpena egin dio Julio Calleja katedradunaren lanari
Lehenengo argitaratze data: 2024/12/02
Julio Calleja González katedradunak, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak, bere ibilbidearen aitorpena jaso du, kirolarien indarberritzearen arloan kirol zientziei egindako ekarpenagatik. Ekitaldia azaroan izan zen, Ankaran (Turkia), Kirol Zientzien Nazioarteko XXII. Biltzarraren barruan. Julio Callejarekin batera, Serbiako Unibertsitateko Ivana M. Milanovic doktoreak ere jaso zuen saria. Nese Sahin doktore katedradun andreak eman zien, Ankarako Unibertsitateko (Turkia) Kirol Zientzien Fakultatearen izenean.
Julio Calleja UPV/EHUko doktorea da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan, Espainiako Batzorde Olinpikoko eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko masterduna Kiroleko Goi Errendimenduan, UPV/EHUko masterduna Kirolaren Zientziei buruzko Ikerketan eta UCAMeko eta LFPko masterduna Lesioen Prebentzioan eta Berregokitzapenean.
Gaur egun, UPV/EHUren Gorputz eta Kirol Hezkuntza saileko irakaslea da, Zagrebeko (Kroazia) Faculty of Kinesiologyko ohorezko irakaslea eta Espainiako Batzorde Olinpikoko Goi Mailako Ikasketen Zentro Olinpikoko irakaslea 2016tik.
Eskolak ematen ditu hogeita hamar master eta doktoregotan hainbat unibertsitatetan (Costa Rica, Espainia, Italia, Kroazia, Portugal, Serbia). Eliteko kirolarien entrenamendua eta fisiologia dira bere ikergaiak, eta bereziki interesatzen zaio talde kiroletako nekearen ostean kirolariek indarrak berreskuratzeko prozesua.