euskaraespañol

Eguneko irudia

ALINA DANET, GRANADAKO UNIBERTSITATEKO ZIENTZIA POLITIKOKO IRAKASLEA

Alina Danet: «Muturreko eskuinaren diskurtsoak gizon gazteen beldurrekin konektatzen du »

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/27

Estíbaliz de Miguel (Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan Masterreko arduraduna) eta Alina Danet (irakasle eta ikertzailea) | Argazkia: Laura López. UPV/EHU

Alina Danet Granadako Unibertsitateko irakasle iraunkor lan-kontratuduna da, bai eta Zientzia Politikoetako eta Soziologiako Fakultateko Ikasleen, Partaidetzaren eta Gizartearekiko Harremanen arloko dekanordea ere. Osasun Publikoko eta Epidemiologiako CIBERESP (Centro de Investigación Biomédica en Red) ikerguneko ikertzailea ere izan da Osasun Publikoaren Andaluziako Eskolan, eta aditua da Generoaren eta Osasunaren esparruan. Askotariko gaiak ikertu ditu osasunaren eta osasun administrazioen antolaketaren arloan; eta, azken urteetan, populazio gaztearen polarizazio politikoa eta muturreko eskuinaren gorakada aztertu ditu batez ere, ikerketetan genero ikuspegia txertatuta.

UPV/EHUn ikastaro bat ematen duzu Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan Masterrean, diskurtsoaren analisi kritikoari buruz, genero ikuspegia aintzat hartuta. Zertan datza diskurtsoaren analisi kritikoa ikerketa soziologikoan?

Ikerketa sozial kualitatiboko paradigma metodologiko handietako bat da. Diskurtsotzat hartzen dugu ez soilik komunikatzen dena, baizik eta komunikazio prozesu horren atzean dagoen eraiketa osoa: nola sortzen da informazio hori ideologiaren eta hizkuntzaren ikuspuntutik, nola txertatzen da subjektiboki eta kolektiboki norbanakoen eta gizartearen egitura eta kontzientzietan. Diskurtsoaren analisi kritikoaren puntu nagusietako bat da diskurtsoak sortzeko prozesua ardazten duten botere harremanekiko interesa, eta desberdinkeria eta asimetria guztien baitan, generoa ezinbesteko ardatza da.

Nola txertatzen da genero ikuspegia Gizarte Zientzien arloko ikerketan?

Eztabaida handia dago generoari eta haren teorizazioari buruz mugimendu feministen barruan. Generoari buruz hitz egiten dugunean, konstruktu sozial bati buruz ari gara, gure existentzia markatzen duten alde guztiei eta, batez ere, desberdinkeria guztiei buruz, jaiotzean esleitutako sexuaren arabera. Ildo horretan, generoa kontrol sozialeko sistema konplexu baten bidez adierazten eta erreproduzitzen da, eta sari eta zigorren sistemaren bidez funtzionatzen du. Beste alde batetik, generoak askotariko identitateak, esanahiak, manifestazioak, adierazpenak eta sentimenak barne hartzen ditu; eta ez soilik modu binarioan (gizonak eta emakumeak), baizik eta generoaren espektro zabal baten barruan.

Genero ikuspegia txertatzeak esan nahi du garen guztia desberdinkeria horien eraginezkoa ere badela ulertzeko sentsibilitatea izatea, subjektibotasun intimoetatik eraikuntza sozialeko, eta fenomeno eta egitura sozialen prozesu handietara, erakundeak eta askoz gehiago ere aintzat hartuta.

«Genero-ikuspegia txertatzea da ulertzea garen guztia desberdinkerien eraginezkoa ere badela»

Feminismoen kontzeptuak logika aktibista bat gehitzen du, ekintzarako eta aldaketarako prest dagoen begirada kritiko baten parte delarik. Nire lanean genero ikuspegia erabil dezaket eta desberdinkeriekiko arreta eta sentsibilitatea erakutsi, baina, gainera, feminista banaiz, (ber)ekiteko eta alda daitezkeen desberdinkeriazko errealitateei erantzuna emateko konponbideak eta formulak bilatzeko prest dagoen begirada kritiko hori ere gehitzen dut.

Inkesten arabera, muturreko eskuineko espektro ideologikoa indarra hartzen ari da Europa osoan, eta eragin berezia du gazteengan. 2024ko iraileko 40DB Barometroaren emaitzen arabera, esaterako, 18-26 urte arteko gizonen % 25,9k eta emakumeen % 18,3k adierazi dute autoritarismoa nahiago dutela demokraziaren aurrean. Zer azalpen dauka fenomeno horrek?

Muturreko eskuinaren gorakada azken urteetako konstante politikoa da, eta ez soilik Espainiako Estatuan, baita Europar Batasuneko estatuetan eta mundu mailan ere. Faxismoak, neofaxismoak, muturreko eskuina eta antzekoak azaltzen ari dira. Baina ez naiz eztabaida kontzeptual horretan sartuko. Interesgarriena da diskurtso populista horiek gizartea polarizatzeko duten gaitasuna aztertzea; bereizten gaituzte, sinbolikoki (bir)irudikatzen dute “onen” eta “gaiztoen” arteko bereizketa, “gureen” eta “besteen” artekoa. Orientabide populista horretan, muturreko eskuinak argi eta garbi kokatzen du “guk” hori ikuspegi natibistan: “hemen jaio garenak”, “ni bezalakoak direnak”; eta, horrela, erabat eraikia eta irudikatua den zerbaiten parte sentitzen diren komunitate faltsuak sortzen dituzte. Engainua da, baina emozionalki kohesio indartsua eragiten du. Eta hori da, hain zuzen ere, gakoa: “artatzen eta ulertzen nauen, salbatuko nauen, ordezkatzen nauen” komunitate horren parte sentiaraztearekin jokatzen da; izan ere, “komunitate horretan zentzua du bizitzeak, babestuta nago, eroso sentitzen naiz, eta abar”.

Emakumeekiko eta, are gehiago, mugimendu feministekiko harremanari dagokionez, muturreko eskuinak mehatxuaren pertzepzioa zabaltzen du. Ideologia hori duten gizonak beldur sentsazio horretan jausten dira, beldur hori barneratzen dute, eta emakumeak etsaitzat hartzen dituzte, arriskua ekartzen duten “beste batzuk” dira. Eta fenomeno hori are gehiago areagotzen da borroka feministak maila sozialean eragiten duenean, eta are gehiago oraindik, mugarri politiko garrantzitsuak lortzen dituenean, Espainiako Estatuan gertatzen ari den moduan.

Nola eraikitzen da muturreko eskuinaren diskurtsoa?

Muturreko eskuinak “besteek” mehatxatzen duten “guk" bat jartzen du erdigunean. “Besteak” horiek, nagusiki, migrazio prozesuen (eta horiei lotutako kultura, hizkuntza eta erlijio aniztasunaren), emakumeekiko harremanaren eta mugimendu feministen edo ekologisten inguruan eraikitzen dira. Ikusten dugu modu operatiboan eta gero eta biziagoan adierazten dela lanean, landa eremuan, hezkuntzan, familian; egia esan, instituzio sozial guztietan. Izan ere, haren helburua da diskurtso publikoetan murgiltzea. Ikusgarritasun sozial eta bero emozional horren bilaketan, muturreko eskuinaren populismoa “zerbaiten kontra” altxatzen da. Oso ongi definitutako “gu” batetik abiatu ordez, “besteei” oposizioa eginez eraikitzen da. Kohesio elementuak eta hizkera propioa ere bilatzen dira (aberria, nazioa, etab.), baina diskurtsoa, batez ere, “zerbaiten kontrakoa” da: mugimendu feministaren kontrakoa, mugimendu ekologistaren kontrakoa, ezkerraren kontrakoa, ekoizpen sistema eta erakunde berrien kontrakoa, tradizionala ez den beste edozein familia ereduren kontrakoa...

Zergatik dute arrakasta horrelako diskurtsoek gazteen, eta batez ere gizonen, artean?

Muturreko eskuinaren diskurtsoak arrakasta du gizon gazteen artean emozionalki konektatzen duelako haien beldurrekin. Eva Illouz eta Ruth Wodak ikertzaileek, besteak beste, beldurraren politika horren potentzial emozionala aipatzen dute. Pertsonengan beldurraren hazia ereiten baduzu mehatxatuta senti daitezen ─egungo politikarekiko desafekzio edo desengainu une batean─, erreakzio emozional potentea lortzen da. Eta horri gehitzen zaio salbaziorako itxaropenaren politika. Muturreko eskuineko liderrek salbatzaile irudia proiektatzen dute, beren buruak mesias gisa aurkeztuta.

«Espazio digitalean emakumeen kontrako identitate maskulinoak sortzen dira»

Horrez gain, Ruth Wodakek “lotsagabearen normalizazioa” izendatzen duen fenomenoa ere badago. Horrelako gizonei jada ez die lotsarik ematen edo kezkarik eragiten “zerbaiten kontrako” baieztapen horiek egiteak, gorrotoa adierazteak; batez ere sare sozialetan. Eta horri guztiari gehitzen zaizkio, halaber, erreminaren politika eta nazkaren politika... Ildo horretan, Diane Bolet politologoak adierazten du gazteek, batez ere gizonek, beren gurasoekin eta aitona-amonekin alderatzean, estatus soziala galdu dutela sentitzen dutela.

Muturreko eskuinaren diskurtsoak argi adierazten du fenomeno horren errudunak zein diren: “hona datozen eta lana kentzen diguten” migratzaileak, “ingurumena defendatu eta lurrak lehen bezala lantzea eragozten duten” arauak eta erregulazioak, Europak Batasunak “inposatutako” politikak, “hemen lan egiteko modua aintzat hartzen ez dutenak”... Diskurtso horiek guztiak barneratu egiten dira eta nazka, erremin, beldur eta salbaziorako itxaropenaren oinarri emozionalak ezartzen dituzte.

Eta zein da emakumeekiko diskurtsoa?

Emakumeei dagokienez, diskurtsoak logika berbera dauka atzean. Emakumeak etsaiak dira “lanpostuak eta aukerak kentzen dizkigutelako”. Baina beste aldagai oso interesgarri bat ere gehitu beharra dago; izan ere, harremanak, familia, seme-alabak, harreman afektibo-sexualak, eta abar ere daude tartean. Muturreko eskuinak familia tradizionalaren aldeko mezuak zabaltzen ditu, abortuaren kontrakoak, patriarkatuaren arau sozialak indartzen dituztenak. Diskurtso publikoen mailan, anonimotasunaren babespean, manosfera “adierazpen askatasunerako” espazio gisa finkatu da, eta testuinguru horretan emakumeen izena zikindu, iraindu, mehatxatu eta askoz gehiago ere egin daiteke. Espazio digitalean emakumeen "kontrako” identitate maskulinoak sortzen dira: incel (borondatezkoak ez diren zelibatuak), PUA (pick up artista edo sedukzioaren artistak), MGTOW (men going their own way, beren kabuz doazen gizonak), edo MRA (men rights activists, gizonen eskubideen aldeko aktibistak).

Ezkerrak badu diskurtsorik arazo eta beldur horiei erantzuteko?

Ezkerrak eskubide sozialak defendatzen ditu; eta, oro har, diskurtso feministak babesten ditu. Hala ere, muturreko eskuineko ideologia duten gizonek ez dituzte ezkerraren premisa ideologikoak eta diskurtsiboak entzuten edo horietan arreta jartzen. Askotan mezuak ere ez zaizkie iristen, audientzia horiek beren sare sozialetan murgilduta baitaude, etengabeko atzeraelikadura prozesuan, muturreko eskuinaren mezuak botatzen eta errepikatzen.

Zer egin daiteke beste diskurtso batzuen bidez muturreko eskuinaren diskurtsoak barneratuta dituzten gizon gazteekin konektatzeko?

Ez da erraza; batez ere beren oihartzun kameran daudelako. Hau da, entzun nahi dutena besterik ez dute entzuten. Ez dira beste diskurtso batzuk entzuteko prest egongo. Eta horri gehitu behar zaio posegiaren politika osoa, buloena, desinformazioarena; izan ere, hori guztia egia handi bihurtzen da haientzat. Posegian, “egitate alternatiboetan”, informazioa ezin da kontrastatu, baina horrek ez du axola. Zientziaren eta intelektualismoaren kontrako mugimendu handia dago... Horrenbestez, ezkerraren diskurtsoak oso urrun daude publiko horrengandik. Eta ezkerraren zatikatzea ere beste desabantaila handi bat da. Ez dago kohesiorik edo akordiorik mugimenduaren barruan, eta horrek are gehiago zailtzen du ezkerraren estrategiak efizienteak izateko aukera.

«Politika erantzukizun kolektiboa da»

Nire ikuspuntutik, eta beharbada osasunaren eta osasun erakundeen esparruan lan egin dudalako, osasun publikoaren terminologiak aplikazioa izango luke egungo politikan eta diskurtso publikoetan: prebentzio handiagoa eta diskurtso demokratikoen sustapen handiagoa behar da; izan ere, izurri baten aurrean gaude, eta oso zaila da horren aurka borrokatzea, eta are zailagoa izurria desagerraraztea.

Nola susta daitezke diskurtso demokratikoagoak?

Nire ustez, gakoa ez da erasoari erantzutea, ez eta adabakiak jartzea edo “erremedioak” bilatzea ere. Bidea prebentzioa da, balio demokratikoak sustatzea. Ezkerra langileriatik deskonektatu da, sindikatuek legitimotasuna eta babes soziala galdu dute. Ikusi dugu Voxek, hain zuzen ere, desengainu hori erabiltzen duela zaleak eta boto-emaileak erakartzeko. Hauteskundeen testuingurua oso aldakorra da; horren adibidea da PSOEren botoaren migrazioaren esperientzia, zuzenean Voxek edo SALFek jasotakoa. Horregatik guztiagatik uste dut, prebenitzeaz gain, sustapen lana egin behar dela, osasuna sustatzen den modu berean. Hori litzateke gakoa.

Beste alderdi garrantzitsu bat da zer-nolako partaidetza politikoa daukagun. Partaidetza modu zabalagoan ulertu behar da, ez baita soilik bozkatzea edo alderdi baten kide izatea. Funtsezkoa da ulertzea partaidetza politikoa erantzukizuna dela demokraziaren esparruan, eta jakin behar dugu, gainera, modu ugaritan isla daitekeela: elkarteen esparruan, komunitatean, ekintza sozialean, familia inguruan, harreman sozialetan...

Ildo horretan, ezinbesteko elementua litzateke erakunde eta balio publikoak defendatu eta sustatzea, publikoa guztiona eta, aldi berean, norberarena den zerbait gisa ulertzea. Horri dagokionez, lider politikoek erantzukizun erraldoia dute, baina ez dakit behar besteko heldutasunez eta argitasunez onartzen duten. Nolanahi ere, politika erantzukizun kolektiboa da, eta egungo errealitatea guk eraikitzen duguna eta parte hartzen dugun hori da. Horregatik, estutasun sistemikoaz eta egiturazkoaz jakitun, aldaketarako gure gaitasuna erreklamatu behar dugu. Bidezkoak, berdinzaleak, inklusiboak eta demokratikoak diren errealitateak eraikitzeko gaitasuna dugula sinetsi behar dugu.