euskaraespañol

Belaunaldien arteko jarduerak, kohesio sozialaren adibide

Gasteizko Udalak hainbat adinetako pertsonekin garatutako esperientziak ikertu ditu UPV/EHUk

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/06

Ezkerretik eskuinera, Ana Belen Fraile Bermudez, Miren Nekane Beloki Arizti, Amaia Eiguren Munitis, Idoia Imaz Aramburu eta Naiara Ozamiz Etxebarria. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Gasteizko Udalak antolatutako belaunaldien arteko esperientziak bildu eta aztertu ditu UPV/EHUk 2022az geroztik, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailaren eskarian oinarrituta eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea deialdiaren testuinguruan. Nabarmendu beharrekoa da esperientzia horietan ez duela sailak bakarrik parte hartzen. Tokiko hainbat eragilerekin, hiriko elkarte ehuna osatzen duten erakundeekin, gizarte etxeekin eta ikastetxeekin batera egiten da lan, beste batzuen artean.

Lan horren emaitza gisa, ‘Belaunaldiak elkarren ondoan: Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Sailak belaunaldien arteko esperientzien alde eginiko apustuari balioa emanez’ izeneko dokumentua argitaratu dute, hirian belaunaldien arteko jardueren garapenean izan duten ibilbideari buruzkoa. Gasteizko Udalak urtetan egin duen lana da, eta jarraitu beharreko eredutzat hartzen dute adituek, denboran zehar mantendutako konpromisoagatik eta estereotipoak murrizten, kohesio soziala handitzen eta ongizate handiagoa eskaintzen laguntzen duelako.

UPV/EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko Amaia Eiguren Munitisek eta UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko Miren Nekane Beloki Ariztik koordinatu dute ikerlana. Dena den, Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat diziplinatako adituen talde handi batek parte hartu du.

Urteetako lana

Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak belaunaldien arteko harremanaren alde egiten du 1995etik. Zehazki, denboran zehar mantendu den esperientzia bati ekin zioten urte horretan, askatasunik gabeko pertsonen eta Gasteizko San Prudentzio Adinekoei Laguntzeko Zentro Integraleko adineko egoiliarren artean. Adibide horretatik abiatua, hiru hamarkada hauetan esperientzia ugari izan dira saileko gainerako zerbitzuetan, hainbat belaunalditako pertsonen parte-hartzearekin.

Belaunaldien arteko 132 esperientzia aztertu ditu ikerlan honek, eta 6.686 pertsonak parte hartu zuten horietan. Esperientzia horiek askotariko jarduerak hartzen dituzte barne, hala nola ahozko tradizioa, artea, eskolako laguntza edota ekitaldi ludikoak zein jai-girokoak. Eta, beti, helburu komun batekin: kohesio soziala sustatzea, herritarren parte-hartze aktiboari lagunduta.

Ikertaldearen ustez, “belaunaldien arteko udal-egitasmoek ikuspegi berritzailea eta askotarikoa eskaintzen dute adin, kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako pertsonen arteko elkarrekintza sustatzeko orduan. Belaunaldien eta kulturen aniztasuna baloratzen, tokiko laguntza-sareak indartzen eta adinkeriari aurre egiten laguntzen dute”.

Esperientzia esportagarria

Ikerketaren emaitza gisa argitaratutako dokumentuak berretsi egiten du belaunaldien arteko esperientziek “onura handiak sortzen dituztela; esaterako, lotura emozionalak sortzen dira belaunaldi ezberdinetako pertsonen artean, eta elkarrengandik ikasten dute. Horrek taldeen arteko pertzepzioa hobetzen eta estereotipoak murrizten laguntzen du”. Era berean, “elkartruke horiek kohesio komunitario handiagoa eta gizarte osoaren ongizatea sustatzen dituztela egiaztatu da, eta horrek baieztatu egiten du egitasmo horiek komunitate inklusiboago eta konektatuago bat eraikitzeko orduan duten eraginkortasuna”.

Gainera, argitalpenaren kapituluetako batean bide-orri bat agertzen da, belaunaldien arteko esperientziak modu eraginkorrean martxan jartzeko eta garatzeko. Hala, belaunaldien arteko topaketak errazteko pauso garrantzitsuenak eta kontuan hartu beharreko alderdiak aipatzen ditu, ezagutzak partekatzea, elkartasuna eta elkar aberastea sustatzeko.