Mundua gero eta globalizatuagoa da, eta kulturaren eta hezkuntzaren arloko truke programak esperientzia paregabeak bizitzeko bide bilakatu dira, bai ikasleentzat bai familia hartzaileentzat. UPV/EHUk antolatzen duen Erasmus ikasleak etxean hartzeko programak aukera ematen die nazioarteko ikasleei familia ingurunean bizitzeko beren ikasketak gauzatzen dituzten bitartean; eta, era berean, familiek truke kulturala bizi dute egunerokoan.
«Erasmus ikasle bat etxean hartzeak ikuspegia zabaldu digu»
Familiekin ostatatzeko UPV/EHUren programak murgiltze kultural eta linguistikorako bidea irekitzen die ikasle parte hartzaileei eta familia hartzaileei
Lehenengo argitaratze data: 2025/01/16
Programak zenbait etapa ditu: hasteko, familiek beren datuak eman behar dituzte fitxa baten bidez, zenbait ezaugarri eta identifikazio datu jasota. Ondoren, ikasle bisitariek programan izena ematen dutenean, familia parte hartzaileen ezaugarriak biltzen dituzten fitxak bidaltzen zaizkie. Horrela, haientzat egokiena den familia hautatu dezakete. Hautaketa prozesua amaitu ondoren, harremanetarako datuak bidaltzen zaizkie bi aldeei, elkar ezagutu ahal izateko eta bizikidetzarako baldintzak finkatzeko.
Bada, prozesu horixe bera egin zuen Natalia Villar, Gerrit Rekker eta haien bi seme-alabek —Lucas eta Gabriela— osatzen duten familiak. Inguruan antzeko kasu bat zuten, eta horri esker erabaki zuten etxeko atea ikasle bati irekitzea: “Lagun bat udan ikasleak etxean hartzen hasi zen, eta ideia zoragarria iruditu zitzaigun”, adierazi zuen familiako amak. 2017an hasi ziren bide horretan, udako programa laburrekin; eta, aurrerago, egonaldi luzeagoak ere hartu zituzten. Aurten, esaterako, ikasle bat hartu dute ikasturte osorako. Bere aldetik, Estatu Batuetatik etorritako Owen Gallagher ikasleak programan parte hartzea erabaki zuen herrialdea bertatik bertara ezagutzeko, gaztelania hobetzeko eta esperientzia kultural murgiltzailea bizitzeko. Donostiara edo Sevillara joatea ere planteatu zuen, baina, azkenean, Bilbo aukeratu zuen Erasmus programa egiteko, plaza kopuruagatik, programaren eskuragarritasunagatik eta familiaren ezaugarriengatik.
Noski, familia anfitrioi batekin bizitzeak egoerara egokitzea eskatzen die bai ikasleari bai familiari; besteak beste, otorduak, ordutegiak eta abar antolatu behar dira. Baina familia hartzaileak argi utzi du ez dagoela aldaketa handirik egunerokoan: “guk jaten duguna jaten du”, esan du Nataliak.
Eragin positiboa
Programaren alderdi nabarmenetako bat da eragin positiboa duela ikasleen jarduera akademikoan. Familia inguruneak egonkortasuna ematen die ikasleei, eta ikasleen egoitzetan ohikoak diren ohiko distrakzioak baztertzen dira. Hortaz, ikasleek ikasketetan jar dezakete arreta. “Zenbaitetan lagunekin lo egitera joaten da, baina gero hemen formalitatea dauka”, esan du familia anfitrioiak, eta ikasleak ere onartu du hori. Arlo sozialari begira ere esperientzia aberasgarria da. Owenek harreman estua lortu du bai familiarekin bai unibertsitateko kideekin; eta, horrela, bizitza akademikoaren eta sozialaren arteko oreka lortu du.
Truke kulturala programaren oinarrietako bat da; eta, kasu honetan, familiak zein ikasleak onartu dute elkarrengandik ikasi egin dutela hizkuntzari, tradizioari eta ohiturei dagokienez. “Ikuspegia zabaldu die”, komentatu du amak seme-alabei buruz. Bestetik, ikasleak adierazi du familia batekin bizitzea gaztelania hobetzeko modurik onena izan dela, eta familiak ere onartu du Owenek seme-alabei lagundu diela ingelesa hobetzen.
Oso harreman estua lortu dute. “Beste seme bat da”, esan du Nataliak; eta, etxeko guztiek bezala, Owenek aitari ematen dio bere planen berri. Gainera, familia hartzaileak hauxe gehitu du: “gure harremana hain da estua, non ikaslearen familia Bilbora etorri zen Gabonetan, eta abenduaren 25ean elkarrekin afaldu genuen”. Horrez gain, Owenek aitortu du oso harreman sendoa duela etxeko neba-arrebekin. Planak ere egiten dituzte elkarrekin, hala nola Athleticeko partiduak ikustera edo erosketak egitera joatea.
Ikasleak etxean hartzen jarraituko dute? “Zalantzarik gabe”, erantzun du familiak, eta familia guztiak animatzen dituzte esperientzia bizitzera. Owenek esan du familia batekin egotea izan zela bere lehenengo aukera, eta kontatu du bere familiak ere harrera programa batean parte hartzen duela Estatu Batuetan bera txikia zenetik. Aukera izango balu, berriro hautatuko luke harrera programan parte hartzea, eta ERASMUS ikasle guztiak animatzen ditu programan izena ematera.
Nola parte hartu daiteke familiekin ostatatzeko programan?
Familiekin ostatatzeko programan parte hartzeko, ikasleek zein familiek mezua bidal dezakete helbide elektroniko honetara: alojamientofamilia.internacional@ehu.eus.
Horrez gain, unibertsitateko kideek Ostatu datu-basera ere jo dezakete, alokairurako pisuak eta gelak eskaini eta bilatzeko zerbitzura. Informazio guztia eta harremanetarako datuak esteka honetan eskura daitezke: www.ehu.eus/eu/web/nazioarteko-harremanak/ostatua-jabeentzat-familientzat-informazioa.