2025eko Garunaren Asteak neurozientzia gerturatuko dio publiko zabalari
- Ekitaldia
Noiz eta non
Noiztik: 2025/03/10 Noiz arte: 2025/03/14
Kokapena
Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbo (Bizkaia)
Deskribapena
Martxoaren 10etik 14ra 2025eko Burmuinaren Astea ospatuko da Bizkaia Aretoan. Ekitaldia DANA Foundation-en Brain Awareness Week nazioarteko ekimenaren barruan kokatzen da, eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu du, zehazki, Magdalena Wojtas doktoreak, Jose R. Pineda doktoreak eta Medikuntza Fakultateko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko Lucia Perez doktoratu aurreko ikertzaileak. Helburua da neurozientzia gizarteari hurbiltzea modu praktikoan eta hezitzailean, garunaren inguruko interesa, ezagutza eta hausnarketa sustatuz adin guztietako jendearengan, arreta berezia jarriz hezkuntzan eta zientziaren dibulgazioan.
Hitzaldiak eta dibulgazio-solasaldiak antolatu dira, sarrera librekoak eta doakoak. UPV/EHUko ikertzaileek hainbat gairi buruz hitz egingo dute: memoria, nanozientzia, loa eta gaixotasun neurologikoak, hala nola Alzheimerra, esklerosi anizkoitza eta gaixotasun prionikoak. Halaber, neurolipidoen edo zelula amen alorreko azken aurrerapen zientifiko interesgarriak azalduko dira.
Horrez gain, lehen hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko ikastetxeei zuzendutako tailer interaktiboak eskainiko dira, bokazio zientifikoa sustatzeko eta neurozientziak gure eguneroko bizitzan duen garrantziari buruz sentsibilizatzeko. Tailer hauek ere doakoak dira, baina aurrez izena eman behar da. Bizkaiko 11 eskolatako 449 ikaslek hartuko dute parte.
Martxoaren 10etik aurrera (astelehena), eta ekitaldiak iraungo duen lau egunetan, Chillida aretoan, “Neurokosmos: Garunaren Unibertsoa esploratzen” erakusketa ikusi ahal izango da. Artea eta zientzia uztartzen dituen ikusizko esperientzia da, giza garunaren konplexutasuna eta edertasuna erakusteko. Sarrera doan da.
Martxoaren 14an, ostirala, “EnviroMood” Nazioarteko Sinposioa egingo da, eta nazioarteko adituek garunaren plastikotasunari eta trastorno mentalei buruz eztabaidatuko dute, bereziki depresio handiari eta antsietateari buruz. Saioak ingelesez izango dira eta aldez aurretik izena eman beharko da.
2025eko Garunaren Asteak hainbat erakunde babesleren laguntza du: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Neurozientziaren Espainiako Elkartea (SENC), Fisher Scientific, Proquinorte, Sarstedt, Europar Batasuna - ERA-NET NEURON eta Zientzia Ministerioa. Gainera, kolaboratzaileen laguntza izango du: Leica, Europako Neurozientzien Federazioa (FENS), DANA Fundazioa, CIC Biogune, Achucarro zentroa, IISS Biobizkaia eta IISS BioAraba Osasun Institutuak AFABizkaia (Bizkaiko Gaixoen Senideen Elkartea) eta Apnabi(Autismo Bizkaia) elkarteen laguntzarekin batera.
Informazio gehiago eta izen-ematea: https://semanacerebrobilbao.wixsite.com/semanacerebro