UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikerketa-taldeak Lomentospora prolificans (L. prolificans) onddoak orain arte ezagutzen ez zen erresistentzia-mekanismo berri bat daukala frogatu du. Mikroorganismo hori multierresistentea da egun erabiltzen diren antifungikoei (onddoen aurka garatutako antibiotikoei) eta immunitate-sistema ahula duten pazienteengan % 80 eta 100 arteko hilkortasun-tasa du. Beraz, azterlan horri esker, onddo horren aurka egiteko medikamentu eraginkorragoak diseinatu ahalko dira.
%90eko hilkortasuna eragin dezakeen onddo baten erresistentzia-mekanismo bat azaldu dute
UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikerketa-taldearen azterlana PLOS ONE aldizkarian argitaratu dute
Lehenengo argitaratze data: 2017/06/09
Ikerketa hori Fernando L. Hernando, Aitor Rementeria eta Andoni Ramirez irakasleek zuzendu dute eta Aize Pellón ikerlariak (bere doktore-tesiari esker sortu da azterlana), Idoia Buldain, Xabier Guruceaga eta Aitziber Antoran ikerlariek parte hartu dute. Azterlana PLOS ONE aldizkari ospetsuan argitaratu dute, "Molecular and cellular responses of the pathogenic fungus Lomentospora prolificans to the antifungal drug voriconazole" izenburupean.
L. prolificans mikroorganismoa (lehen Scedosporium izenez zen ezaguna) hari-formako onddoa da, arrunki lizun deitzen zaien taldekoa, eta horietako batzuk egoera txarreko elikagaietan haz daitezkeela ikus daiteke (fruituetan, ogian, eta abarretan).
Legamia zelulabakarrekin alderatuta ezberdinak dira, hala nola Candida albicans edo Saccharomyces cerevisiae legamiekin alderatuta. Azken horiek gailendu egiten dira praktika klinikoan edo elikadura-industrian, hurrenez hurren. L. prolificans onddoa ohikoa da, baita ere, hirietako lurzoruan eta industria-guneetan. Pertsonekin kontaktuan egon arren, ez du minik eragiten pertsona osasuntsuengan, immunitate-sistemari esker.
Hala ere, Andoni Ramirez artikuluaren egileak azaldu duen moduan, "oso infekzio larriak" sortzen ditu gaixotasunen bat duten pazienteengan, "fibrosi kistikoa" duten pazienteengan esaterako, edo "immunitate-sistema ahula" duten pazienteengan, adibidez, minbiziagatik kimioterapia-tratamendua jasotzen ari diren pazienteengan. Organo-transplanteren bat egin zaienengan edo GIBaren ondorioz Hartutako Immunoeskasiaren Sindromea (HIESA) duten pazienteengan ere eraginak izan ditzake.
Ikerketaren arabera, onddo horrek erresistentzia handia egiten die antifungiko ohikoenei, voriconazolari esaterako; eta medikamentu hori da hari-formako onddoek eragindako infekzioak "tratatzeko hautatzen den medikamentuetako bat". "Azterlan horretan oso aurkikuntza garrantzitsua aurkeztu dugu, frogatzen baitu orain artean onddoetan ezagutzen ez zen erresistentzia-mekanismo bat badagoela. Hala, zelula-horma nabarmen aldatzen da voriconazol antifungikoari erantzunez, eta hori da onddo honen eta beste onddo-espezien kasuan erabili ohi den antifungikoa. Aldaketa horiek zelula-hormaren tamainan eta osaeran ematen dira" azaldu du.
Estrategia terapeutiko berriak
Hori dela eta, azterlan hori onddoak antifungikoaren aurrean defentsarako mekanismo gisa ematen dion erantzunaren lehenengo deskribapena da, eta molekula berriak diseinatzeko aukera eremu berria irekitzen du. Molekula horiei esker, onddo-infekzio hori zein beste batzuk hobeto tratatzeko aukera zabalduko da. "Agente antibakterianoekin ez bezala, antifungikoen konposatuen barietatea oso urria da eta ekintzarako mekanismo ezberdin gutxi dituzte. Hala, anduiak edo espezie erresistenteak agertuz gero, ospitaleek horiek tratatzeko oso aukera mugatuak izan ditzakete". Beraz, erresistentzia-mekanismo berriak aurkitzean, lehendabizi, medikamentuek norantz jo behar duten erabakitzeko aukerak areagotzen dira eta, bestalde, onddo patogenoen beste espezietan berezkoa den edo gara daitekeen erresistentzia azaltzeko aukera ematen du", ohartarazi du.
Oraingoz, UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics taldea egiten ari den ikerketa oinarrizkoa da, hau da, beharrezko ezagutza sortzen ari da, etorkizunean terapia berriak diseinatu ahal izateko. "Ildo horretatik, hurrengo helburua da L. prolificans onddoak bere horman antifungikoari erantzuna emateko sortzen dituen aldaketak egiteko behar dituen entzimak identifikatzea, ondoren aztertu eta estrategia terapeutiko berriak sortzeko".
Hala ere, kontuan hartu behar da biomedikuntzaren edozein alorretan bezala, laborategitik pazientearenganainoko bidea luzea dela (hainbat urte igaro daitezke). Bide zaila ere bada, proba asko egin behar baitira. "Horrez gain, gaixotasun arraro deitzen zaien horiekin gertatzen den moduan, onddo hauek sortutako infekzioek ez dute eragin handirik herritarrengan eta, beraz, hilkortasun-tasa handia badute ere, zaila da ikerketa hori diruz lagundu nahi duten interesatuak aurkitzea. Hori dela eta, aurrerapausoak zailagoak eta motelagoak dira", azaldu du Ramirezek.
Erreferentzia bibliografikoa
- Molecular and cellular responses of the pathogenic fungus Lomentospora prolificans to the antifungal drug voriconazole.
- PLOS ONE (2017)
- DOI: 10.1371/journal.pone.0174885