Ángel Rubio irakaslea Zientzien Akademia Amerikarraren kide izendatu dute
Erakunde zientifiko ospetsuak aukeratutako Estatuko fisikari bakarra da
Lehenengo argitaratze data: 2014/05/15
"Zientzialari batek eduki dezakeen ohore handienetako bat da Zientzien Akademia Amerikarraren kide izendatzea". Pozik hitz egiten du Ángel Rubiok, UPV/EHUko Kimika Fakultateko Materialen Fisikako katedradun eta NanoBio Espektroskopiako taldeko zuzendari denak, Zientzien Akademia Amerikarrak (NAS) kide atzerritar izendatu eta gero.
Erakunde ospetsu horrek Estatuan aukeratu duen fisikari bakarra da Rubio. Bere aurretik, beste bost zientzialari espainol garrantzitsu izendatu ditu Akademiak, hain zuzen: Juan Luis Arsuaga, Mariano Barbacid, Margarita Salas, Andreu Mas-Colell eta Antonio García-Bellido.
Zientzien Akademia Amerikarra 1863. urtean sortu zen, Abraham Lincoln-en lehendakaritzapean, eta irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da. Erakundeko 500 kide inguru Nobel Sariak dira. NAS erakundeak Proceedings of the National Academy of Sciences zientzia-aldizkari ospetsua argitaratzen du 1914tik. Ángel Rubio Akademiako kide izateko aukeratu den Estatuko fisikari bakarra da, eta zientziari egin dion ekarpen nabarmena aitortu diote modu horretara.
Datorren urtean izango da NAS erakundeko kide izendatzeko ekitaldi ofiziala, apirilean, hain zuzen ere, Washington DCn ospatuko den Zientzien Akademia Amerikarraren urteko 152. topagunean.
"Zientzien Akademia Amerikarraren kide izatea ohore handia da eta nazioartean ospea hartzeko modua ere bada. Era berean, azken urteetan UPV/EHUren taldeak egindako ikerketa-lanaren maila gorena aitortzeko balio du. Benetan pozgarria eta motibatzailea da erkidego zientifikoak gure lana miresten duela jakitea, eta ildo horretan, U.S. National academy of Siences erakundeko kide atzerritarraren izendapena lortu da, gure lanaren balioa eta garrantzia azpimarratzeko. Zaila da adieraztea hautatua izan zarela esaten dizutenean sentitzen duzuna: errealitate bihurtzen den amets bat bizitzea bezala da. Sinestezina da, benetan. Nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet NAS erakundeko kideei, Akademiako kide izateko aukeratu nautelako, eta, jakina, dagokidan lana behar den bezala betetzea espero dut", adierazi du Rubio irakasleak.
Ángel Rubio UPV/EHUko Materialen Fisikako katedradun, NanoBio Espektroskopiako Taldeko zuzendari eta UPV/EHUko Espektroskopia Teorikoaren Europako Azpiegituraren lehendakari da eta Max Planck Sozietatearen Fritz Haber Institutuaren kanpo-zuzendari ere bada. Gainera, American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundeko kide oso da. NanoBio Espektroskopiako Taldeak UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Joxe Mari Korta zentroan du bere egoitza. Gaur egun 25 ikerlarik osatzen dute taldea, eta horiez gain, Berlingo Max Planck Institutuak gidatzen duen taldeko bost ikerlari gehiago daude.
Rubio irakasleak eta bere taldeak egindako ikerketa teorikoei esker, erreferente bihurtu dira munduan, materialek argia bezalako estimuluen aurrean duten portaera ulertzeko edo aurreikusteko eskala nanometrikoko sistemen modelizazioan. Halaber, simulazio-teknika berriak diseinatu dituzte, nanoegituren edo biomolekulen portaera ezagutzeko.