12.000 pertsona inguru izan dira UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Azoka arrakastatsuan
Ikasleentzako Argibide Zerbitzua martxoaren 14tik 22ra arte ospatuko diren Jardunaldi Irekiak prestatzen hasi da jada
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/02/14

EHUazoka, Euskal Herriko Unibertsitatearen Unibertsitate Orientazioko Azoka, 12.000 bisitari inguru hartu zituen guztira. Azoka Bizkaiko Campusean amaitu zen, Gipuzkoako eta Arabako Campusetatik igaro ondoren. Informazio-saioetan ere parte-hartzaile ugari izan zen. 13.000 plaza inguru bete ziren, pertsona batzuk saio bat baino gehiagotara joan baitziren. EHUazoka Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen orientazio-jardueren barruan kokatzen da, eta orientazio-aktibitate nagusia da. Horren bidez, unibertsitate publikoak orientazioarekin duen konpromisoa agerian jartzen da, unibertsitate aurreko ikasleek egingo dituzten titulazioak aukeratzerakoan erabakiak behar bezala hartzeko funtsezko tresna den aldetik.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxea hiru azoketan izan zen eta aurtengo edizioaren arrakasta berretsi du: “Standetako irakasleen orientazio arreta bikaina jaso dute etorkizuneko ikasleek, eta hauen interes eta kezkak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu. EHUazoka topagune garrantzitsua da unibertsitatearentzat, ikasle zein familiekin konektatzen gaituelako eta gure izaeraren parte den hurbiltasuna eskaintzea ahalbidetzen digulako”.
Era berean, Ikasleen eta Partaidetzarako errektoreorde Asier Blasek orientazio-jardunaldi horien garrantzia azpimarratu du. “Gure eskaintza akademiko zabalaren erakusleihoa da EHUazoka, eta aukera ematen digu ikasleen zalantzak bertatik bertara entzun, ulertu eta argitzeko, fakultate eta eskoletako arduradunen arreta pertsonalizatuaren bidez. Azokarekiko interesa urtetik urtera mantendu egiten da eta horrek adierazten du funtsezko elementua dela ikasle askok unibertsitate-ikasketak hautatzeko prozesuan”.
EHUazoka Euskal Herriko Unibertsitateak urtero Sarbide Programaren barruan egiten dituen jardueren barruan kokatzen da, unibertsitate aurreko ikasleek beren ikasketak aukeratu aurretik ahalik eta informazio gehien izan dezaten. Programa horren barruan sartzen dira, halaber, unibertsitate aurreko ikasleek martxoaren 14tik 22ra bitartean egingo diren Ate Irekien Jardunaldietan parte hartzea.