Agenda

"Udaberriko Dantzaldiak" programak bigarren erromeria egingo du Bizkaia Aretoan

Kulturbasque Bizkaiko Campuseko Kultur gestiorako bulegoak eta Aiko taldeak euskal erromeriak hurbilduko dituzte UPV/EHUra eta Bilbora

Ostiralean, apirilak 04, 19:00etan, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3. Bilbo) "Udaberriko Dantzaldiak" programak ohiko erromeriak unibertsitatera eta Bilbora gerturatuko ditu berriz ere. Aiko taldeak eta Kulturbasque Bizkaiko Campuseko Kultur gestiorako bulegoak, ekitaldiaren antolatzaileek, bigarren euskal erromeria ospatuko dute. Lehenengoa martxoaren 21ean egin zen, udaberriaren hastapenetan.

Aiko taldekideek oinarrizko dantza urratsak erakutsiko dituzte: jauziak, soka-dantza, jota porrua, edo pasodobleak. Partaideek ez dute dantzan jakin beharrik, eta edonork parte har dezake ekimen honetan. UPV/EHUn erromeria tradizionalaren giroa sortzea eta musika eta dantza zaletasuna piztea dira "Udaberriko Dantzaldiak" egitasmoaren helburuak.

Euskarazko testuinguru batean egingo da erromeria, eta maiatzaren 16an errepikatuko da.

Sarrera doan da.