Te berdearen molekula aktiboak pisua galtzean dituen ondorioei buruzko azterlana
Lehenengo argitaratze data: 2013/12/18
British Journal of Nutrition aldizkariak Arabako emakume gizenekin egindako ikerlan baten emaitzak jaso ditu argitaratutako artikulu batean; azterlanak te berdearen molekula aktiboak (EGKG) pisua galtzean eta arrisku kardiobaskularreko faktoreetan ondorio gehigarririk daukan landu du, dieta hipokaloriko orekatu eta tradizional bati dagokionez. Horretarako, azterlanean bi emakume talde erkatu dira: batetik, soilik dieta hipokalorikodun tratamendu bat eta osagai plazebo bat hartzen zuten emakumeen talde bat, eta, bestetik, dieta hipokalorikodun tratamendu berbera eta 300 EGKG mg hartzen zuten emakumeen talde bat, 12 astez, betiere.
Ikerlanaren izenburua Effects of dietary supplementation with epigallocatechin-3-gallate on weight loss, energy homeostasis, cardiometabolic risk factors and liver function in obese women: randomised, double-blind, placebo-controlled clinical trial da (euskaraz, Dieta epigalokatekina-3-galatorekin osatzearen ondorioak pisu galeran, homeostasi energetikoan, arrisku kardiometabolikoen faktoreetan eta funtzio hepatikoan, emakume gizenetan: itsu bikuneko azterlan klinikoa, ausazkoa edo plazebo bidez kontrolatua). Lana Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketaren arloko errektoreordetzak eta Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko SAIOTEK programa batek finantzatu du, eta UPV/EHU, Osakidetza eta LEIA-Tecnalia Fundazioa aritu dira lankidetzan. Zehazki esateko, azterlanaren egileak Juan Mielgo-Ayuso (UPV/EHUko Elikadura eta Bromatologia Sailekoa), Lurdes Barrenechea (UPV/EHUko Medikuntza Sailekoa), Pilar Alcorta (Vitoria-Gasteizko Santiago Apostoluaren Ospitaleko Medikuntza Nuklearra Sailekoa), Eider Larrarte (Tecnaliako Ikerkuntza Biomedikoa Arlokoa), Javier Margareto (hau ere Tecnaliako Ikerkuntza Biomedikoa Arlokoa) eta Idoia Labayen (UPV/EHUko Elikadura eta Bromatologia Sailekoa) dira.
EGKGri eta te berdeari ustezko onura ugari eman zaizkie osasunari eta, zehazki esateko, pisua galtzeari dagokienez, eta badira xede horrekin saltzen diren produktu ugari ere. Hala ere, obesitatearen tratamenduaren gaineko ustezko onura horiek babesteko nahikoa ebidentzia zientifikorik ez zegoen. Orain argitaratutako lanaren arabera, ordea, horrelako produktuak kontsumitzeak ez dio inolako onura gehigarririk gehitzen dieta tratamendu egokia jarraitzeari.
Honako ikerlan hau itsu bikunekoa da, hau da, ez parte hartzaileek, ez ikertzaileek ez zekiten zein taldek hartzen zuen te berdea eta zeinek plazeboa. Helburua epigalokatekina-3-galato te berdearen (EGKG) ondorioak aztertzea zen, pisua galtzean eta gantz masan, energia gastua eta arrisku kardiometabolikoko faktoreetan eta osasun hepatikoaren markak, emakume gizenek dieta hipokalorikoa jarraitu eta gero. Lanean erakutsi denez, gantz masa eta pisu galera, metabolismo energetikoan eta arrisku kardiobaskularreko faktoreetan izandako aldaketak (kolesterola, intsulinari erresistentzia, etab.) antzekoak izan ziren aztertutako bi taldeetan.