Breadcrumb

Albisteak

Ikasleen ordezkari karguak izan dituzten ikasleen lana aintzatetsi du UPV/EHUk

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/09

Gaur arratsaldean Bizkaia Aretoko Arriaga entzunaretoan egindako ekitaldian, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen ordezkariek egindako lana aintzatetsi du UPV/EHUk, duela gutxi ikasketak bukatu eta unibertsitateko ikasleen ordezkaritza karguren bat izan duten gazteen lana, hain zuzen ere, edozein organotan, dela Ikasle Kontseiluan, dela ikastegiko edo campuseko batzarretan, batzordeetan, edota ikasleen ordezkaritzetan.

UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia izan da ekitaldi burua, eta berarekin izan dira Maite Zelaia Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordea, Fernando Etxegarai unibertsitateko ikasleen zuzendaria eta Jon Ander de Ormaetxea, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluko burua; ekitaldiaren bitartez, ikasleen parte hartze eta ordezkaritza organo horien garrantzia agerian jarri nahi izan da, baita, bidenabar, pertsona horiek ikasten ari ziren bitartean lan honi emandako denbora eta esfortzua eskertu ere.

Hitzorduan, UPV/EHUko hiru campusetako unibertsitate ikastegietako 25 pertsona omendu dituzte, unibertsitatearen funtzionamenduan kolaboratu eta duela gutxi ikasten bukatu dutenak. Hona hemen Iñaki Goirizelaiak egindako adierazpenak: "Ikasleek unibertsitateko ordezkaritza organoetan parte hartzea benetan beharrezkoa da erakundeak ongi funtziona dezan. Baina teoria hori, beti bezala, errealitatean gauzatu egin behar da, praktika zehatz bat garatu behar du. Horretarako, ikasleek ikaskideak ordezkatzeko konpromisoa hartu behar dute, haien aldarrikapenak bideratu eta unibertsitate organoetan parte hartu behar dute. Ildo beretik, maila pertsonalean hartutako esfortzu hori publikoki aintzatesteko ekitaldi publiko bat da honako hau, esfortzu hori, hain justu ere, Euskal Herriko Unibertsitatea hobeto garatzeko erabakigarria izan baita."