Breadcrumb

Albisteak

Setioa kimioerresistentziari

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/13

Terapia konbentzionalekiko erresistenteak diren linfoma-mota batzuk modu eraginkorragoan trata litezke tumore horren berariazko alterazio molekularra eragiteko botikak erabiliz.

Oraingoz, zeluletan bakarrik egin da proba, baina UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko Genetika Sailak MD Andersonekin eta CNIOrekin lankidetzan egin duen ikerketa batek biziraupen-tasarik txikiena dakarten linfoma-motak tratatzeko bidea zabaltzen du. Tumoreen ezaugarri molekularren ikerketak aukera emango luke berariaz aldatuta dauden molekulak identifikatzeko. Linfoma kimiorresistenteak dituzten pazienteen pronostikoa hobetuko luketen diana terapeutiko berri bihurtzen dira molekula horiek.

Egin beharreko bidea luzea da oraindik. Lan esperimentalak zeluletan egin dira; ez arratoiekin, eta are gutxiago gizakiekin. Hala ere, UPV/EHUk, MD Anderson Cancer Center Madrid-ek -Houstongo (Texas) MD Anderson Cancer Center-en Espainiako filialak- eta Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalak (CNIO) elkarrekin egin duten ikerketa batek planteatzen du linfoma kimiorresistenteen espresio genikoa aztertzeak balizko diana terapeutikoak identifikatzen eta tratamendu-bide berriak irekitzen lagundu dezakeela.

Gaur egun, badira oraindik aukera terapeutiko urriak dituzten gaixotasun linfoproliferatiboak, batez ere ez dagoelako terapia zuzendurik. Beraz, nahiz eta Hodgkinen linfoma klasikoak (LH) % 70-80an erantzuten dion antraziklinetan oinarritutako terapia konbentzionalari (ABVD motakoa), paziente-talde batek ez du erantzuten, eta % 30 hil egiten da gaixotasun horrengatik. Bestalde, T zelulen linfoma periferikoek (LPCT) talde heterogeneo bat osatzen dute, oso oldarkorra, eta harentzat ez dago gaur egun terapia eraginkorrik. Paziente horiek antraziklinetan oinarritutako terapiekin ERE tratatzen dira (CHOP motakoak), baina haien erantzuna oso kaskarra da: biziraupen orokorra LPCT azpimotaren araberakoa da, baina, batez beste, paziente horien % 70 hil egiten da. Beraz, LH errefraktarioetan eta LPCTetan diana terapeutiko berriak identifikatuko dituzten ikerketak behar dira linfoma kimiorresistenteak dituzten paziente horien pronostikoa hobetzeko.

Proiektu horren helburua izan da hautematea tumore horietan zer alterazio dauden botikentzako diana gisa balio dezaketenak. Potenciales nuevas dianas terapéuticas en linfomas resistentes a la terapia convencional tesian -Esperanza Martinek oraintsu defendatua eta África García-Oradek (UPV/EHUko Genetikako irakasle titularrak) eta Juan Fernando Garcíak (MD Andersoneko ikerketa-zuzendariak) zuzendua-, ikerketa horren lehenengo ondorioak aurkeztu dira.

Minbizi bakoitzean, aldatu egiten dira geneak, haien egitura edo haien erregulazioa. Aldaketa horien ondorioz, proteina jakin batzuen egitura edo kopurua ere aldatu egiten da. Minbizi-mota jakin baten proteinetan gertatzen diren berariazko aldaketa horiei sinadura molekular deitzen zaie. Gaixotasunaren mutazio jakina edo haren sinadura molekularra identifikatu ondoren, aldaketa horien aurkako berariazko botika bat diseina daiteke.

Tratamendu-mota horietako lehena Imatinib izan zen. Botika hori leuzemia mieloide kronikoari aurre egiteko erabiltzen da: kinasa proteinaren zentro aktiboa blokeatzen du; proteina horrek bere egitura aldatua du, eta, horren ondorioz, ziklo zelularraren gehiegizko aktibazioa eragiten du. LH kimiorresistenteen kasuan, ikusi da histonen deazetilasen inhibitzaileek sinadura molekular hori leheneratu lezaketela. Horrez gain, aurkitu da beste aldaketa molekular batzuei ekinez eragina sustatuko litzatekeela, eta, horrenbestez, zehaztu ahal izango litzatekeela zer konbinazio den egokiena kimioterapia konbentzionalarekiko erresistenteak diren linfoma horiek tratatzeko.

Medikuntza pertsonalizaturanzko bidean

Esperimentu-fasean egon arren, ikerketa horren aurretiko emaitzak aurrerapauso bat dira medikuntza pertsonalizatuaren eremuan. Farmakogenetikaren eta farmakogenomikaren helburu nagusiak dira gaixotasunen tratamendua pertsona bakoitzean optimizatzea eta terapia pertsonalizatu seguruago eta eraginkorrago bat bilatzea. Genetika eta biologia molekularrean egin berri diren aurrerapenek izugarri zabaldu dute biologian tumore-mota batzuen ezagutza, eta horrek aukera eman du paziente horien aukera terapeutikoak eta itxaropenak hobetzeko. Horixe lortu du Imatinib botikak -ikerketa genetikoetan oinarrituta diseinatutako lehenengo botiketako bat- leuzemia mieloide kronikoan. Tratamendu pertsonalizatuen eraginkortasunean egindako aurrerapenen beste adibide bat bularreko minbizia da. Hazkunde epidermikoaren 2 faktorearen gainespresioa -diagnostikatutako kasuen % 20- eragiten duen aldaketa genetikoa hautemateak aukera ematen du jada berariazko tratamendu bat agintzeko.

Farmakogenetikak eta farmakogenomikak emandako ezagutzari esker, tratamenduari erantzungo dioten pazienteak hautatu ahal izango lirateke, eta horrek aukera emango luke paziente bakoitzarentzat egokiena den medikazioa eta/edo dosia hautatzeko. Hau da, pazientearentzat egokienak diren botikak eta dosiak hautatu ahal izango lirateke.

Egileei buruz

Esperanza Martín, Biologian lizentziatua da eta doktorea Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan. y doctora en Biología Molecular y Biomedicina. Gaur egun trebakuntzarako eta ikerketarako Marqués de Valdecilla Institutuan (IFIMAV) egiten du lan, Miguel Ángel Piris doktorearen ikerketa-taldearekin. UPV/EHUko taldeko ikertzaile nagusi África García-Orad doktoreak esperientzia handia du genetikan, zitogenetikan eta leuzemia eta linfomako biologia molekularrean. Juan Fernando García García doktorea MD Anderson ikerketa-fundazioko zuzendaria da, eta Madrileko MD Anderson Cancer Center-eko Anatomia Patologikoko Zerbitzuko burua. Madrileko Unibertsitate Autonomoan Medikuntza eta Kirurgiako doktoregoa lortu zuen, eta 90 argitalpenetik gora ditu prestigioko nazioarteko aldizkarietan. Nazioarteko zientzia-aldizkari batzuetako begiralea da (Blood, American Journal of Pathology, Histopathology, FEBS letters, Clinical Cancer Research); gainera, irakaslea da CNIOk 2003tik antolatzen duen "Minbiziaren oinarri molekularrak" Onkologia Molekularreko Masterrean.