Breadcrumb

Albisteak

Psikiatriako adituek buru-gaixotasunetan medikuntza pertsonalizatua gehiago iker dadila eskatu dute, sendagaiak eraginkorrago izan daitezen

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/05

Psikiatriako adituek eskatu dute inbertsio handiagoa egin dadila buru-gaixotasunetako medikuntza pertsonalizatuko ikerketetarako, tratamenduak eraginkorragoak izan daitezen eta, hartara, pazienteek tratamenduen eragin onuragarriak berehala nabaritu ditzaten.

Arabako Ospitale Psikiatrikoko Psikosi Immunearen Unitateko Pedro Sánchez doktoreak eta Extremadurako Infanta Cristina Unibertsitate Ospitaleko Ikerketa Klinikoko Zentroko Adrián Llerena doktoreak egin dituzte adierazpen horiek, Bilbon egiten ari den Espainiako Farmakogenetika eta Farmakogenomika Sozietatearen VI. Kongresuan. Bihar izango da kongresuaren azken eguna.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailak antolatu du ekitaldi zientifiko garrantzitsu hori, eta sail horretako irakasle África García-Orad izan da batzorde antolatzailearen buru.

Farmakogenomikaren xede nagusia da gaixotasunen banakako tratamendua optimizatzea, eta terapia pertsonalizatu seguru eta eraginkorragoa lortzea. Diziplina horrek eguneroko praktika klinikoan sendagaiak agintzeko era alda dezake. Azken finean, lortu nahi dena da sendagai egokia aukeratzea eta dosi onena ematea, pazienteek sendagaiak beharrik gabe har ez ditzaten eta sendagaien erantzun desegokiei aurrea har diezaieten.

Horren harira, Sanchezek nabarmendu duenez, farmakogenetika "ez da aplikatzen Psikiatriako ohiko praktikan, ezagutza nahikorik ez dagoelako; lehendik ezagutzen dena klinikan benetan aplikatu ahal izatea ekarriko lukeen ezagutza falta da".

"Badakigu gene askok eragina dutela pertsona bakoitzak sendagai bakoitzaren aurrean duen erantzunean. Buru-gaixotasunei buruz, baina, gehiago jakiteko beharra dugu", baieztatu du.

Hori dela-eta, adierazi duenez, "buru-gaixotasunen tratamenduari erantzuteko eran geneek duten eginkizunari buruzko ikerketarako askoz inbertsio ekonomiko handiagoa" behar da, eta baieztatu du irtenbidea izango litzatekeela "enpresa pribatua (farmaziaren arlokoa) eta estatuko agentziak lankidetzan aritzea, ikerketa hori bultzatzeko eta finantzatzeko".
Baldin sendagaiak ez badu espero zen eragina izaten, sendagai hori beste batek ordezten du, eta berriz egiten da prozesu bera, tratamenduaren helburua bete arte: alegia, pazienteak dituen sintomak arintzea edo erabat desagertzea.

Bestalde, Llerenak azaldu duenaren arabera, farmakogenetikak, kasu batzuetan, pazienteei ahalbidetuko die "beraientzako tratamendu onena aurkitzeko zain egon beharrik ez izatea", eta horrek lagun dezake tratamenduak eraginkorrago egiten eta, hartara, sendagaiek eragin kaltegarririk izan ez dezatela lortzen. Alde horretatik, nabarmendu duenez, "Psikiatrian farmakogenomikak aurrera egin du; pazienteak tratamenduari behar bezala ez erantzutea edo ondorio kaltegarriak izatea eragin dezaketen arrisku-faktoreen detekzioan iragarpenak egiteko aukera handiagoa dago, orain".

"Farmakogenetika gaixotasun askoren tratamendua hobetzeko eta sendagaiak erarik onenean agintzen laguntzeko tresna da; baina, horrez gain, farmazia-gastua murriztea ere ekar lezake, eta hori gakoa da ongizate-estatuari eusteko", ondorioztatu du.