Albisteak

"Progress in work/Work in crisis", artista plastikoen arteko elkarkidetza eta hartu-emanak finkatzeko proiektua

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/17

UPV/EHUk eta Institut français-ek akordioa sinatu dute herrialde mugakideen arteko erakusketak sustatzeko.

Gaur aurkeztu da Progress in work/Work in crisis proiektua, Limoges-eko eta Erkidego Autonomoko artista plastikoen arteko elkarkidetza eta artista-trukea finkatzeko ekimena. ANTespacio, UPV/EHU, LAC&S Lavitrine eta Institut français erakundeek herrialde mugakideen arteko erakusketak eta artista egoiliarrak egotea bultzatuko dituzte.

Hartara, bi herrialdetan erakutsiko dituzte beraien artelanak Chloé Piot, Jean-Baptiste Clavé, Laurie-Anne Estaque, Mawa Tres, Maite Leyún, Belén Uriel, Diego Vivanco, David Bestue, Marc Vives, Fermín Jiménez Landa, Daniel Silvo eta Marie-Laure Moity bezalako artista plastikoak.

Olivier Beaudet eta Laura Diez komisarioek antolatuta, Progress in work/Work in crisis, Limoges-en azaroan egon ostean, Bizkaia Aretoan ikusgai izango den erakusketaren izena ere bada. Abenduaren 17tik 2014ko urtarrilaren 18ra arte, 8:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera egongo da ikusgai. Testuinguru zehatz baten harira, hots, krisian dagoen Europaren testuinguruan antolatu den esposizio horrek alde desberdinak jorratzen dituzten artelanak hartuko ditu. "Batetik, etxeko iraultzatik iraultzarik poetikoenera doazen lanak; bestetik, lan xumeak eta itxuraz lan konplexuak direnak", erakusketaren informazioak dioen bezala.

Ekimen horrek, halaber, honako erakundeen bermea du: L'École Nationale Supérieure d'Art de Limoges; Espainiako Gobernua, Kultura Ministerioa; Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura Saila; Etxepare Institutoa; Région du Limousin; Institut français; Calcego Bilduma eta Bilbaoarte.