Breadcrumb

Albisteak

Teresa Fuertes UPV/EHUko ikertzailearen tesiak saria jaso du Fertiberia sariketan

Lehenengo argitaratze data: 2013/01/24

Garigintzan ongarri nitrogenodunak erabiltzeak dituen ondorioak aztertu ditu bere lanean.

Teresa Fuertes Mendizábal (Berango, 1978) Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Biologia Zientzietako doktoreak accesit bat irabazi du nekazaritza-gaietako doktore-tesien Fertiberia sariketaren 13. edizioan. Sariaren helburua da ongarrien erabilera arrazoizkoa eta arduratsua bultzatzea, garapen jasangarriaren irizpideekin bateragarria izango dena. Fuertesen doktore-tesiaren izenburua hau da: Fisiología del cultivo de trigo y calidad del grano bajo diferentes regímenes de fertilización nitrogenada (Garigintzaren fisiologia eta gari-alearen kalitatea ongarri nitrogenodunen erabilera batzuen arabera). Sari-banaketa Madrilen izan zen atzo, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren egoitzan, Miguel Arias Cañete ministroa buru zela. Teresa Fuertes ezin izan zen ekitaldira bertaratu, eta Begoña González Morok jaso zuen bere ordez. UPV/EHUko irakasle horrek tesia zuzendu zuen, José María Estavillorekin batera.

Bere lanean, Fuertesek "garigintzan ongarri nitrogenodunak erabiltzeak dituen ondorioen azterketa integratu bat" egin zuen, "ikuspegi fisiologikotik eta agronomikotik". Aztertu nahi zuen zer prozesu fisiologikok duten zerikusia ongarri horren asimilazioan eta, azkenean, nitrogenoaren aleranzko translokazioan". Oinarrizko ikerketaren aldia burututakoan, "ikerketaren parte aplikatua hasi zen, eta hartan, aztertu zen ea aldaketarik gertatzen zen gari-alearen kalitatean, horixe baita nekazariari egiazki ardura diona", dio Fuertesek.

Ongarritze-prozesua zatikatzea

Nitrogeno-ekarpena kudeatzea da garigintzaren errendimendua eta kalitatea hobetzeko faktorerik garrantzitsuena. Tesiaren helburua zera zen: ongarri nitrogenodunaren dosiaren eragin fisiologikoa eta agronomikoa aztertzea, eta ikustea zer eragin zuen garigintzan ongarria zatikatzeak eta emateko uneak. Arabako lursail batean egin zen azterketa, kondizio errealetan.

"Ikusi genuen, egiazki, ongarria zikloan zehar banaturik emanda eutsi egiten zitzaiola uzta-errendimenduari, hau da, nekazariak hektarea bakoitzeko biltzen duen kilo-kopuruari", ohiko ongarritze-sistemarekin alderatuta, eta, gainera, "alearen kalitatea hobetu egiten zela".

Emaitza horiek ikusita, "ongarria beranduago ematearen alde" ageri da ikertzailea. Emaitza horiek klima mediterraneo hezeko zereal-eskualdeetan aplika daitezke, halako batean egin baita ikerketa. Espainiako zereal-eremu handietan ez bezala —Andaluzia, Gaztela-Mantxa…—, klima mediterraneo hezeko lurretan eman daiteke ongarria berandu, udaberria oso euritsua denez landareak ondo xurga baitezake nitrogenoa".

Fertiberia sariketaren 13. edizioa

Fertiberia Sariketa urterokoa da, eta, aurten, 15. aldira iritsi da. Fertiberia eta Juan Miguel Villar Mir Fundazioa dira babesle, eta Zentroko eta Kanarietako Nekazaritza Ingeniarien Elkargoa laguntzaile. Sariaren helburua da ongarrien erabilera arrazoizkoa eta arduratsua bultzatzea, garapen jasangarriaren irizpideekin bateragarria izango dena. Deialdi garrantzitsua eta nabarmena da ikerketaren arloan, bai diru-sariagatik (36.000 euro, Espainian ikerketa-sari batean ematen den kopuru handiena), bai aurkezten diren tesien kalitateagatik.

Fertiberia sariketaren 13. edizioan, sariduna Isabel Díaz de la Torre izan da, Kordobako Unibertsitateko nekazaritza-ingeniari doktorea, tesi honi esker: Relación entre la clorosis férrica de la vid y las propiedades de los suelos calcáreos. Corrección con vivianita (Mahatsondoaren klorosi ferrikoaren eta kare-lurzoruen propietateen arteko harremana. Zuzenketa vivianitarekin).Teresa Fuertesek ez ezik, accesita eskuratu zuen Juan José Rios Ruizek ere —Granadako Unibertsitateko Biologiako doktorea da— lan honegatik: Biofortificación con Se en plantas de lechuga: estudio de la producción, calidad y estado nutricional (Letxuga-landareak selenioarekin bioindartzea: ekoizpenaren, kalitatearen eta nutrizio-egoeraren azterketa).