Euskoiker fundazioak trenbide-sare berriko, metalurgia iraunkorreko eta hiri-kutsadurako ikerketak saritu ditu
Lehenengo argitaratze data: 2013/01/25
UPV/EHUko irakasle Francisco Javier Fernández Macho, José Francisco Cambra eta Juan Ramón González Velasco izan dira sarituak.
UPV/EHUko Bizkaia Aretoan ospatutako Euskoiker XIV. Sarien banaketa ekitaldian egon dira: Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko errektorea eta Euskoiker Fundazioko presidenteordea; Pedro Esnaola, Gipuzkoako Bazkundeko eta Euskoiker Fundazioko presidentea; Enrique Amezua, Euskoiker Fundazioko idazkaria eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko zuzendaria; Javier Muniozguren, Euskoiker Fundazioko zuzendari-kudeatzailea, eta unibertsitate, enpresa eta abarretako hainbat ordezkari.
1999az geroztik urtero antolatzen diren Euskoiker Sariek Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen hiru alorretako ikerketa-lanak saritzen dituzte: ingeniaritza eta teknologia; zientzia zehatzak eta natura-zientziak, eta giza eta gizarte-zientziak.
Aurtengo edizioan, ehun lan baino gehiago baloratu ondoren, Euskoiker Fundazioko patronatuak honako lan hauei eman dizkie 6.000 euroko sariak:
Francisco Javier Fernández Macho, ekonometriako katedraduna, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Aplikatua III Saileko irakaslea eta Ekonomia Publikoko Institutuko zuzendaria. Giza eta gizarte-zientzien alorreko Euskoiker saria jaso zuen, Euskal Trenbide Sareak finantzatutako Euskal Trenbide Sare Berriaren (ETSB) azterketagatik.
"Euskal Y" delakoaren eraikuntzak eta ustiaketak eragindako produkzioa, familia-errenta eskuragarria, balio erantsi gordina (BEGa) eta Euskadiko enpleguaren gaineko efektu makroekonomiko totalak azaldu ditu txostenean.
Azterketaren arabera, ETSBaren eraikuntzak 15.054 milioi euroko inpaktu totala izango du jarduera ekonomikoan, eta abian jartzeko eta ustiatzeko, berriz, urtean 213 milioi euro gehiago beharko dira.
ETSBak lanaldi osoko 6.965 lanpostu sortuko ditu 15 urtez eta zerbitzua abian jartzeko eta ustiatzeko sortutakoetatik 1.922 lanpostu mantenduko ditu. Bestalde, ETSBak errepide bidezko milaka joan-etorri gutxituko lituzke egunean eta horrek 173 milioi eurotan kalkulatutako abantaila sozialak eta ingurumenekoak sortuko lituzke.
Prozesu metalurgikoetako hobekuntza
José Francisco Cambra Ibáñez, ingeniaritza kimikoko katedraduna eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko (IGET) Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumenaren Saileko irakaslea. Ingeniaritza eta Teknologia alorreko Euskoiker saria eskuratu zuen, hainbat aplikaziotan erabil daitekeen zink kontzentratua ateratzen duten altzairu-fabrikako hautsen birziklapen-prozesuaren hobekuntza ikertzeagatik.
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko "Sustainable Process Engineering" ikerketa-taldeak egindako eta saritutako lana honako hauek finantzatu dute: Befesa Steel R&D eta Leobeneko Unibertsitateko (Austria) Christian Doppler Labotratory laborategia. Proiektua bi eginkizunetan egituratu zen. Lehena, amaierako produktuaren kalitatea hobetzea izan zen, fluor-edukia murriztuta. Bigarrena, altzairu-fabrikako zink-hautsezko kontzentratua berreskuratzeko prozesuko karbono dioxidoaren emisioak dakarren ingurumen-inpaktua murriztea izan zen, berotegi-efektua eragiten duen gasetako bat baita.
Zientzia zehatzak eta natura-zientziak alorreko Euskoiker saria Juan Ramón González Velascok jaso zuen; Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean ingeniaritza kimikoko katedraduna eta "Ingurumen-iraunkortasunerako teknologia kimikoak" ikerketa-taldeko zuzendaria da.
"Ingurumen-iraunkortasunerako teknologia kimikoak" taldeak Ingurumen-osasuneko ikerketa lerroa du eta bertan jasotzen da "2011. ekitaldirako EAEko hiri-inguruneetako kutsatzaile atmosferikoen zehaztapena" izeneko saritutako proiektua, Ihobe sozietateak (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak) finantzatua.
Proiektuak hiru helburu ditu: lehena, pertsonek atmosferako partikula finekiko duten esposizioaren batez besteko adierazlea zehaztea; bigarrena, partikula lodiagoetan dagoen metal pisutsuak hiriko airean duen maila definitzea, eta, hirugarrena, hiri-eremuetan hidrokarburo aromatiko poliziklikoek (HAP) airean eragindako kutsadura ebaluatzea.
30 urte baino gehiago ikerketa bultzatzen
Euskoiker Fundazioak, 1979an sortu zenetik, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta gizartearen arteko lotura izatea izan du helburu, ikerketa sustatzeko eta prestakuntza-jarduerak garatzeko nagusiki.
30 urte hauetan, Euskoiker Fundazioak unibertsitateko ikertzaileen arteko hainbat interakziotan esku hartu du, hala nola ikerketa proiektuak eta lanak, negoziatutako prozedurak eta lehiaketak, ikastaroak eta prestakuntza, kongresuak, ekitaldiak eta abar.
Euskoiker Fundazioa 12 lagunez osatutako patronatuak zuzentzen du. UPV/EHUko sei kide: Iñaki Goirizelaia errektorea; Juan José Unzilla; Miguel Angel Gutiérrez, eta Enrique Amezua, Alfonso Unceta eta Esther Domínguez katedradunak. Horrez gain, Arabako Aldundiko Luis Viana, Bizkaiko Aldundiko Josune Ariztondo eta Gipuzkoako Aldundiko Jon Urigüen foru-ordezkariek eta Bilboko Merkataritza Ganberako José Angel Corres, Gipuzkoako Bazkundeko Pedro Esnaola eta Arabako Merkataritza Ganberako Gregorio Rojo presidenteek ere parte hartzen dute.