Javier Sánchez-Beaskoetxea UPV/EHUko Nautika Eskolako irakasleak ANAVE Kazetaritza Saria irabazi du
Lehenengo argitaratze data: 2013/03/14
Javier Sánchez-Beaskoetxea UPV/EHUko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko irakasle eta kazetariak ANAVE Kazetaritza Saria irabazi du Deia egunkarian, 2012ko uztailaren 22an, "Los vivos, los muertos y los marinos mercantes" (pdf, 11 Kb) izenburupean argitaratu zuen artikuluagatik. 6.000 eurorekin esleitua dagoen sari hau Espainiako Ontzi-ustiatzaileen Elkarteak (ANAVE) ematen du eta bere helburua itsas garraioari buruz argitaratzen diren informazioen zabalkundea sustatzea eta jarduera honi buruz herritarrek dituzten ezagutzak zabaltzea da.
Sánchez-Beaskoetxeak bere artikuluan adierazten duenez, "inor ez da inoiz marinelekin gogoratzen, egunkarien azaletan agertzeko moduko hondoratze bat gertatzen ez den bitartean". Bere iritziz, "marinelak sarritan esan dute ez dituztela justiziaz tratatzen, eta kexa horrek egiazko oinarria dauka". Bere jarrera azaltzeko, kazetari eta irakasleak, komunikabideek Exxon Valdez (1989), Prestige (2002) eta Costa Concordia (2012) kasuei eman zien tratamendua aztertzen du. "Costa Concordiak istripua izan zuenean, berriz irakurri ahal izan dugu Exxon Valdez-en istripua kapitaina edanda zegoelako gertatu zela. Hori da komunikabide guztietan esan zena. Inork ez zuen idatzi epaiketan kapitaina absolbitu egin zutela eta, istripuaren arrazoietako bat, Exxon ontzietan ematen zen gehiegizko lanak eraginda tripulazioak zuen nekea izan zela", dio Sánchez-Beaskoetxeak.
Sari-banaketa ekitaldia asteazkenean, martxoak 13, ospatu zen Madrilgo Kazetarien Elkartearen egoitzan. Bertan izan dira, besteak beste, Rafael Rodríguez Valero Merkataritza-itsasketako zuzendari nagusia eta Adolfo Utor ANAVEko presidentea.
Javier Sánchez-Beaskoetxea Merkataritza-itsasketako pilotua da, Hiritar Itsasketan lizentziatua, eta baita Kazetaritzan lizentziatua ere. Irakaslea da 2008tik UPV/EHUko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko Itsasketa Zientzia eta Teknikak eremuan eta, datorren maiatzean, doktorego-tesia defendatuko du Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean "La imagen de los capitanes de petroleros en caso de naufragio en los medios impresos españoles" izenburupean.