Pinu-landaketek kondizio optimoak eskaintzen dituzte azpian bertako basoa garatzeko
Lehenengo argitaratze data: 2013/12/10
UPV/EHUko Paisaia, Biodibertsitatea eta Ekosistemen Zerbitzuko taldeak ikertu du zer gaitasun duen bertako basoak pinu-landaketen azpian berreskuratzeko .
Inguruan bertako basorik baldin badago, inolako esku-hartzerik egin gabe pinu-landaketen azpian bertako basoei dagozkien zuhaitz-, iratze- eta belarkara-espezieak sartzen dira. Hala, hein batean lor daiteke bertako basoak berrezartzea, segida ekologiko deritzon prozesuari esker. Ondorio horretara iritsi da UPV/EHUko Paisaia, Biodibertsitatea eta Ekosistemen Zerbitzuak taldea Bizkaiko pinu-landaketetan egindako ikerketan. Forest Ecology and Management aldizkarian argitaratu dute egindako lana.
Europako herrialde askotan basogintzan aritzen diren eragileak hasi dira baso-kudeaketa iraunkorrari erreparatzen. Horren ondorioz, garrantzi handiagoa ematen hasi zaizkie bertako basoak berrezartzeari eta sustatzeari. Izan ere, "oso momentu berezian dago basogintza, aurreko hamarkadetan hazkuntza azkarreko espezie exotikoen landaketek emandako etekinek behera egin baitute", dio Ibone Ametzaga UPV/EHUko Paisaia, Biodibertsitatea eta Ekosistemen Zerbitzuak taldeko kideak.
Gaur egun, bertako baso mistoak, hau da, haritza (Quercus robur) nagusi duen basoak, "berez izan lezakeen azaleraren % 3 hartzen du bakarrik Bizkaian eta Gipuzkoan" azaldu du Ametzagak. Ikertzaile-talde horrek ikusi du, ordea, hariztiek askoz ekarpen handiagoa egiten diotela gizartearen ongizateari pinu-landaketek baino. Nazio Batuen Milurteko Ebaluaziorako Nazioarteko Programa Bizkaian garatu dutenean iritsi dira ondorio horretara. Hain zuzen, ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuak estimatu dituzte programa horretan.
Gizakiek ekosistemetatik lortzen dituzten onurei esaten zaie zerbitzu. Aisiarako, paisaiaren elementu gisa eta heziketarako duten balioaz gain, basoek elikagaiak eta egurra ematen dituzte; karbonoa ere atzematen dute, eta, hala, sistema klimatiko globalaren erregulazioan parte hartu; uraren arazketan parte hartzen dute; lurzorua sortzen eta higadurari aurre egiten laguntzen dute, eta abar. Horri dagokionez, bertako basoek "zerbitzu hobea ematen dute, bertoko biodibertsitatea mantendu edo karbono gehiago metatzen baitute. Halaber, txanda luzeagoko zuhaitzak dira, pinu-landaketak baino mantsoago hazten direlako, eta, hortaz, kudeaketak asaldura gutxiago eragiten ditu sisteman", argitu du Ametzagak.
Erabateko berreskurapena lortzeko, esku-hartzea beharrezkoa
Basogintzak bizi duen krisiak eraginda, "pinu-landaketa zahar asko dago Bizkaian. Horrek aukera eman digu ikusteko nola gertatzen den segida ekologikoa ingurune horietan", dio Ametzagak. Ekosistema batean berez gertatzen den eboluzioa da, bertako eta inguruko espezieen arteko lehiak edo dinamikak bultzatuta. "Pinu-landaketen azkeneko urteetan, ez denez ez garbiketarik, ez bakanketarik, ez inausketarik egiten, inguruan dauden basoetatik iritsitako haziek aurrera egiten dute pinuek eskaintzen dituzten kondizioetan. Ikusi dugu batez ere bertako zuhaitzak eta iratzeak moldatzen direla hobekien kondizio horietara", gaineratu du.
Emaitza horiek ikusita, Ametzagak proposatzen du "gune batzuetan pinu-landaketak bertako basora iristeko erabil daitezkeela, segida ekologikoaz baliatuz". Izan ere, zenbat eta zaharragoa izan landaketa, "orduan eta aberatsagoa da azpian garatzen den basoa, eta antza handiagoa du bertako baso mistoekiko".
Une jakin batetik aurrera, landaketek 25-30 urte dituztenean, gutxi gorabehera, dena den, beste neurri batzuk hartu beharko liratekeela nabarmendu du Ametzagak, bertako baso misto aberatsak lortzeko: "Espezieen konposizioa bertako baso mistoenarekin parekatzeko, kudeaketa adaptatibo bat egin beharko litzateke: pinuak kentzen joan, bere kabuz iritsi ez diren espezieak sartu eta abar. Horri esker, epe laburrean bertako basoa sartzea lortuko litzateke".
Taldeari buruz
UPV/EHUko Paisaia, Biodibertsitatea eta Ekosistemen Zerbitzuak taldearen ikerketak Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UPV/EHUko UNESCO Katedrak bultzatzen ditu. Hain zuzen, garapen iraunkorrari eta ingurumen-hezkuntzari lotutako ikerketa aplikatua, irakaskuntza eta azterketa espezializatuak egitea da Katedraren helburua. Eusko Jaurlaritzatik, Bizkaiko Foru Aldunditik eta MINECOtik jaso ditu bere ikerketak aurrera eramateko diru-laguntzak.
Erreferentzia bibliografikoa
-
Argitalpena: Forest Ecology and Management, 308: 136-144. http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0378112713005021
-
DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.foreco.2013.07.046