Breadcrumb

Albisteak

Adingabeen ustez, bideoak partekatzeko orrialdeak dira plataforma arriskutsuenetarikoak

Lehenengo argitaratze data: 2013/02/05

Otsailaren 5ean ospatu da Internet Seguruaren Eguna.

Europako adingabeei online edukietatik gehien zerk gogaitzen dituen zuzenean galdetuta, online plataforma arriskutsuenak bideoak partekatzeko orriak direla erantzun dute (esaterako, YouTube). Hori da EU Kids Online proiektuak argitaratutako txosten berriaren ondorioetako bat. Espainian, Maialen Garmendia arduratzen da proiektu hori zuzentzeaz.

2013ko Internet Seguruaren Egunean (otsailaren 5a, asteartea) argitaratutako txosten honek haurrek online arriskuei buruz duten iritzia biltzen du, "beren hitzetan". Txostenak Europako 25 herrialdetako ia 10.000 haurren erantzunak barne hartzen ditu.

Haurren hitzetan, bideoak partekatzeko orrialdeak indarkeria eta pornografia edukiekin lotzen dituzte, baita beste eduki arriskutsu batzuekin ere. Plataforma jakin batzuetan beren burua arriskuan ikusi duten adingabeen artean, % 32k bideoak partekatzeko guneak aipatu zituzten (esaterako, YouTube). Horren atzetik daude beste web orrialde batzuk (% 29), gizarte sareak (% 13) eta jokoak (% 10).

Haurren iruzkinen arabera, YouTube-ko edukiek gogaitu egiten dituzte, benetakoak edo oso errealistak direlako, irudi oso biziak dituztelako eta pareko pertsona taldeen artean azkar partekatzen direlako. Beren iruzkinek adierazten dutenez, krudelkeria, hilketak, animalienganako tratu txarrak eta albisteak ikustean, shock sentsazioa eta nahigabea sentitzen dute.

Ikerketa honen Espainiako arduradun Maialen Garmendiak honela azaldu du:
EU Kids Online sarearen inkestaren arabera, 9 eta 16 urte arteko adingabeen % 55ek uste dute Interneten badaudela beren adineko haurrei gustatzen ez zaizkien gauzak. Txosten berri honek adingabeen kezkak uzten ditu agerian, eta bertatik ateratako emaitzek politikaren eta hezkuntzaren lehentasunei buruzko hausnarketa egin behar dela adierazten dute. Gure ustez, ezinbestekoa da adingabeek Interneteko indarkeriazko edukien, eduki agresiboen edo gore edukien inguruan duten kezka kontuan hartzea (gogaitzen dituzten beste eduki batzuen artean).

Adingabeek nahigabea eta beldurra adierazi dute

"Gehien gogaitzen nauena da norberak igo nahi ez dituen argazkiak besteek igotzea, eta eskolan bideoak egin eta gero esekitzea", dio 11 urteko neska batek.

Kasu askotan, adierazitako kezka eduki beldurgarriek sorrarazten dute (mota horretako edukiak aipatu zituzten haurren % 23k beldurra adierazi zuten). Pornografia edukiak aipatu zituzten adingabeen % 5ek bakarrik adierazi zuen nahigabea, baina hala egin zutenen artean, % 28k pornografia edukiekin lotu zuten. Eduki komertzialak "gogaikarriak" direla diote (arrisku komertzialak aipatu zituztenen % 15 sentitu izan dira gogaituta). Deigarria iruditzen zaigu aipatutako beste arrisku batzuek jasotako erantzun txikia (gorrotoa, arrazismoa, indarkeria, nork bere burua zauritzea, etab.).

Emaitzei dagokienez, Maialen Garmendiak hau adierazi du:
Haur guztiak ez dira berdinak. Arriskuen pertzepzioa aldatu egiten da herrialdearen, adinaren eta generoaren arabera; kasu askotan, adingabe bati arriskutsua iruditzen zaiona beste bati ez zaio iruditzen. Hori dela eta, gomendatzen duguna adingabeei online edukietatik zerk gogaitzen dituen galdetzea, esaten dutena entzutea eta laguntza ematea da.

Gainera, orain arte hedabideekin lotutako adingabeentzako arriskuak (bereziki, indarkeriazko irudiak) oso bizirik daude adingabeen buruetan, eta beldurra eta kezka sortzen dizkiete. Beraz, Internet bitarteko berria da, baina lehengo erronka eta kezka berak dakartzana. Offline munduan bezalaxe, online munduan ere arazo asko identifika daitezke, bereziki haurrei dagokienez, online/offline bereizketak gero eta garrantzi gutxiago baitu.

Beste datu batzuk

  • Beren parekoek eragindako jokaera arriskuek harreman arriskuek baino gehiago kezkatzen dituzte adingabeak (% 19 eta % 13, hurrenez hurren); zalantzarik gabe, konektatutako gailu pertsonalen erabilera handitzearen ondorioz areagotu diren cyberbullying eta sexting fenomenoen ondorioz.
  • Oro har, adingabeek ez dituzte helduei kezka sorrarazten dieten arrisku nagusiak aipatzen. Adingabeen % 1ek baino gutxiagok aipatu dituzte titularretan gehien agertzen diren arriskuak (esaterako, nork bere burua zauritzearekin zerikusia duten edukiak edo informazio pertsonala partekatzeko arriskua), nahiz eta badiren beren ospea kaltetzeko edo beren pribatutasuna urratzeko beldur diren adingabe batzuk.
  • Beste arrisku hauek ere gutxi batzuek besterik ez dituzte aipatzen: eduki komertzialak, denbora asko igarotzea online, beste norbait beren datu pertsonaletara sartzeko aukera edo apustuak.
  • "Pertsona arrotzen arriskua" oso gainetik aipatzen dute (harreman mota desegoki gisa), hedabide nagusietan kezka handia sorrarazten duen arrisku bat bada ere.
  • Oro har, mutilak gehiago gogaitzen ditu indarkeriak, eta neskak, berriz, harremanekin zerikusia duten arriskuek.

Txostenari buruz

"Beren hitzetan: Zerk gogaitzen ditu benetan adingabeak online daudenean?" izeneko txostena Sonia Livingstone (Erresuma Batua), Lucyna Kirwil (Polonia), Cristina Ponte (Portugal) eta Elisabeth Staksrud (Norvegia) ikertzaileek idatzi dute, EU Kids Online sarearen laguntzarekin. Txostenak gai hauei buruzko emaitza kualitatiboak ematen ditu: Adingabeek zer arrisku jotzen dituzte kezkagarritzat, eta nola deskribatzen dituzte? Agenda politikotik baztertuta gelditu diren arriskuek kezkatzen dituzte? Beren kezkak adinaren, generoaren, kulturaren edo esperientziaren arabera aldatzen al dira? Txostena Europako 25 herrialdetako 25.142 adingaberi egindako elkarrizketetan dago oinarrituta. Elkarrizketa horiek egiteko, ausazko lagin estratifikatu bat zehaztu da, eta norberak betetzeko metodoak erabili dira galdera sentikorretarako.

Informazio gehiago behar izanez gero

  • Maialen Garmendia. EU Kids Online III ikerketa taldeko zuzendaria. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. maialen.garmendia@ehu.es
  • Miguel Ángel Casado. EU Kids Online III ikerketa taldeko kidea. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. miguelangel.casado@ehu.es
  • Estefanía Jiménez. EU Kids Online III ikerketa taldeko kidea. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. estefania.jimenez@ehu.es

Proiektuari buruzko informazioa:

  • EU Kids Online proiektuaren helburua Europako haurrek eta beren gurasoek Interneten eta teknologia berrien erabileraren arriskuari eta erabilera seguruari dagokienez dituzten esperientzia eta praktikei buruzko ezagutza hobetzea eta haurrentzat seguruagoa den ingurune bat sustatzen laguntzea da. EEko Safer Internet Programme erakundeak finantzatzen du proiektua (SI-2010-TN-4201001).
  • EU Kids Online taldeak aurrez aurreko inkesta bat egin zuen, etxez etxe, 25 herrialdetako 9 eta 16 urte arteko Interneteko 25.000 erabiltzailerekin, ausazko lagin estratifikatu baten bidez eta galdera sentikorretarako norberak betetzeko metodoen bidez.
  • Landa lanean barne hartutako herrialdeak: Alemania, Austria, Bulgaria, Zipre, Txekiar Errepublika, Danimarka, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Lituania, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Errumania, Suedia eta Turkia. Bestalde, proiektuak honako herrialde hauetako ikertzaile taldeak barne hartzen ditu: Kroazia, Eslovakia, Islandia, Letonia, Luxenburgo, Malta, Errusia eta Suitza.
    Insafe sareak urtero antolatzen du Internet Seguruaren Eguna, mundu osoan sarearen erabilera seguruagoa eta arduratsuagoa sustatzeko, bereziki gazteen eta adingabeen artean. Hau da aurtengo goiburua: "Connect with respect". http://www.saferinternet.org/web/guest/safer-internet-day