Breadcrumb

Albisteak

UPV/EHUk 2014/2015 ikasturteko eskaintza akademikoa egokitu du

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/10

Graduko titulazioetan plaza kopurua mantendu egingo da eta unibertsitateko masterretan % 14 handituko da

Gobernu Kontseiluak bilera egin du gaur Bizkaia Aretoan eta 2014/2015 ikasturteko plaza mugak onartu ditu graduko titulazioetarako eta unibertsitateko masterretarako, bai eta, besteak beste, graduko ikasketen gestiorako datorren ikasturteko arautegia ere. Graduko ikasketen plaza kopuruak ia-ia ez dira aldatu, eta 113 masterren kasuan % 14 handitu da kopurua.

Europako Unibertsitate Eremuaren arabera graduko titulu guztiek izan behar dute plaza muga. UPV/EHUren kasuan hainbat aldagai hartzen dira kontuan eskaintza egokitzeko: titulazioaren memorian zehaztutako plaza kopurua, gradu bakoitzerako izena eman duten ikasleen kopurua, aurreko ikasturtean egin ziren lehen aukerako matrikulak, ikasketak emango dituen ikastegiaren baliabide akademikoak, edo gizartearen eskaera. Datu horiek guztiak hartuta kontuan zehaztu dira 2014/2015 ikasturteko plaza mugak, eta lau gradutan besterik ez dira aldatu kopuruak.

Eskola Politeknikoan, Ingeniaritza Elektrikoa 58tik 65era pasatuko da, eta Ingeniaritza Zibila 75etik 65era. Bizkaiko Campusean, Zientzia eta Teknologia Fakultateak 10 plaza gutxiago eskainiko ditu bai Fisikako graduan bai Ingeniaritza Elektronikoko graduan. Ikastegi horrek, gainera, aldaketak egin ditu datorren ikasturteko graduen eskaintzan: Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko gradu bikoitza eskainiko du, eta 20 plaza izango ditu. Plaza kopuruaren jaitsiera ikasketak ematen dituzten ikastegiek berek eskatu zuten.

Gobernu Kontseiluak onartutako plaza mugak ontzat eman beharko ditu Eusko Jaurlaritzak eta, ondoren, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Orokorrera bidali. Azken erakunde horrek maiatzaren 31 baino lehen emango ditu argitara.

Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreorde Amaya Zarragaren esanetan, 2014/2015 ikasturtean graduko ikasketetan sartzeko plaza mugak aurreko ikasturtekoen ia-ia berdinak dira. "Modu horretara erantzun jasangarria eman ahal diogu gizartearen eskaerari, gure baliabideekin bateragarria dena eta kalitateko irakaskuntza emateko aukera eskaintzen diguna", adierazi du.

Master ofizialen eskaintza

UPV/EHUk 2014/15 ikasturtean eskainiko dituen master ofizialetan 4.772 plaza egongo dira ikasketa horiek egiten hasiko diren ikasleentzat, hau da, aurreko ikasturtean baino % 14 gehiago. Plaza horiek 113 unibertsitate masterretan daude banatuta eta eskaintzak, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Nekane Balluerkak azaldu duenez, jakintza arlo guztiak hartzen ditu bere baitan eta kalitate handikoa da.

Eskaintza horren berrikuntzen artean aipatzekoak dira lanbiderako ahalmena ematen duten Bilboko Ingeniarien Eskolako masterrak, Nautika eta Itsasontzi-makineria Eskolakoak, Informatika Fakultatekoak, eta "Hizkuntza eta Komunikazio Teknologiak" Erasmus Mundus master berria.
Azpimarragarria da, bestalde, azken master hori abian jartzen duenean Euskal Herriko Unibertsitateak bi master izango dituela Europako Batasunaren "Erasmus Mundus" bikaintasun kalifikazioaekin. Aipatu berri den masterra, aurten lehenengo aldiz eskainiko dena, eta aurreko ikasturtean irakasten hasi ziren Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus masterra.

Gizarte Funtsaren deialdi berria

Gobernu Kontseiluak onartu du, baita, aldatzea Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia, matrikularen prezioaren zatiren bat edo ezer ez ordaintzeari buruzko atalei dagokienean. Aldaketa horren arrazoia da Gizarte Funtsaren beste deialdi bat egitea, Gobernu Kontseiluaren hurrengo bilera batean aurkeztuko dena. Gizarte funts hori unibertsitateak sortu zuen, eta bat-batean sortutako arazo ekonomikoak direla-eta matrikula ordaindu ezin duten ikasleei dago zuzenduta.