Santiago García Albásen "El rey Lansquenete" kontakizunak, XXV. Alberto Handia Literatura Saria
Lehenengo argitaratze data: 2013/12/20
Bigarren saria J.A. Menéndez Lucasen "Tellus" kontakizunari egokitu zaio.
UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak Alberto Handia Zientzia Fikziozko Literatura Lehiaketaren XXV. edizioko sariak erabaki ditu abenduaren 20an Leioan. Ikastegi horrek antolatutako Gabonetako ekitaldian banatu dira sariak. Bertan izan dira Esther Domínguez, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa; Leonardo Lorente, sariaren sustatzailea; José Javier Saiz Garitaonandia, epaimahaiko idazkaria, eta José Luis Pizarro eta Julián Aguirre irakasleak.
Santiago García Albás idazle arabarrak gehiengoz irabazi du 2013ko Alberto Handia lehiaketako sari nagusia (2.000 euro), "El rey Lansquenete" kontakizunagatik; A Coruñako José Ángel Menéndez Lucas idazleak ere gehiengoz lortu du bigarren saria (1.000 euro), "Tellus" kontakizunagatik. Epaimahaiak finalista izendatu ditu obra hauek: "La paradoja de Teseo", Javier Castañeda de la Torrerena (Madril), "¿Podemos celebrar ya la victoria?", Víctor Guisado Muñoz idazlearena (Bartzelona) eta "Pelh 0212", Manuel García Canok idatzia (Londres).
Santiago García Albás aspaldiko ezaguna da lehiaketa honetan, Alberto Handia lehiaketako irabazle gisa sailkatzea lortu baitzuen 1998ko, 2006ko eta 2008ko deialdietan, hurrenez hurren "El robot brindó con ellos", "Una larga descendencia" eta "La parte del Ángel" kontakizunekin.
Aurtengo deialdian 100 kontakizun jaso dira eta horietatik 66 idazlan onartu dira. Edizio honetan atzerritik jasotako kontakizunak Estatukoak baino gehiago izan dira lehenengo aldiz. Hain zuzen ere egile nazionalek 41 kontakizun aurkeztu dituzte eta idazle atzerritarrek 59 igorri dituzte. Azken horiek Estatu Batuetatik, Israeletik, Argentinatik, Txiletik, Kolonbiatik eta Venezuelatik etorri dira.
TerBi elkartearen saria
Alberto Handia Zientzia Fikziozko Literatura Lehiaketaren 25. urteurrena ospatzearekin batera, halaber, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak TerBi elkartearen saria jaso du, 1989an sortu zen eta Estatuan zientzia fikzioaren eta gai zientifikoei buruzko fantasiaren arloko lehiaketarik zaharrena den ekimen horrengatik. Urteak joan ahala, sendotu ez ezik, lehiaketa hori zientzia fikzioaren generoaren nazioarteko erreferente bihurtu da. TerBi elkarteko lehendakari Ricardo Manzanarok eman du saria eta lehiaketaren sustatzailea den Leonardo Lorente irakasleak jaso du, Fakultatearen izenean.
TerBi elkartea Bilboko Literatura Tertulia Fantastikoa da, zientzia fikziozko literaturaren eta zinemaren zaleak hilero biltzen dituena, eta 1993tik egiten da. Hil bakoitzaren lehenengo ostiralean du hitzordua eta irekita dago generoaren zale guztientzat.
Zientzia eta Teknologia Fakultateak egunotan egindako Gabonetako ospakizuna, halaber, irakasle, AZL eta ikasleei esker ona adierazteko ekitaldia izan da. Oraingoan esker ona eman zaie euren lanagatik Zientzia eta Teknologia Fakultateko gradu ikasketen batzordeei, Marta Macho Matematikako irakasleari, Pikasle elkarteko ikasleei eta ikastegian oraintsu inauguratu den fullerenoaren eskulturaren egileari, Pedro Pérezi.
Gabonetako ekitaldia amaitzeko, Julián Aguirre irakasleak "25 años de Ciencia y de Ficción" izenburuko hitzaldia eman du.