Breadcrumb

Albisteak

Jon Molinero ikerlaria saritu du AEBetako Ingurumenaren Babeserako Agentziak

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/26

Irudia

Scientific and Technological Achievement Award izeneko saria irabazi du Roger A. Burke-kin batera argitaratutako artikulu bategatik.

Ameriketako Estatu Batuetako Ingurumenaren Babeserako Agentziak (USEPA) Scientific and Technological Achievement Award (lorpen zientifiko eta teknologikoari saria) eman dio "Effects of Land Use on Dissolved Organic Matter Biogeochemistry in Piedmont Headwater Streams of the Southeastern United States" (Ameriketako Estatu Batuetako hego-ekialdeko ibaien goi-ibarrean disolbatutako materia organiko biogeokimikoan lurraren erabileraren efektuak) artikuluari. Artikulu horren egileak Jon Molinero, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen Ibai Ekologia Laborategiko ikerlaria, eta Roger A. Burke, USEPAko ikerlaria, izan dira. Edizio honetan 43 artikulu lehiatu dira ospe handiko sari honen bil.

Sari hau urtero ematen zaie aparteko izaera duten ikerketa nabarmenei edo ahalegin teknologikoei eta zientziaren edo teknologiaren eremu adierazgarriren batean eragin esanguratsua izan dutenei. Aurten sariak ez dakar diru-kopururik agentziaren aurrekontuek izan dituzten murrizketen ondorioz. Molinero "oso pozik" agertu da saritua izanagatik, bere esanetan, "ikerlarien arteko elkarlanaren ondorioz lortutako aurrerapen zientifikoen aitorpena baita". "Era berean -gaineratu du Molinerok-, lanaren baliagarritasuna ere aintzatesten da, beraien helburuak lortzen lagundu duten ikerketa lanak saritzen baitira, hau da, zientzia herritarren zerbitzura jarri duten ikerketa lanak".

Molinero eta Burke-ren artikulua 2009an argitaratu zen Hydrobiologia aldizkarian. Bertan, abeltzaintza eta hegazti ustiategietako lurraren erabileraren eta hondakin organikoen produkzioa bezalako adierazleetatik abiatuta ibai eta erreken karga organikoa aurreikusteko erabiltzen diren hainbat eredu garatzen dira. Ikerketa, Savannah ibaiaren (Georgia, Ameriketako Estatu Batuak) ibaiadarra den South Fork Broad River ibaiaren arroan garatu zen. Aisiarako erabilera garrantzitsuetarako eta hornidurarako urtegia den Clarke Hills Lake-n isurtzen du ibai horrek. Lanak zerikusia dauka TMDL edo eguneroko gehieneko karga osoarekin -arro hidrologikoetako mantenugaien eta kutsatzaileen kudeaketa tresna bat- eta Savannah ibaiaren arroa babesteko planaren garapenarekin.