Breadcrumb

Albisteak

UPV/EHUk Carmen Reinhart eta María Vallet Regí Honoris Causa doktore izendatu ditu

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/08

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak María Vallet Regí Madrileko Unibertsitate Konplutenseko Kimika Ez-organikoaren katedraduna eta Carmen Reinhart ekonomialari eta Harvard Kennedy School-eko irakaslea Honoris Causa doktore izendatzeko ekitaldia ospatu du gaur ostirala, martxoak 15. Bizkaia Aretoan egin den ekitaldiaren buru UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia izan da, eta ekitaldian parte hartu du baita ere Itziar Alkorta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak.

Honoris Causa doktore titulu bi hauek izendatzeko erabakia UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak hartu zuen 2012ko ekainaren 21eko bileran. Vallet eta Reinhart-ekin bost dira UPV/EHUk Honoris Causa doktore izendatu dituen emakumezkoak.

Carmen Reinharten (La Habana, Kuba, 1955) izendapena UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko batzarrak proposatu du, eta Arturo Rodriguez, Finantza Ekonomian katedradun eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa, izan da bere aitabitxia. Eta María Vallet Regíren (Kanaria Handiko Las Palmas, 1946) izendapena Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Ez-organikoa Sailak proposatu du, eta Teófilo Rojo, Kimika Ez-organikoan katedraduna, izan da bere aitabitxia.

Errektoreak Honoris Causa doktore izendapenaren akta sinatu ondoren, Carmen Reinhartek eta María Vallet Regík, ohiturari jarraituz, zuhaitz bana landatu dute Honoris Causa doktoreen Pasealekuan, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Eremuan. Ondoren, ekitaldi nagusia ospatu da eta, bertan, UPV/EHUko errektoreak titulua eta erramu birreta eman die.

Carmen Reinhart Columbia Unibertsitatean doktoratu zen, eta "Real Exchange Rates, Commodity Prices, and Policy Interdependence" izenburua zuen tesia Robert Mundel irakasleak zuzendu zion. Nazioarteko Diru Funtsako ikertzaile eta ikerketa-zuzendari izan da. Gaur egun, Harvard Kennedy School-en ari da, "Minos A. Zombanakis Professor of the International Financial System" gisa. Nazioarteko ekonomia eta finantzak ikertu ditu, gehienbat, bere ibilbide akademiko luzean, eta arreta bereziaz aztertu ditu finantza-krisiak eta zorraren krisiak. Berebiziko aitorpena lortua du nazioartean bere azken liburuari esker, Kennet S. Rogoff-ekin batera egindakoa, "Esta vez es diferente: ocho siglos de necedad financiera" (Fondo de Cultura Económica, México y Madrid, 2011). Liburu horretan, historiaren azken zortzi mendeetan gertatutako finantza krisi handien zergatiak eta ondorioak aztertzen dira.

María Vallet Regí Kimika Zientzietan doktoratu zen Madrileko Unibertsitate Konplutensean eta 1990az geroztik unibertsitate horretako Farmazia Fakultatean dihardu lanean, Kimika Ez-organikoaren Katedra plazan. Aitzindaria da Espainian biomaterialen irakaskuntzan eta ikerkuntzan, eta ekarpen garrantzitsuak egin ditu traumatologian, odontologian eta ehunen ingeniaritzan erabiltzeko zeramikazko biomaterialen eta beste biomaterial batzuen arloan. Izan ere, munduan berak erabili zituen lehenbizikoz silize-material mesoporotsu ordenatuak hezurren birsortzea eragiteko, eta berak diseinatu zituen lehenbizikoz material horiek, farmakoen liberazio kontrolatua lortzeko sistema gisa. 2008an Ikerketa Sari Nazionala eman zioten.