Breadcrumb

Albisteak

Ikus-entzunezko Erakusketak bere 15. edizioa betetzen du aurten

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/16

  • UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek sortutako artelanen aukeraketa bat izango da ikusgai BBVA Fundazioko erakusketa-gelan urtarrilaren 15era arte
  • Edizio honetan, gonbidatutako artistak Christa Sommerer, Laurent Mignonneau eta Andy Gracie izango dira

BIHAR, asteartea, abenduak 17, bere ateak irekiko ditu 25. Ikus-entzunezko Erakusketak, hau da, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek sortutako ikus-entzunezko artelanak bertatik bertara ezagutu ahal izateko ezinbesteko hitzordua. Aurreko edizioetan bezala, erakusketa hau BBVA Fundazioaren babesa eta laguntzarekin antolatu du Arte Ederren Fakultateak. Bertan, 100 bat artelan izango dira ikusgai, tartean UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek egin eta Artea eta Teknologia Saileko irakasleek hautatutako lanak, eta baita edizio honetan artista gonbidatuak izango diren Christa Sommerer, Laurent Mignonneau eta Andy Gracie-ren proposamenak ere.

Ikus-entzunezkoen Erakusketa BBVA Fundazioko erakusketa-gelan (San Nikolas plaza) ikusi ahal izango da urtarrilaren 15era arte, astelehenetik larunbatera, 16:30etatik 20:30etara bitartean. Sarrera librea izango da.

Gaur, astelehenean, aurkeztu da Ikus-entzunezko Erakusketa eta bertan izan dira Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea, Silvia Churruca BBVA Fundazioko Komunikazio eta Erakunde Harremanetarako zuzendaria, Josu Rekalde Arte Ederren Fakultateko dekanoa eta erakusketaren komisarioa, Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, eta baita ere Christa Sommerer, Laurent Mignonneau eta Andy Gracie, edizio honetako artista gonbidatuak.

25. edizio honetan, 100 bat proposamen artistikok osatuko dute Ikus-entzunezko Erakusketa. Horien artean, UPV/EHUko Artea eta Teknologia Saileko irakasleek aukeratutako lanak daude, tartean 14 instalazio multimedia, 57 bideo (bideo-sorkuntzak, animazioak eta fikziozko bideoak tartean), artista gazteen 9 argazki, eta baita ere Christa Sommerer eta Laurent Mignonneau-ren proposamena, interaktibitatean eta bizitza artifizialaren sorkuntzan oinarritutakoa, eta Andy Gracie-ren lana, artea eta biologiaren arteko erlazioaren inguruan kokatzen dena. Beste alde batetik, urte honetan, nobedade bezala, atal berri bat izango du egitarauak, "Overload" deitutakoa, non hiru saiotan zehar artea eta zientziari buruzko arlo desberdinez eztabaidatuko duten artisten.

Josu Rekalde, erakusketaren komisarioak, adierazi duenez, "Ikus-entzunezko Erakusketaren 25 edizioek, guztiak ilusio eta esfortzu handiz betetakoak, Arte Ederretako ikasleen sormena erakusteaz gain, gure lurraldean ikus-entzunezkoen arloan egin den artearen kultur transmisioaren eramailea ere izan da. Teknologia berrien bitartez sortutako artea da honako hau, orain 25 urte zalantza askorekin eta baita errezelo askorekin ere begiratua izan dena sektore batzuetatik. 25 urte hauetan -jarraitzen du Rekaldek-, ikuslegoari hurbildu diogu gaur egun guztiz onartua eta errespetatua den arte-kreazio mota hau".

GONBIDATUTAKO ARTISTAK

Laurent Mignonneau eta Christa Sommerer

Laurent Mignonneau eta Christa Sommerer aitzindariak dira artearen mundura aplikatutako bizitza artifizialen sistemen ikerketan eta garapenean, batez ere instalakuntza interaktiboen eremuan. Gaur egun, Linz-eko (Austria) Arte eta Diseinuaren Unibertsitateko Interfaze Culture-ko eta Gifu-ko (Japonia) International Academy of Media Arts and Sciences-ko (IAMAS) irakasleak dira. Nazioarte mailako sari ugari irabazi dituzte, besteak beste "Golden Nica" eta "Ars Electrónica 1994", eta beraien artelanak mundu osoan erakutsi dituzte, Centre George Pompidou, Helsinkiko Arte Modernoko Museoan, Ars Electronica Center-en edota Tokioko Inter Communication Center Gallery-n, besteak beste. Erakusketa honetan erakutsiko duten lanak "Escape" du izena eta 2002an The View Contemporary Art Space-n (Suitza) garatutako instalazio interaktibo bat da. Hain zuzen ere, Salenstein-go antiaireko aterpe zibilerako sortutako interfaze arkeologiko mediatiko bat da.

http://www.interface.ufg.ac.at/christa-laurent/

Andy Gracie

Andy Gracie artista ingelesak adimen artifizialean eta biologian oinarrituta dagoen diziplina anitzeko sistema bat erabiltzen du gizakiaren eta makinaren arteko komunikazio lotura bat irekitzeko, baina intentsitate poetikoa zainduz; teknikak akatsak eragin ditzakeen eremuetan geldituz. Azken 15 urteetan, bere lanaren zati handi bat, dezente inteligentea den errobotikak, eta baita teknologiaren sistema elkartuek ere, "ekologia hibridoetara" erantsiak izan daitezkeen era desberdinei buruzko miaketarekin lotuta egon da.

http://www.hostprods.net/