Ingurumen-erreforma fiskalak ingurumena hobetuko luke eta ekonomia murgildua gutxitu
Lehenengo argitaratze data: 2013/12/26
UPV/EHUko eta BC3-ko ikertzaileek proposatzen dute CO2-emisioei zergak ezartzea eta laneko zergak murriztea, ingurumena zein zerga-sistemaren efizientzia hobetzeko.
1990eko hamarkadatik ari dira ikertzen zer eragin izango lukeen ingurumen-erreforma fiskal bat sistema ekonomikoan sartzeak. Azterketa-mota horrek, alabaina, orain arte ez zuen kontuan hartzen ekonomia murgildua, zeina Espainiaren kasuan, adibidez, BPGaren % 20-25 baita. UPV/EHU eta Basque Center for Climate Change (BC3) erakundeetako ikertzaile batzuek gaia aztertu dute, eta ondorioztatu dute ingurumen-erreforma fiskalak lagundu egin dezakeela ekonomia murgilduak sistema publikoan eragiten duen kaltea gutxitzen, ekarriko lukeen ingurumen-onuraz gain. Energy Economics aldizkariak lanaren onlineko bertsioa argitaratu du, eta laster aterako du paperean ere.
Ingurumen-arazoak sortuz joan diren neurrian, azterlan akademiko ugari egin dira ingurumen-erreforma fiskala sartzeko aukera aztertzeko, bai eta horrek ekonomian izango lukeen eragina ebaluatzeko ere. Ingurumen-erreforma fiskala da ingurumen-arazoei ekiteko balia daitezkeen bideetako bat, eta hau da funtsean: zergak ezartzea ingurumen-arazoekin, hala nola CO2-emisioekin, lotutako jarduerei, eta beste zerga-mota bat txikitzea. "Ingurumenaren gaineko zergen bidez, kontsumitzaileek eta enpresek poluzioak gizartean eragiten duen kalteagatik ordaintzea lortzen da. Zerga horiek, gainera, batzuetan oso eraginkorrak ere izan daitezke, gure ohitura eta portaeretan aldaketak eragiten dituztelako eta, hala, poluzioa gutxitzea lortzen delako", azaldu du Mikel González-Eguinok, azterketa egin duten ikertzaileetako batek.
Ekonomia murgildu deritzonaren eraginez, bestetik, sistema publikoek diru gutxiago biltzen dute zerga bidez; jarduera ekonomiko horrek ez du zergarik ordaintzen, nahiz eta "zati garrantzitsua eta gero eta handiagoa izan, BPGari dagokionez, ekonomia garatu askotan", azpimarratu du González-Eguinok. Uste da Espainiako eta Europako hegoaldeko beste herrialde batzuetako ekonomia murgildua BPGaren % 20-25 dela.
Aditu-talde honek proposatzen duen erreforma fiskalean, "zerga berdeen" bidez lortzen diren diru-sarrerak laneko zergak -sarreren zenbateko baliokidea- murrizteko erabiliko lirateke; izan ere, "lan honetan ez dugu sartu nahi izan sektore publikoaren neurri optimoari buruzko eztabaidan - esan du González-Eguinok-. Erreformaren bidez bermatzen dugu dauzkagun zerbitzu publikoak izateko behar den dirua bilduko dela, poluzioari zerga gehiago ezarrita eta lanari gutxiago ".
Ikertzaileek modelo ekonomikoak baliatu zituzten horrelako erreforma batek Espainiako ekonomia orokorrari nola eragingo zion simulatzeko. "Oreka orokor konputagarria izeneko metodologia bat erabiltzen dugu, eta horrek aukera ematen digu sektore ekonomiko guztiak kontuan hartzeko eta, hala, ekonomiaren egiturari eragiten dioten politikak aztertzeko. Ekonomia murgildua sartu dugu oraingoan, orain arteko azterketetan ez bezala; hori da berrikuntza".
Zerga-sistema indartuta aterako litzateke
Egindako simulazioetan, ikertzaileek espero baino onura handiagoa eragiten zitzaion sistema publikoari: "ingurumen-zerga bat sartzen denean, lan informala egiten duten taldeek zergak kontsumoaren zeharkako bidetik ordaintzen hasten dira. Aldi berean, lanaren gaineko zerga txikitzen bada, zerga-sistemaren eraginkortasunik eza murriztea lortzen da. Hau da, jarduera ekonomikoa handitzen da, langabezia txikitu eta ekonomia murgildua murriztu".
Azterketa honek egiten duen planteamendua egia bihurtzeko aukerari dagokionez, González-Eguinok esan du "azterketak indartu egiten duela ingurumen-erreforma fiskala oso onuragarria izan daitekeela dagoen ustea eta aukera ematen digula zenbakitan adierazteko nazioarteko erakunde batzuk aspalditik ematen ari diren gomendioetako bat". Ez ditu, hala ere, alde batera uzten azterlana egin bitartean aurkitu dituzten mugak: "Esate baterako, gerta liteke energia-prezioen igoera benetako soldaten igoerarekin konpentsatzea; baina konpentsazio horrek ez lieke eragingo lanean ez dabiltzan pertsonei -bereziki, pentsiodunak eta langabeak-. Erreforma horien eragin erregresiboak aztertu behar dira nahitaez, bereziki talde ahulenei dagokienez, eta, horrelakorik balego, haiek zuzentzeko mekanismoak sartu".
Informazio osagarria:
Azterketa hau ingurumen-ekonomiaren ikerketaren arloan diharduten hiru ikertzailek egin dute: Anil Markandya, Basque Center for Climate Change (BC3) zentroko zuzendari zientifikoa; Mikel González, BC3-ko eta UPV/EHUko Ekonomia Analisiaren Oinarriak I saileko ikertzailea; eta Marta Escapa, UPV/EHUko sail bereko ikertzailea.
Erreferentzia bibliografikoa
-
Argitalpena: Energy Economics. 35 (2).
-
DOI: http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0140988313002090