Gantz-eduki txikiagoa eta ariketa nerabeen dietarako
Lehenengo argitaratze data: 2014/01/08
UPV/EHUko ikerketa batek nerabeen dietaren gantz-portzentajea eta sabelaldean gantz gehiegi izatea elkarrekin erlazionatu ditu, egiten duten ariketa fisikoa egiten dutela.
Gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentzia nabarmen handitu da azken urteetan nerabeen artean, eta, horren ondorioz, baita haiekin lortutako arazoak ere. UPV/EHUko azterketa baten arabera, kontsumitutako kaloria-kopurua eta egindako jarduera fisikoa edozein direlarik ere, dietan gantz-portzentaje handiegia hartzeak sabelaldean gantz gehiago metatzea eragiten du. Azterlana Clinical Nutrition aldizkari ospetsuan argitaratu da, eta Europako Batzordeak finantzatzen duen HELENA azterketaren parte da.
"Orain arte uste zen ariketa asko egiteak nolabait konpentsatu egiten zuela dieta desorekatua. Azterketa honen bidez frogatu dugu ez dela hala", azaldu du Idoia Labayenek. Ikertzailea Biologian doktorea da, eta Nutrizio eta Bromatologiako irakasle titularra, UPV/EHUko Farmazia Fakultatean.
Ikerketaren bidez aztertu nahi izan da zer eragin duen osagai lipidikoak -hau da, dietaren gantzak- sabelaldean gantza metatzearekin. Sabelaldean gertatzen den gantz-metaketa da arriskutsuena osasunerako, arazo kardiobaskularrak, diabetes mellitusa, hipertentsio arteriala, hiperkolesterolemia eta abar izateko arriskua handitzen baititu. Hala ere, ez zegoen aurretiazko lanik dietaren osaera eta sabelaldean gantz gehiegi izatea elkarrekin erlazionatzen zituztenik nerabezaroa bezalako garapen-aldi kritikoan. "Nerabeak arrisku-talde bat dira bizitzeko moduari dagokionez, sasoi horretan beren erabakiak hartzen hasten direlako jan nahi duten eta jan nahi ez dutenari buruz, eta, era berean, askok kirola egiteari uzten diotelako", esan du Labayenek.
Gantza, faktore garrantzitsua
Helburu horiek ikertzeko, HELENA azterketan parte hartu zuten 224 nerabez osaturiko azpilagin bat aztertu zuten -3.500 baino gehiago ziren guztira-. Zehaztasunez neurtu zen gazteen sabelaldeko gantza, X izpien bidezko absortziometria duala baliatuta, eta ohitura dietetikoak eta jarduera fisikoa ere aintzat hartu ziren.
Egile batzuek esana zuten gantz ugariko dietak obesitate-arriskua handitu zezakeela, baita kaloria-kantitate totala handitu gabe ere. Hau da, kontsumitutako kaloria-kantitate totala aintzat hartu gabe ere, dietan gantz-portzentaje handiegia hartzeak gorputzeko gantz-portzentajea handitzea eragin zezakeela.
Azterketa honetako emaitzek hipotesia berresten dute, eta frogatzen dute dietaren gantz-portzentajea estuki lotuta dagoela sabelaldeko gizentasuna handitzearekin, eta, gainera, erlazio hori ez dagoela nerabeek egiten duten jarduera fisikoaren mailaren mende. "Normalean jarduera fisikoa prebentzio-faktorea den arren, kasu partikular honetan ez du lortzen haren eragina indargabetzea", adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. Horrenbestez, "emaitza hauek iradokitzen dute dietan hartzen den gantza dela sabelaldeko gizentasunaren arrisku-faktore nagusia nerabeetan, eta ez dagoela jarduera fisikoaren mende", azpimarratu du Labayenek.
HELENA (HEalthy Lifestyle in Europe by Nutrition in Adolescence) azterketaren helburu nagusia da informazioa aurkitzea Europako nerabeen osasun kardiobaskularrari eta egiten duten dietari eta ariketa fisikoari buruz. 2011n, Europako proiektu baten emaitzen zabalkunde onenaren saria jaso zuen Europako Batzordearen eskutik. Lan horren erakusgarri dira azterketaren ondorioz nazioarteko aldizkari ospetsuetan egin diren 100 argitalpen baino gehiago.
Egileari buruz
Idoia Labayen ikertzailea Biologian doktorea da, eta Nutrizio eta Bromatologiako irakasle titularra, UPV/EHUko Farmazia Fakultatean. Clinical Nutrition (Nutrizio Klinikorako eta Metabolismorako Europako Elkartearen aldizkari ofiziala) aldizkarian duela gutxi argitaratu den izenburu honetako artikuluaren ikertzaile nagusia da: "High fat diets are associated with higher abdominal adiposity regardless of physical activity in adolescents; the HELENA study".
Erreferentzia bibliografikoa
-
Argitalpena: Clinical Nutrition.
-
DOI: doi:10.1016/j.clnu.2013.10.008 // http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0261561413002677