Breadcrumb

Albisteak

'Enpresa transnazionalei buruzko hiztegi kritikoa'k erakunde horiek berriz pentsatzeko giltzarriak ematen ditu

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/08

41 adituk parte hartu dute UPV/EHUko Hegoa Institutuak eta Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak sustatutako obran.

Zer dira enpresa transnazionalak? Zer multinazional daude Espainian? Zer dira finantzarizazioa, zuzeneko inbertsio atzerritarrak eta merkatuak? Korporazio handiek ba al dute zerikusirik soldata- eta genero-desberdintasunekin, zor ekologikoarekin eta eskubide kolektiboen urraketarekin? Ba al dago beste era bateko ekonomia- eta gizarte-ereduak ezartzeko bidean aurrerapausoak ematen laguntzeko proposamen alternatiborik?

Horrelako galderei erantzuteko Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak (OMAL) -Bakea eta Duintasuna Elkartearena-, eta UPV/EHUko Hegoa - Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuak "Enpresa transnazionalei buruzko hiztegi kritikoa. Korporazio handien botereari aurre egiteko gakoak" bultzatu dute. Liburua Icaria argitaletxeak plazaratu du (Antrazyt bilduma, 389. zk.) eta Juan Hernández Zubizarretak, Erika Gonzálezek eta Pedro Ramirok editatu dute.

Hiztegia, gai honen inguruan argitaratzen den lehenengoa, egun eskuragarri dago gaztelaniaz, paperezko edizioan, eta laster argitaratu da euskarazko bertsioa ere. Paperezko edizioarekin batera, gaztelaniazko eta euskarazko bertsio elektronikoa kontsultatu daiteke web helbide hauetan: www.omal.info/diccionario eta www.hegoa.ehu.es

Hiztegiaren helburua da enpresa transnazionalek mundu ekonomian duten eraginaren inguruan gogoeta egitea posible eta beharrezkoa dela aldarrikatzea eta bestelako diskurtsoen eraikuntzan laguntzea.

Liburuan, ekonomiaren, lan harreman eta eskubideen, nazioarteko politika eta garapenerako lankidetzaren arloetako kontzeptuak zehatz analizatu dituzte unibertsitate, GKKE, erakunde sindikal eta gizarte mugimenduetako 41 egilek.