Breadcrumb

Albisteak

Ogasun Publikoaren kontrako delitua delitu arrunt gisa

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/19

Irudia

Iker Martínez Sernak bere tesian defendatzen duenaren arabera, Ogasun Publikoaren kontrako delitu baten egilea edonor izan daiteke, eta ez bakarrik zergaduna.

Zerga-delituak gero eta sarriago egiten dira. Hala ere, arau-hauste hori nahiko berria da, 1977ra arte ez zelako delitu gisa tipifikatu. Orain arte, iruzur-jarduera bat epaitzerakoan, zerga-obligaziodunaren figura bakarrik hartzen zen kontuan, hau da, zergaduna edo zergaren subjektu pasiboa. Izan ere, jurisprudentziaren arabera, iruzurraren egilea iruzur egiteko gaitasuna zeukana bakarrik izan zitekeen, hau da, zerga-obligazioduna. Orain, aurtengo urtarrilean indarrean jarri zen erreforma berriarekin, zerga-delituaren aringarri bat sartu da (305.6. artikulua); aringarri horrek zerga-obligaziodunari zein arau-haustearen egileari egiten die erreferentzia. "El delito fiscal: una aproximación a los principales problemas de autoría y participación desde una perspectiva jurisprudencial" tesiaren egilea den Iker Martínez Sernak adierazi duenez, hori honela interpreta daiteke: oraindik aurrera, egilea edonor izan daiteke, ez bakarrik zerga-obligazioduna. Izan ere, Barakaldoko abokatuak defendatzen duenaren arabera, hau ez da berria, eta inoiz ez da delitu berezitzat hartu behar izan, delitu arruntzat baizik, edozein pertsonak daukalako delitu hori egiteko gaitasuna.

Zerga-iruzurra egiteko hainbat modu daude. Alde batetik, bide aktiboa dago, hau da, zehatzak ez diren datuekin zerga-aitorpena faltsutzea, gutxiago ordaintzeko xedearekin. Bestetik, ez-egitearen bidea dago, hau da, aitorpenik ez aurkeztea. Aitorpena xede honekin ere faltsutu daiteke: bidegabeki zerga-onura batez gozatzea edota ez dagokizun diru-kopuru bat kobratzea.

Martínez Sernak adierazi duenez, zerga-delitua eta maula bereizi egin behar dira. Izan ere, Espainiako zerga-delituaren historian, iruzur-jokabide batzuk "berandu" tipifikatu direnez, adibidez bidegabeki Ogasunetik diru-kopuru bat lortzea, batzuetan, akusatua maulagatik kondenatu izan dute, baina, berez, zerga-delituagatik kondenatu edo absolbitu behar izan zuten. "Itxuraz, hori da antzekoena, baina, benetan, ez daukate zerikusirik. Maula bat, eskuarki, partikularren artekoa da. Horrez gain, maula baten zenbatekoaren muga 400 eurokoa da, eta zerga-delitu batena, aldiz, 120.000 eurokoa", gaineratu du Martínezek.

Delituak bi bloketan banatzen dira. Alde batetik, delitu bereziak daude, eta delitu berezi horiek pertsona zehatz batzuek bakarrik egin ditzakete. Horren adibide bat prebarikazioa da; prebarikazioa agintariek, epaileek edo zerbitzari publikoek bakarrik egin dezakete. Beste alde batetik, delitu arruntak daude; delitu horiek edozein pertsonari egotz dakizkioke.

Ogasun Publikoaren kontrako delituari dagokionez, doktrina-banaketa handia dago hori kalifikatzeko moduaren inguruan. "Bi talde handi daudela esan daiteke: gehiengoaren iritziaren arabera, egilea zerga-obligazioduna bakarrik izan daiteke, hau da, zergaren subjektu pasiboa edo zergaduna. Hasiera batean, bera bakarrik izan daiteke egilea, bere kabuz iruzur egin dezakeen bakarra delako. Baina badago beste jarrera bat ere, gutxiengoak defendatzen duena. Jarrera horren arabera, egilea edonor izan daiteke, ez da zertan zerga-obligazioduna bakarrik izan behar", adierazi du Martínez Sernak.

Kasu horiek argitzeko asmoarekin, Iker Martínez-ek, Jon Landa-ren zuzendaritzapean (Zigor Zuzenbideko irakaslea Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean eta Iker Martínez-en tesiaren zuzendaria), epaien bilketa-lana egin zuten, 2000. urtetik 2008. urtera arte. Horietatik, 41 epai hautatu zituzten arazo desberdinak aztertzeko. "Zehazki, horietako bi epai aztertu eta zeuzkaten akatsak ikusi ostean, konturatu ziren bi epaiok erakusten zutela, nolabait, batzuetan, edozein pertsonak zerga-iruzurra egin dezakeela edozein iruzur-modalitatetan egile gisa, ezinbestean zerga-obligazioduna izan gabe", defendatu du Martínez-ek. Hala eta guztiz ere, jurisprudentziak, aho batez, zerga-delitua ez du onartzen delitu arrunt bezala. "Orduan, guk tesi honi eutsi genion: arau-hauste hau lehendik ere bazegoen mota edo tipo arrunta da, baina, nolabait, sendotu eta egiaztatu egin behar zen bi epairen bidez; hortik aurrera, esparru horretako alderdi eta gairik zailenak josi egin behar genituen, egile edonor izan daitekeela oinarri hartuta", azaldu du Barakaldoko abokatuak.

Hori guztia zehatzago ulertzeko, ikertzaileak bere doktorego-tesian aztertu dituen epaietako bat azaldu du. Epaia familiako guraso bati buruzkoa da; hamaika seme-alaba ditu, emaztea, errain bat eta zergak zerga-gardentasunaren araubidean ordaintzen dituen enpresa bat, beraz, irabaziak zuzenean bazkideei egozten zaizkie. "Gizon horrek bere PFEZean iruzurra egiten du, eta hamahiru pertsona horiek erabiltzen ditu, bere hamaika seme-alabak, bere emaztea eta bere erraina, hamahiru zerga-iruzur egiteko. Hau da, hamahiru pertsona horiek ere iruzurra egiten dute euren PFEZean, uneoro familiako gurasoaren jarraibideak betez eta, printzipioz, zer egiten ari diren jakin gabe, berak esaten diena egiatzat hartzen dutelako", adierazi du Martínezek.

Premisa horretatik abiatuta, hasiera batean, bere zerga-delituagatik bakarrik kondenatzen dute, eta gainerako hamahiru pertsonak absolbitu egiten dituzte. Gero, epaia errekurritu egiten da eta Auzitegi Gorenak kondenatu egiten du bere zerga-delituaren egile modura eta hamahiru zerga-delituren eragile modura; bestalde, hamahiru pertsona horiek absolbitu egiten ditu, printzipioz, tipo-errorean jarduten zutelako, hau da, ez zituzten ezagutzen egiten ari ziren ekintzen legeak, eta, beraz, ezin ziren egiletzat hartu. "Epai hori zentzugabekeria da. Auzitegi Gorena delitu bereziaren tesitik abiatzen da, eta, horretan, zergaren subjektu pasiboak bakarrik egin dezake iruzur; bestalde, hamahiru zerga-delituren eragile modura zigortzen du, baina egilerik ere ez dago, egileak absolbituak izan direlako, tipo-errorean jarduteagatik", nabarmendu du Martínez-ek. Hemen, benetako arazoa zerga-obligaziodunaren egiletza mugatzea da, delitu bereziaren tesiari jarraituta. Izan ere, zerga-delitua delitu arruntzat hartuko balitz, Martínez Sernak bere tesian defendatzen duen bezala, ez litzateke arazorik egongo familiako guraso hori bere familiakoek egiten dituzten hamahiru zerga-iruzur horien egile modura kondenatzeko.

Iker Martínez Serna

Bilbon jaio zen 1980ko ekainaren 6an, eta Zuzenbidea ikasi zuen UPV/EHUn; hor egin du tesia, Jon Landa Gorostiza irakaslearen zuzendaritzapean. Abokatu-lanetan ari da 2005eko urtarriletik Barakaldoko bulego batean, eta ofiziozko txandari atxikita dago.