Breadcrumb

Albisteak

Bilboaldeko herritarrentzat, Ingurune Berdearen ekosistemen zerbitzuak oso baliotsuak dira

Lehenengo argitaratze data: 2013/08/20

Plangintzak bideratzean, herritarrek ekosistemen zerbitzuei buruz duten pertzepzioa aintzat hartzea proposatu dute UPV/EHUko ikertzaileek.

UPV/EHUko Paisaia, biodibertsitatea eta ekosistemen zerbitzuak ikerketa-taldeak Biboaldeko 500 pertsona elkarrizketatu ditu, ekosistemen zerbitzuei buruz duten pertzepzioa ezagutzeko. Ikertzaileen ustez, lurzoru-erabileraren plangintzak bideratzean, ezinbestekoa da herritarren pertzepzioa aintzat hartzea, bai ekosistemen zerbitzuak bai pertsonen ongizatea bermatzeko.

Izaskun Casado Arzuagaren arabera, askok uste duten baino zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte ekosistemek. Izan ere, haien balioa ez da paisaiara, estetikara eta aisialdirako ematen dituzten aukeretara mugatzen. Paisaia, biodibertsitatea eta ekosistemen zerbitzuak ikerketa-taldeko kideetako bat da Casado, eta, haren ustez, garrantzitsua da ekosistemek eskaintzen dituzten bestelako zerbitzuak gogoraraztea. Horien artean, hornidura-zerbitzuak aipatu ditu, hala nola elikagaiak, ura, energia eta materialak; eta baita erregulazio-zerbitzuak ere: uraren eta airearen kalitatea bermatzea, uholdeetatik babestea... Hala, "zerbitzu horietako asko doakotzat jotzen ditugu, baina preziorik ez duten onurak oso baliotsuak eta beharrezkoak dira", esan du Casadok.

Ikertzaileek azaldu dutenez, Bilbo Metropolitarrak gizakiak eragindako aldaketa ugari jasan baditu ere, ingurune berdeak azaleraren % 75 hartzen du. "Bertan badira mendiak, basoak, urtegiak, ibai eta errekak, hondartzak, padura eta dunak, itsaslabarrak eta sastrakadiak", zehaztu dute.

Baina zer balio ematen diete herritarrek ekosistema horiek eskaintzen dituzten zerbitzuei? Hori jakiteko, 30 galdera biltzen dituen galdeketa bat sortu zuten ikertzaileek, eta bostehun pertsona elkarrizketatu zituzten.
Erantzunen arabera, inkestatutako ia pertsona guztiak jabetzen dira ingurune berdeak ekosistema-zerbitzuak ematen dituela, eta balioetsi eta estimatzen dituzte. Alabaina, pertsona horien ia % 80k kultura-zerbitzuak identifikatzen baditu ere (aisialdia, paisaia, atsedena...), heren batek baino ez ditu erregulazio-zerbitzuak identifikatzen, eta are gutxiagok (% 1,8) identifikatzen ditu ekosistemen hornidura-zerbitzuak.

Horrez gain, inkestak agerian utzi du zerbitzurik baloratuenak airearen kalitatea hobetzea eta biodibertsitatearen kontserbazioa direla. Bestalde, inkestari erantzun dioten gehienak (% 88) prest daude eremua kontserbatzen laguntzeko. Erabaki horretan eragin positiboa duten ezaugarri sozio-ekonomikoak dira, besteak beste, jatorri urbanoa edukitzea, gaztea izatea, babestutako eremuak bisitatzea eta emakumea izatea.

Herritarren parte-hartzea: beharrezkoa
Emaitzak ikusita, ikertzaileak ohartu dira herritar asko ez direla gai hornidura-zerbitzuak identifikatzeko. Izan ere, nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak nahiko urriak dira inguru hartan. Herritarrek, ordea, oso ondo baloratzen dituzte, inkestatu gehienak nekazaritza-eremuak bultzatzearen alde azaldu baitira. Eta beste eskaera bat ere egin diete kudeatzaileei: ingurune berdeko ekosistemen balioa azpimarratzea eta erregulazio egokia ezartzea.

Hain zuzen ere, ikertzaileek adierazi dute, ekosistemen etorkizunaz erabakitzeko, beharrezkoa dela ikerketa eta herritarren parte-hartzea sustatzea. Haien esanean, "Bilboaldeko ingurune berdeko ekosistemen etorkizunaz erabaki ahal izateko, ahalik eta informaziorik handiena eta ezagutzarik sakonena izan behar dugu gaur egungo egoeraz eta etorkizuneko aukerez".

Horrenbestez, ezinbestekotzat jo dute halako ikerketak egitea, eta erabakiak hartzen dituztenek aintzat hartzea emaitzak. "Ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak eta biztanleen iritzia ezagututa, oinarri sendoa izango dugu nolako etorkizuna nahi dugun jakiteko", ondorioztatu dute.

Ikerketa osoa Journal of Environmental Management aldizkarian argitaratu dute, 'Perception, demand and user contribution to ecosystem services in the Bilbao Metropolitan Greenbelt' izenburuarekin; hau da, 'Ekosistemen zerbitzuei buruz erabiltzaileek dituzten pertzepzio, eskaera eta ekarpenak Bilboaldeko Ingurune Berdean'.

Datu gehigarriak
UPV/EHUko Paisaia, biodibertsitatea eta ekosistemen zerbitzuak ikerketa-taldeak egin du Bilboaldeko Ingurune Berdeko ekosistemen zerbitzuei buruzko pertzepzioa jasotzen duen ikerketa. Zehazki, Izaskun Casado Arzuaga Ingurumen Zientzietan lizentziatuaren doktore-tesian jaso ditu emaitzak, eta Miren Onaindia Olalde ekologian katedraduna da tesi-zuzendaria

Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitatean egin badute ere, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen dute, Ikertzaileak Prestatzeko eta Hobetzeko Programetarako beka baten eta 'Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa Bizkaian' proiektuaren bitartez, hurrenez hurren.