Breadcrumb

Albisteak

Bizkaia Aretoak 356 ekitaldi hartu zituen 2012an, bere lehen urtean baino %45 gehiago

Lehenengo argitaratze data: 2013/02/05

Jasotako 47.677 bisitariekin, Bilboko biltzar eta kultur eskaintzaren erreferente bezala finkatu da UPV/EHUren paraninfoa.

Bizkaia Aretoak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Abandoibarran (Bilbo) duen paraninfoak, 2012an -ireki zenetik bigarren urtea- 356 ekitaldi hartu zituen, eraikina inauguratu zen urtean baino 110 gehiago. Beraz, %45 hazi da bere aktibitatea. Guztira, 47.667 lagunek parte hartu dute ekitaldi horietan. Horrela, bai unibertsitateko zein unibertsitateaz kanpoko Bilboko kultur eskaintzaren eta biltzar, mintegi eta bileren antolaketaren erreferente nagusietako bat bezala finkatu da Bizkaia Aretoa. Jarduera zientifiko eta kultural horien bitartez, UPV/EHUk zuzenean lagundu du ezagutzaren zabalkuntzan eta zientziaren garapenean. Era berean, unibertsitate-esparru honetan burutu diren kontzertu, proiekzio eta erakusketek bat egin dute, hiriko beste esparruekin batera, Bilboren kontsolidazioarekin hiriburu kultural eta artistiko bezala.

Bilboko gune enblematiko batean kokatuta, Guggenheim Museoa eta Euskalduna Jauregiaren artean, Iberdrola dorrearen itzalean, Bizkaia Aretoak hiru entzunareto ditu (Mitxelena, 441 tokirekin, Baroja, 161ekin, eta Arriaga, 63rekin), lau erakusketa gela (Chillida, Oteiza, Axular eta Etxepare, guztien artean 540 metro karratu dituztenak), hainbat bilera gela, 400 metro koadro dituen hall bat eta Abandoibarra pasealekura begira dagoen lorategidun terraza bat. 2012an toki horien 1.252 erreserba egin dira, eta horrek %83ko okupazio-indizea eta egunean batez beste 5 aretoren erabilera suposatu du. UPV/EHUk ekitaldi guzti horien %76 antolatu ditu.

2012an Bizkaia Aretotik kudeatu diren alokairuak eta zerbitzu osagarriek milioi erdi euro inguruko inpaktu-ekonomikoa sortu dute, nahiz eta unibertsitateko kideentzat erreserbak doakoan diren, eta baita eraikinean burutzen diren kultur ekitaldi guztiak ere.

Martxoa eta azaroa izan ziren Bizkaia Aretoan jarduera gehien izan ziren hilabeteak. Eta jende gehien bildu zituzten ekitaldiak izan ziren "Menchu Gal: Kolorearen indarra" erakusketa -oraindik ere otsailaren 28ra arte bisitatu daitekeena-, Amazings 2012 zientziaren zabalkunderako topaketa, 12th Annual Conference of the European Society of Criminology biltzarra, Nuevos Paradigmas para el fomento del Empleo nazioarteko biltzarra eta Master Eguna (UPV/EHUren master eta berezko tituluei buruzko jardunaldia). Biltzarrak, mintegiak eta erakusketak hartzeaz gain, Bizkaia Aretoa Bizkaia Bilbao Arte eta Kulturak (BizBAK) antolatzen dituen ekimenen egoitza ere bada, hau da, UPV/EHUk antolatzen duen kultur egitaraua eta udako ikastaroak ere bertan burutzen dira.

Bizkaia Aretoaren erabiltzaileek bete dituzten gogobetetasun-inkestetan ematen den batez besteko nota 8,98koa da. Inkesta horietan, instalakuntzen kalitatea eta eskaini zaien zerbitzua puntuazioa emateko aukera izan dute erabiltzaileek.

Hector Hernando Bizkaia Aretoko zuzendariak adierazi duenez, "UPV/EHUko kide guztiek beraien eskura daukate esparru hau jarduera zientifiko eta kulturalak doan garatu ahal izateko, eta hori ekarpen garrantzitsu bat da unibertsitate honek sustatzen dituen baloreak garatzeko. Beste alde batetik, kontuan izanda Bizkaia Aretoak urte biko ibilbidea bakarrik duela, orain arte lortutako emaitzak argi eta garbi erakusten dute zein den eraikin honek eragiten duen jarduera kopuruaren maila altua".

Bestalde, Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak nabarmendu duenez, "Bizkaia Aretoa funtsezko gune bilakatu da UPV/EHUko zientzia eta kultura Bilboko bihotzean zabaltzeko".

Bizkaia Aretoak jarduera garrantzitsuen egoitza izaten jarraituko du. Besteak beste, 2013. urterako iragarrita dauden ekimenen artean nabarmendu daitezke International Conference On Renewable Energies And Power Quality (ICREPQ 2013), 5th European Conference on Intellectual Capital, 16th Conference History of Concepts, Ingeniaritzako zenbaki-metodoen Nazioarteko Biltzarra (CNM 2013), Amazings 2013 zientziaren zabalkunderako topaketa edo Balenciaga Argitzen erakusketa.