Breadcrumb

Albisteak

Bilbo, software librearen munduko hiriburua

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/09

Irudia

Uztailaren 11tik 19ra, software librearen inguruko hiru biltzar egingo dira aldi berean, UPV/EHUk antolatuta.

Uztailaren 11tik 19ra, Bilbo software librearen munduko hiriburua izango da, hirian hiru biltzar egingo baitira aldi berean. Bizkaia Aretoan zein Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan izango dira Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako hiru ekitaldiak: Akademy 2013, Qt Contributors Summit (QtCS) (biak nazioartekoak) eta Akademy-ES.

Biltzarrek dirauten artean, 300 garatzaile baino gehiagok parte hartuko dute hitzaldi eta lan-saioetan, baita tailer teknikoetan ere, ordenagailu eta mugikorretarako sistema eragileak eta mahaigain-inguruneak, geokokapenen aplikazioak, ilustrazio digitalerako programak eta abar bezalako askotariko aplikazioak hobetzeko.

Programaren barruan Open Promotional Program ere eskainiko da, herritarrentzat zabalik egongo dena. Arreta berezia jarriko zaio hezkuntzari, eta KDE hezkuntza-paketearen erabilgarritasunari, Kubuntu sistema eragileari, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetarako KDE hezkuntza-aplikazioei eta unibertsitaterako KDE hezkuntza-aplikazioei buruzko mintzaldiak emango dira eta Chicagoko Unibertsitatean Ingeniaritza Informatikoa ikasketetako praktikak erakutsiko dira.

Ekitaldi horiei esker, UPV/EHU eta Bilbo software librearen erdigunea izango dira, izan ere, herritarren eguneroko bizimoduan eta enpresen arloko IKTetan geroz eta ohikoagoa den gaia da. Mugikorretarako Android edo ordenagailuetarako Kubuntu (GNU/Linux oinarri duena) bezalako sistema eragileak, Firefox bezalako nabigatzaileak, GIMP bezalako irudi digitalak doitzeko softwarea edo LibreOffice bezalako bulegotikarako sortak geroz eta ohikoagoak dira gure eguneroko bizimoduan, eta gure jardueren kalitatea, fidagarritasuna eta segurtasuna bermatzen dute, horiek ere geroz eta barneratuago baitaude euskarri digitalean.

Ekitaldiok garapenaren nazioarteko komunitateek antolatu dituzte (KDE eta Qt), Itsas eta e-ghost taldeekin batera (software librea sustatzeko UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko taldeak, hurrenez hurren), eta Google, BlackBerry, Digia eta bestelako enpresa handiek babesten dituzte. Gainera, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, UPV/EHU eta Metro Bilbaoren laguntza jaso dute.

Helbide interesgarriak:

Akademy 2013: http://akademy.kde.org/

Qt Contrimution Summit: http://qt-project.org/groups/qt-contributors-summit-2013/wiki

Akademy-ES: http://es.kde.org/akademy-es2013/

Akademy-ri buruz

Akademy KDEren nazioarteko goi-bilera da, hau da, munduko software librearen komunitate handienetako batena. Akademy urtean behin izaten da. Bi egunez KDEren azken aurrerapenei buruzko aurkezpenak ematen dira, eta bost egunez programazio-saioak eta tailerrak egiten dira.

Akademy bileran KDE mahaigainaren eta plataforma teknikoaren kolaboratzaile nagusiak, software librearen industriako aitzindariak, administrazio publikoetako langileak, hezkuntzakoak eta abar elkartzen dira.
Akademy software librearen urteko egutegian galdu ezin den ekitaldia da. Kode irekiko/libreko teknologien eta erabiltzaile-interfazearen alorreko garapen-proiektuetan lankidetzan aritzeko aukera ezin hobea da.

Qt Contribution Summit bilerari buruz

Qt Contributors Summit (QtCS) Qt proiektuaren komunitatearen nazioarteko bilera nagusia da. QtCS 2013 izango da Qt Open Governance 2011n arrakasta handiz plazaratu ondorengo hirugarren bilera. Ekitaldia etorkizuna planifikatu eta lan egiteko bilera praktikoa da. Doakoa da eta gonbidapen bidez parte har daiteke. Qt Contributors Summit 2013ko uztailaren 15etik 16ra izango da, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan.

Akademy-ESri buruz

El Akademy-es Espainiako KDE kolaboratzaile eta erabiltzaileen urteroko topaketa da. Ekitaldian hitzaldiak eta tailerrak egingo dira KDE garatzaileak harremanetan jartzeko, profil teknikorik ez dutenei proiektuaren berri emateko eta KDE teknologien barrualdea ezagutarazteko garatzaile berriei zein KDE sakonago ezagutu nahi duten erabiltzaileei.

Itsas eta e-ghost taldeei buruz

Itsas eta e-ghost UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko software librearen taldeak dira, hurrenez hurren. Bi taldeen helburu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetako software, teknologia eta ezagutza libreak sustatzea da. Horretarako, hitzaldiak, biltzarrak, topaketak eta ikastaroak antolatzen dituzte software librearen abantailak zabaldu eta erabiltzaileen kopurua handitzeko.