Breadcrumb

Albisteak

Software ingeniaritzako Agile metodologiei buruzko hitzaldia prestatzen ari dira UPV/EHU eta Agile-Spain

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/22

Irudia

Urrian Bilbon bilduko diren profesionalek ekoizpen prozesuak azkartu eta aurrez aurreko komunikazioa sustatzen duten jardunbide egokiak aztertuko dituzte.

UPV/EHUko Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolak Agile-Spainekin batera antolatzen duen Agile-Spain 2013 Hitzaldian Agile metodologien alderdi berrienak aztertuko dituzte. Agile metodologiei esker, posible da softwarearen ingeniaritzaren garapena azkartzea balioa sortzeko eta antolakuntza aldatzeko motor gisa IKTen inguruan (Informazio eta Komunikazio Teknologiak). Izan ere, tresna horiek, tartean Scrum edo Lean Startup, lan prozesua azkartzen dute epe laburreko xedeak zehaztuz eta fase bakoitzeko erroreak begiratuz, azken produktua izan arte itxaron gabe.

Duela lau urtetik antolatzen dute sektoreko estatu mailako hitzaldi garrantzitsuena den ekimen hau, eta aurten softwarearen garapeneko 200 profesionaletik gora elkartuko dira, enpresa txiki eta handietakoak zein administrazio publikokoak. Orain arteko topaketak Madril (2010), Castelló (2011) eta Cáceresen (2012) egin dituzte. Agile-Spain 2013 hitzaldian izango diren hizlarien artean honako hauek nabarmendu behar dira; batetik, Yahoo!-ko Agile Coach den Tobias Mayer (San Francisco), Agile metodologien aholkularitzan eta prestakuntzan aitzindaria baita; bestetik, Koldo Saratxaga, antolakuntza aldatzeko ereduetan erreferentea den aldetik.

Agile metodologiak aurrez aurreko komunikazioa, talde lana eta produktuak gehikuntzaz garatzea nabarmendu duten zenbait jardunbide egoki dira, egokitzapen prozedura bati jarraiki. Prozesu horren bitartez, taldeak osatzen dituzten pertsonak auto-antolatu egiten dira, taldean kolaboratzen dute eta produktuaren entrega partzialak eta erregularrak egiten dituzte, arazoak lehenbailehen identifikatu eta konpontzeko eta, hala, azken produktua erabiltzaileen espektatibetara hobeto egokitzeko. Ezagutza kudeatzeko oinarria izaera bereizletzat duen lanerako filosofia hori enpresen antolakuntzan sendotzen ari da.