Hitzaldia: Zer da benetan dieta osasungarri eta jasangarri bat?
Data
2022/01/19, 19:00
Bidebarrieta Kulturgunea
Bidebarrieta, 4. Bilbao
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) esanetan, dietak jasangarriak izan daitezen, ingurumen-inpaktu txikia eragin behar dute, elikadura eta nutrizioaren segurtasuna babesten lagundu behar dute eta egungo zein geroko belaunaldiei bizimodu osasungarria izaten lagundu behar diete. Biodibertsitatea eta ekosistemak babestu eta errespetatzeaz gain, dieta horiek onargarriak izan behar dute kulturaren ikuspuntutik, eskuragarriak, bidezkoak eta eskuragarriak ekonomiaren ikuspuntutik, eta egokiak, kaltegabeak eta osasungarriak nutrizioari dagokionez, baliabide naturalak eta giza-baliabideak optimizatzeaz gain.
Egun, gero eta begi-bistakoagoa da dieta eta elikadura-sistema jasangarriagoetara aldatzeko premia. Horren harira, azken hamarkadan, gero eta gehiago dira munduan elikadura-politiketan eta kontsumitzailea hezteko programetan jasangarritasunari buruzko irizpideak txertatzen hasiak diren herrialdeak.
Alabaina, benetan jabetzen al gara elikadura arloko erabakiek ingurumenean eragiten duten inpaktuaz? Nola murriztu ahal dugu elikadurari lotutako karbono-aztarna? Eta oroz gain, ba al dakigu zehazki zeintzuk diren gure dietak bete behar dituen ezaugarriak osasungarria eta jasangarria izan dadin?
Gai horiek guztiak argitzeko, Nerea Telleriak, Euskal Herriko Unibertsitateko Nutrigenomika eta Nutrizio Pertsonalizatuko doktoreak, “Zer da benetan dieta osasungarri eta jasangarri bat?” izenburuko hitzaldia emango du datorren asteazkenean, urtarrilaren 19an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.
Hitzaldian, planteatutako galderei erantzuteaz gain, Telleriak, UPV/EHUko Elikadura Iraunkorraren taldeko ikertzaileak, dieta osasungarri eta jasangarria izateko gakoak azalduko ditu, hala nola, landare-jatorriko elikagaiak oinarri nagusi dituen elikadura izatea, tokiko eta sasoiko elikagaiak aukeratzea, haragi gorriaren, ultraprozesatutako elikagaien nahiz edari azukredunen kontsumoa murriztea, edota elikagaiak alferrik galtzeko joera minimizatzea, beste hainbat gomendioren artean.
Sarrera
Hitzaldi-solasaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatutako Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan antolatu da, eta modu presentzialean ikusi ahal izango da, baita streaming bidez ere, KulturguneaTB kanalaren bitartez. Sarrera librea da, ez da gonbidapenik eskuratu behar aurretiaz, eta lekuak bete arte sartu ahal izango da.
Hizlaria
Nerea Telleria, Nutrigenomikan eta Nutrizio Pertsonalizatuan doktoratu zen UPV/EHU eta unibertsitate bereko Elikadura Jasangarriaren taldeko ikertzailea da. Bere doktorego-tesian gainpisuaren zein obesitatearen arrisku-faktoreak dakartzaten bizimoduak aztertu zituen unibertsitateko ikasleen artean, batez ere dietarekin lotutakoak. Era berean, elikadura osasungarri eta jasangarriaren arloko prestakuntza eta esperientzia ditu. Ildo horretan, plazaratu dituen azken argitalpen zientifikoetako batean, unibertsitateko ikasleen elikaduraren kalitate nutrizionala eta karbono-aztarna aztertu ditu.