Matrikula baliogabetzea
(Graduko ikastetarako Kudeaketa Akademikoaren Araudiaren laburpena)
34. artikulua.- 1.- Nahiz eta ikasleek legezko epean eta eran eskatu matrikula baliogabetzea, ez zaie inolaz ere itzuliko ordaindutako dirua, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina onartzekoak, 34.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.
2.- Matrikularen prezioa ez ordaintzeak edo zati bat bakarrik ordaintzeak espediente akademikoa etetea ekarriko du.
3.- UPV/EHUk ikusiko balu ikasleak ez duela betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, ezetsi egingo du matrikula egiteko eskaria, eta ordaindutako dirua itzuliko dio ikasleari.
4.- Ikasleek matrikula baliogabetu ahal izango dute urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte. Matrikula osorik baliogabetuko da beti, eta ezin izango da irakasgai solterik edo matrikularen zati bat bakarrik baliogabetu. Data horretatik aurrera ez da baliogabetuko matrikularik, unibertsitateak beren-beregi baimenik ematen ez baldin badu, ikasleak eskaria egin eta gero, eta 35.6 artikuluarekin bat etorriz. Matrikula baliogabetzeak ez dakar interesdunak ordaindutako prezio publikoak itzultzea.
5.- Matrikula ez ordaintzeagatik espediente akademikoa etenda daukan ikasleak, ordaintzeke daukan kopurua zor izango dio unibertsitateari. Erabakia emango da ikaslea zorduna dela adierazteko eta jakinarazpena egingo zaio.
6.- UPV/EHUrekin zorren bat dutenek ezin izango dute aurrerantzean beste matrikularik egin. Halaber, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ez eta espediente akademikoari buruzko informazio oharrik ere, eta ezin izango dute espedientea lekuz aldatu. Era berean, ezin izango dituzte UPV/EHUren zerbitzuak erabili.
7.- Ikasleari berriro aktibatuko zaio espediente akademikoa zorra ordaintzen duen unean.
8.- Matrikula baliogabetu duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena unibertsitatean ikasten berriz hasi nahi izanez gero.
9.- Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak, eta aurretik beka eskaria egina eduki beharko du. Matrikulatzerakoan beka eskariaren kopia aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren gainontzeko agiriekin batera. Osterantzean, matrikulako prezioak ordaindu beharko ditu, nahiz eta hori ez den izango beka eskatzeko eragozpen.
Hala ere, ikasle batek baldintza akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula, eta gero beka ukatzen badiote, ez da zorduntzat hartuko, baldin eta matrikula baliogabetzeko eskatzen badu ukoa jaso eta hamabost eguneko epearen barruan.