Saltilloko Kondaira
1932-1998
1932
Belaontzia G. de Vries Lentsch ontzitegian eraiki zuten, Amsterdamen. Eraikitze zenbakia 1101 izan zen eta Mr. E. P. Hart ontzi arkitektoa izan zen ontziaren lerroak trazatu eta aparejadore planoak egin zituena.
Hasieran, ingeles bat, Mr D. Lawrie izan zen ontziaren jabea. Urte bete baino lehen ontzia landa batean zegoen, eta berriro ere salgai.
Azpimarratzekoa da urte hartako estropadak, Real Sporting Club Sanjurjo jeneralaren altxamenduak eten zituela.
1934
Belaontzia Pedro Galíndezek eskuratu eta SALTILLO izena jarri zion, bere Portugaleteko etxearen izena, hain zuzen.
"Campers & Nicholson" ontzitegian belaontziaren barneko aldea egokitzez amaitu zuten.
1935
Ekainaren 30ean orduko errepublikako lehendakaria zenak, Alcalá Zamorak, nabigazio patentea eman zion SALTILLO «motordun eta beladun yateari», eta patente horren bidez baimena ematen zitzaion ontzi horri «Munduko itsaso eta portu guztietan nabigatu eta salerosteko».
Urte hartan Saltillo izan Espainiako yate bakarra Ingalaterrako errege-erreginen jubileua gogoratzeko ekitaldian izan zena, Ingalaterrako ontzi entzutetsuenekin batera.
Urte hartan bertan ere, El Abran aingura botata zegoela, galerna altxa zuen eta hain zori txarra izan zuten ezen ontziak aingura arrastaka eraman eta Venancio Echeverríaren Amelita ontziarekin egin zuen topo, azken hori hondoratuz.
1936
Gerra zibila hasitakoan Saltillo bonba batek harrapatu zuen. Zorionez, albo batean bakarrik sortu zizkion kalteak eta ondorioz, "Foque" izeneko txakur bat hil zen. Ontziaren konponketa gerra bukatu arte atzeratu behar izan zuten.
1944
Eskuineko argazkian 1944an El Abran egindako kruzero-estropadetako irudi bat ikus daiteke. Lehenik, ontzi laguntzaile moduan 'Capricieuse'.
1945
Saltillok, Real Sporting Club-en banderapean Kantauri itsasoko kruzero-estropadan hartu zuen parte.
Urte berean Saltillok estropada garrantzitsu batzuetan hartu zuen parte, Marínen. Estropada haiek Sotomayorko Markesaren Larek irabazi zituen "star" modalitatean eta Vicente Eulateren Garrochak "snipe" modalitatean.
1946
Pedro J. Galíndezek Juan de Borbón, Bartzelonako Kondeari utzi zion ontzia. Urte hartako otsailetik Estorilen zuen bizileku hark.
Eskuineko argazkian ikus daiteke Juan bere seme Juan Carlosekin (egun Espainiako erregea).
Gerraosteko lehenengo olinpiadak egin eta Saltillo hara joan zen.
Arcachonen ontziratu ziren Juan de Borbón, bere anaia Segoviako Dukea, Eduardo Real de Asúa, Jesús Corcho eta Peru Galíndez.
Ekaitz bortitz batek hartara behartuta Southampton-en bota zuten aingura eta handik bi egunera, abuztuaren 10ean, Torbay-rako ibilbidearekin jarraitu zuten.
Abuztuaren 15ean Galíndezen emazteak Juani jakinarazi zion Danvilak Franco jeneralarekin elkarrizketa hitzartu zuela eta beraz, A Coruñako uretara joan behar zuela eta bertan, hilaren 18an jasoko zuela "berebiziko garrantzia zuen jakinarazpen bat".
Olinpiadaren ondoren Juanek ez zion mezu hari jaramonik egin eta Belle Ile-ra abiatu ziren. Abuztuaren 20an Sotomayorko Dukeak jakinarazi zion elkarrizketa prest zegoela eta Arcachon-era joan behar zuela, han itxarongo ziola Padilla eta Danvilarekin batera. Hilaren 21ean Arcachon-era joan eta hitzordua adostu zuten hilaren 25erako, eguerdiko hamabietan, Igeldoren iparraldera 5 itsas-miliatara. 24ean Cascais aldera abiatu ziren.
Hitzordu historikoa - 1948
Abuztuaren 25ean, SALTILLO, barruan B.G.E. Juan de Borbón zuela, Franco jeneralaren AZOR» yatearekin bildu zen, aurretik hala hitzartuta. Donostiatik iparraldera 5 itsas-miliatara bildu ziren. Bi pertsona ospetsuek luze jardun zuten gure herrialdearentzat erabakiorrak ziren gaiak jorratuz, bereziki, egunen batean Espainiako errege izango zenaren heziketari buruz aritu ziren.
... Francok Bartzelonako Kondeari Ondorengotzaren Legeari buruzko azalpena eman eta zehaztu zion legeak ziola ondorengotzara deitutako Printzeak 30 urte beteak izan behar zituela eta Juan Carlosek 10 zituela. Aurretik denbora asko egon arren, prestatzen hastea komeni zela. Minutu gutxiren buruan Juanek Sainz Rodríguezekin itundutakoa adostu zuen Francorekin: Printzea Espainian finkatzea batxilergoa ikasteko. Juanek ez zion horri buruz Gil Roblesi ezer aipatu. Francori ongi iruditu zitzaion talde bat antolatu eta eskola "Las Jarillas" finkan abian jartzea, Juanen lagun batena zen finkan, hain zuzen. Francok aldez aurretik onartu zituen erregeak aukeratutako irakasleak, baina aurrez haien izenak jakin nahi zituen. Gai honi buruzko elkarrizketa erraza izan zen. Juan konturatu zen Pedro Sainz Rodríguez zuzen zegoela eta "Generalísimoak" ez zuela Printzearen heziketa kontrolatu nahi, baizik hura Espainian mantentzea Londres eta Washingtonen aurrean azaltzeko karta politiko gisa, blokeo egoera hautsi eta normaltasun diplomatikoa berreskuratzeko helburuarekin... ».
Luis Mª Ansón
"Don Juan"
Ed. Plaza & Janés, Bartzelona, 1994
... elkarrizketaren ondoren
... Saltillora iritsitakoan, Juanek agurtu, lemazain jarri eta tripulazioari beharrezko aginduak eman zizkion. Francok, bitartean, aulki batean eserita, ahal zuen bezala eusten zien sagailo handiak Azor-i eragindako astinduei. Hiru minutu eta erdian -denbora errekorrean- Saltilloren bela guztiak jasota zeuden eta ziztu bizian urrunduz zihoan. Azor-en mastan "Bidaia ona izan" adierazten duen nazioarteko seinalea agertu zen eta erregearen ontzitik "Mila esker"-ekin erantzun zitzaion berehala. Minutu batzuk geroago bi solaskideak bata bestearen begien bistatik ezkutatu ziren. Juan Saltilloko tripulazioari zuzendu zitzaion eta zoriondu egin zituen, esanez: "Maniobra ona. Primeran, mutilak!". "Galiziar horiek ikas dezatela", izan zen Saltilloko marinel euskaldunen erantzun zorrotza» .
Luis Mª Ansón
"Don Juan"
Plaza & Janés argitaltxea, Bartzelona, 1994
1949
Berlengatako estropadetan hartu zuen parte, Carvoeiro lurmuturretik 13 itsas-milia ingurura dagoen uhartedi txikian. Faroko estropadan ere hartu zuen parte.
1950
Berlengas eta Funchal-eko estropadetan ere hartu zuen parte.
1958
Martxoaren 17an, Bartzelonako Kondea eta Ariongo Dukea, Ratsey Almirantea, Alburquerqueko Dukea, Jose María Burgoa, Evaristo Núñez, Dionisio Ortega eta Jorge Arnosok osatutako tripulazioa Atlantikoa gurutzatzera abiatu zen Saltillorekin, Amerika aldera. Ibilbidea New Yorken amaitzen zen.
Itzulerako bidaia oso gora beheratsua izan zen eta ekaitz bortitz baten ondorioak jasan behar izan zituzten. Cascais-era (Portugal) iristerakoan, ekainaren 24ean, belaontziak eta bertako tripulazioak harrera beroa jaso zuten.
"Apirilak 13, igandea, gauez Bartzelonako Kondea zaintza lanetan ari zela, aparteko zerbait gertatu zen. Ustegabeko haren pozak gainez egin eta tripulazioaren arreta piztu zuen. Denek ikusi zuten Saltillotik itsas-milia gutxira, nola objektu gori batek, zeinak suzko lorratz zoragarri bat utzi zuen atzean, parabola izugarri bat egin zuen ozeanora erori eta hondoratu zen arte. Argizko apoteosi liluragarri bat sortu zuen, une batez, gaua egun bihurtuz.
Gau hartan objektu hari buruz aieruka hasi ziren. Hasieran, pentsatu zuten, jaurtigai bat zela, eta egin zuen mugimendu txikiarengatik, pentsatu zuten amerikarren misilekin esperimentuak egiteko puntua izango zela hura. Dena den, Juan izan zen, honako hipotesi honi eutsita, asmatu zuena: "Sputnik"-a zen. Eta hala zen, Saltillo zegoen lekuko altuera eta ordua kontuan hartuta, beranduago egiaztatu baitzen Washington-go irratietatik Atlantikoan eroritako bolido erraldoi hura, hain zuzen, lehenengo satelite sobietar artifiziala zela, Lurraren inguruan egindako errekor luze eta harrigarria amaitu eta gero."
1962
Maiatzaren 14an, Atenasen ezkondu ziren Juan Carlos de Borbón eta Greziako Sofia. Saltillo, festarako jantziekin apainduta eta Pireoko uretan aingura botata ezkontzaren lekuko izan zen.
1963
Saltillo "Giraldaren" ama-ontzi bezala joan zen Ingalaterrara. Bilbaora itzulitakoan harrera beroa egin zien Real Sporting Club-en.
1968
Pedro Galíndezek SALTILLO orduko Portugaleteko Nautika Eskola Ofizialari eman zion helburu honekin: «eskola hartako ikasleei marinel-praktika irakasteko».
(ikusi "Saltilloren dohaintza")
Data hartatik aurrera, 17 urte inguruan, SALTILLO helburu horretarako erabili izan zen aldizka.
1987
Urtarrilean, Fernando Cayuela Camarerok, Saltilloko Kapitainak, ontzia Mundakako Mendieta ontzitegira eraman zuen. Bertan, dike lehorrean, kroskoa turrustatu zen eta konturatu ziren xafla egoera txarrean zegoela, ukabila adinako zuloak baitzituen flotazio parean. Beraz, lehenbailehen sakoneko konponketari ekin behar zitzaion.
Azaro bukaeran, Nautika Goi Eskolan sortu zen «SALTILLOren Lagunen Elkartea» , izaera filantropikoa eta kulturala zuen elkartea, eta helburu nagusitzat Saltillo zaharberritzeko material eta giza baliabideak lortzea zuena.
1988
Otsailaren 2an, Santurtzitik Axperaino nabigatu zuen Saltillok. Hara iritsitakoan, jaso egin zuen «Consulado de Bilbao» gapirioak eta Bilbaoko Portuko Axpe-Erandio moilan utzi zuten. Belaontzietan espezialista handiena zen Celaya ontzitegiak ere hartu zuen parte. Azken horrek utzi zuen hondartzeko ohe bat, ontzia gainean jartzeko eta berreraiketzea gauzatzeko hasierako aurrekontuak ere haiek egin zituzten.
1993
Apirilaren 1ean hil zen B.E.G. Juan de Borbón, Saltillorekin hain harreman estua izan zuena.
Urrian, Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalak 5 ECUko txanpon bat egin zuen, aurrealdean Juan de Borbónen irudiarekin eta atzealdean Saltillorenarekin.
1994
Uztailaren 15ean, Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalak posta zigilu bat egin zuen SALTILLOren irudiarekin. 2.500.000 alekoa izan zen tirada eta prezioa 29 pezetatakoa.
Abuztuan, Bilbaoko Marina Zibileko Goi Eskola Euskal Autonomia Erkidegora ekarri zuten eta handik gutxira UPV/EHUn integratu zuten Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoa izenarekin.
1995
Urtarriletik aurrera Saltilloren kontserbazio egoera, konponketak egiteko beharra, konponketa horien kostua, etab. ebaluatzea helburu zuten lanak egin ziren. M.Z.G.E.k proiektu bat landu zuen ontzia zaharberritzeko.
Aldi berean, hain historikoa zen belaontziaren erabateko zaharberritzeari behin betiko heltzeko hainbat kudeaketa lan hasi ziren.
1998
Maiatzaren 11an, Saltillo Erandioko Axpe ontzitegitik Zamakonakora eraman zuten, Santurtzira, eta han eman zitzaizkion aro berri bati ekiteko azken ukituak.