Kalitate Politika eta Helburuak
Bilboko Ingeniaritza Eskolak (BIE/EIB), bat etorrita unibertsitatearen Plan Estrategikoarekin eta Estatutuekin, goi mailako irakaskuntza eskaintzen du, honako hauen bitartez: irakaskuntza, ikerketa, ikasketa, kultura eta unibertsitate hedakuntza, eta bere jardueren oinarri diren kudeaketa prozesuak eta zerbitzuak. Eskolak bere gain hartzen du zerbitzu horien kalitatea eta bikaintasuna bermatzeko konpromisoa.
Unibertsitatean, berritzeari ekiteko kalitatearen ikuspegitik, prozesuan txertatu behar dira, nahitaez, irakaskuntzaren bikaintasunarekin, ikasleen ikaskuntzarekin, erakundearen kudeaketarekin, ikerketarekin, transferentziarekin eta nazioartekotzearekin lotutako helburuak, bai eta unibertsitatearen gizarte erantzukizunarekin eta ikasleen prestakuntzarekin zerikusia dutenak ere.
Bilboko Ingeniaritza Eskolak (BIE/EIB) kalitate kultura sendotzea du helburu eta jarduera printzipio nagusietako bat; eta, horretarako, eskaintzen dituen ikasketen kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren prozedurak eta ekintzak finkatzeko konpromisoa hartzen du. Prozedura eta ekintza horiek honako hauek izango dituzte ardatz: ikasleak, irakasleak, koordinatzaileak, zuzendaritza taldea, administrazio eta zerbitzuetako langileak, enplegatzaileak, tituludunak, hezkuntzaren arloko administrazioa, eta, jakina, gizartea bera. Izan ere, gizartean eskaera profesionala egon behar da ikastegiak zerbitzua eskaintzen jarrai dezan.
Zuzendaritza taldeak, jabetuta kalitate prozesuek tituludunen prestakuntzan duten garrantziaz, uste du kalitatearen kultura ezartzea faktore estrategikoa dela enplegatzaileek eta gizarteak, oro har, aintzat har ditzaten eskolako tituludunen gaitasunak, abileziak eta trebetasunak. Alde horretatik, interes talde guztien beharrak eta itxaropenak asetzera bideratzen ditu bere ahaleginak, eta eskura dituen giza baliabide eta baliabide tekniko eta ekonomiko guztiak erabiliko ditu kalitatearen kultura ezartzeko ikastegian.
Bide horretan, Kalitate Batzordea eratu zen. Eskolako Batzarrak izendatutako batzorde horrek, zuzendaritza taldearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu eta, gainera, barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema horren politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan.
Kalitate Batzordeak, bestalde, eskolako zuzendaritzari eta Eskolako Batzarrari laguntza eta aholkua ematen die tituluen curriculuma garatzeko plangintzan eta jarraipen lanean, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza‑ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak berak gidatutako ikaskuntza sustatzen da (banaka nahiz taldean lan eginda), bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, ikastegiko Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egiten ditu.
Ikastegiko Batzarrari dagokio, gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, eskolako kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzea ere. Orobat, Eskolako Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, Kalitatea Bermatzeko Sistemaren esparruan Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.
Eskolako interes talde guztietako ordezkariek (zuzendaritza taldea, IRI, titulazioetako koordinatzaileak, AZP eta ikasleak) osatzen dituzte aipatutako bi organoak, eta horrela bermatuta dago denen parte hartzea kalitate politika eta helburuak definitu, eguneratu eta onartzeko zereginetan:
Ikuspegi horretatik abiatuta, zenbait helburu zehaztu dira, gure kalitate politikaren garapena gidatuko dutenak:
- Enplegatzaileen eta, oro har, gizartearen premia eta itxaropenekin bat datorren prestakuntza eskaintza bikaina eta kalitatezkoa sustatzea eta eskaintzea.
- Irakasleen prestakuntzarako proposamenak egitea, Europako Unibertsitate Eremura egokitutako irakaskuntza gaitasunak eguneratzeko eta garatzeko.
- Ikastegiari erkidego eta estatu mailan zein nazioartean ospea emango dioten irakaskuntza berrikuntzako jardueren garapena sustatzea.
- Jarraipen eta ebaluazio prozesua bultzatzea, etengabeko hobekuntzaren konpromisoa gauzatzeko.
- Irakaskuntzaren eta ikerketaren helburuetara bideratzea ikastegiaren zuzendaritza eta kudeaketa.
- Interes talde guztiek kalitate politika ulertu eta onartzen dutela ziurtatzea.
- Kalitatea Kudeatzeko Sistema eraginkorra dela eta aldian‑aldian kontrolatu eta berrikusten dela bermatzea.