euskaraespañol

Mirari Ayerbe, Farmazia Fakultateko dekano berrautatua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/09

Farmazia Fakultateko dekano-talde berria. Argazkia: UPV/EHU.

Mirari Ayerbe Diaz irakaslea Farmazia Fakultateko dekano hautatua izan da hurrengo lau urteetarako. Kimika Zientzietan lizentziatua eta Kimika Organikoan doktorea da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean. Irakasle izateaz gain, kudeaketa lanak egin ditu Fakultatean bertan eta baita UPV/EHUn ere, aipagarriena, lau urtez betetako Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuko (SAE-HELAZ) Zuzendaritza izanik.

Dekanotza taldean lankide izango ditu Nerea Osinalde Moraleja, idazkari Akademikoa; Joseba Bikandi Bikandi, Akademia Antolaketa eta Irakaskuntza Plangintzarako dekanordea; Fernando Sarrionandia-Ibarra Eguidazu, Kalitate eta Jasangarritasunerako dekanordea; Laura Saenz del Burgo Martinez, Kanpoko Praktiken dekanordea; Esti Sarrionandia Areitio, Ikasleen eta Gradu Amaierako Lanaren dekanordea; Virginia Navarro Santamaria Mugikortasun eta Nazioarteko Programetarako dekanordea eta Berrikuntza, Komunikazioa eta Gizarte Hedakuntzarako dekanordetza berrian, Igor Horrillo Furundarena.

Hurrengo lau urteetan Fakultatearen eta titulu guztien akreditazioa berritzea lortu beharko dute, zalantzarik gabe, hobekuntzarako aukera paregabea. Farmazia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika Gradu bikoitza guztiz ezarri beharko dute eta graduondoko eta etengabeko formakuntzaren eskaintza ugaritzeko asmoa ere badute, gizartearen erronkei kalitatezko erantzuna emateko.

“Hezkuntza berriztatzeko eta ikertzeko proiektu ugari ditugu, inguruko enpresa, ikastetxe eta erakundeekin lotuta -adierazten du dekanoak-. Irakaskuntza berrikuntzan egiten diren ahaleginak aztertu eta talde ekintzaileen arteko elkarlana bultzatu nahi da, ikasleen iritzia jaso eta inpaktu positiboena duten ikas-jarduerei indarra emateko”.

Fakultatea osatzen duten pertsona guztien arteko komunikazioa sustatzeko hainbat ideia dute, elkar-ezagutza eta lankidetza sustatzeko. Barrukoaz gain, kanpora begirako komunikazioa ere landu nahi dute. Ezagutarazi beharra dago fakultateak lan egiten duela hainbat erakunderakin, hala nola, elkargo profesionalak, 4Gune eta KSIGune -goi-mailako hezkuntza eta enpresen arteko loturak lantzen dituzten clusterrak-, edo Elikagaien Segurtasunaren Ikerketarako Koordinazio-mahaia. Izan ere, “unibertsitate publikokoa den fakultate honek, etengabe ikasteko eta hobetzeko ahaleginak egiten dituen euskal gizarteari soberan itzuli behar baitizkio lortzen dituen emaitzak”, esaten du dekano berriak.