euskaraespañol

Eguneko irudia

Ramón y Cajal Fellow UPV/EHUn eta ikerlaria IIS Biodonostian

Matxus Perugorria: «Kontratazio plan egonkorrik gabe, garun ihesak ez du etenik izango»

Ikerbasqueren aitortza jaso du, ikertzaile gazte gisa Onkologia Hepatikoaren arloan egin duen ekarpen nabarmenagatik

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/25

Matxus Perugorria muestra el galardón entregado por la Fundación Ikerbasque. Foto: Ikerbasque
Matxus Perugorria Ikerbasque Fundazioak eman dion sariarekin. Argazkia: Ikerbasque.

Matxus Perugorria (Bera, 1981), Biologian doktore, UPV/EHUko ikertzailea da eta Biodonostia Institutuan lan egiten du. Berriki, Ikerbasqueren sari bat jaso du lan horregatik, ikertzaile gazte gisa egindako ekarpen nabarmenagatik; zehazki, kalte hepatiko kronikoak aurrera egitean eta gibeleko tumore primarioen garapenean esku hartzen duten mekanismo molekularren inguruko azterketengatik. Aitortza horrekin, belaunaldi berrientzat emakumezko erreferente izan daitezkeen emakume ikertzaile bikainak ikusarazi nahi ditu zientzia fundazioak. Ikerketaren egoeraz, oro har, eta emakume ikertzailearen egoeraz, zehazki, hitz egin dugu berarekin.

Zergatik erabaki zenuen ikerketan aritzea?

Umetatik, prozesu biologikoek nola funtzionatzen duten jakin nahi nuen. Ikerketaren bidez, nire oinarrizko beharretako bat betetzea lortu dut, giza biologiak nola funtzionatzen duen jakiteko nahia, alegia, eta, era berean, gure gizarteak dituen erronka berriei erantzuten aktiboki lagundu dezaket. Nire ibilbide zientifikoa beti Onkologiaren arloari lotuta egon da; zehazki, gibelean garatzen diren tumore primarioen azterketarekin. Ikuspegi horretatik, esparru horretan ekarpen bat egin ahal izateak, jakintza sortuz edo paziente horientzako moldatzeko bide berriak eta tratamenduak proposatuz, beti eman dit lanbide honetan aritzeko behar bezainbesteko motibazioa.

Ikerketaren arloan sartzera animatu zintuen erreferenteren bat izan zenuen?

Bada ez dakit kasualitatea izango den edo ez, baina nire ikerketaren arloko prestakuntzaren etapa osoan maila handiko emakume ikertzaileekin lan egiteko aukera aparta izan dut. Bai doktorego aurreko etapan, Nafarroako Unibertsitatean, bai Newcastlen, Parisen eta Vienan egindako egonaldietan, emakume erreferenteekin lan egiteko aukera izan dut, eta niretzat erreferente izan direla eta izaten jarraitzen dutela esan behar dut. Era berean, batez ere azken sendotze etapa honetan, generoa alde batera utzita, bai nire ikerketa ildo independenteak babestuz bai ikusgaitasuna emanez nire garapen profesionalean ekarpen handia egin duten gizon ikertzaileekin lan egitea ere garrantzitsua izan da.

Zure ustez, zu bezalako emakumezko erreferenteak indartzea beharrezkoa da oraindik neskak ere zientzialari izatera animatzeko edo bide hori dagoeneko eginda dago?

Nire ustez, azken urte hauetan emakumezko erreferenteak ikusarazteko ahalegin handia egiten ari da. Beste edozein esparrutan bezala, emakumeak beren ikerketa ildo propioen buru direla normalizatzea eta komunikabideetan ikusaraztea urrats garrantzitsua da, belaunaldi berriei genero estereotipoen aurkako heziketa ematea bezain garrantzitsua.

Berriki Science Direct-en kaleratutako ikerketa batean ondorioztatzen zenez, «antolaketan eta erakundeetan balio aldaketa bat behar da, biomedikuntza zientzietan emakume akademikoak sustatzeko elementuak indartzeko; horrek arlo horretan kristalezko sabaiaren fenomenoa murrizten lagunduko luke». Ondorio hori zuzena iruditzen zaizu?

Segur aski, duela urte batzuk biomedikuntza zientzietan emakume akademikoak sustatzeko oztopoak egongo ziren; adibidez, ebaluazioetan generoarekin lotutako lerrabideak edo kontratazioan eta sustapenean genero desparekotasunak. Baina, alde horretatik, uste dut aurrera egin dugula eta egoera aldatzen ari dela. Beharbada, emakumeek lidergo postu horiek lortzeko eragozpen handienetako bat lana eta familia uztartzeko zailtasunak izan dira, baina ildo horretan ere neurriak hartzen ari dira.

Euskadin, emakume zientzialarientzat kristalezko sabairik badago?

Nire kasuan, ez dut sumatu, nire lankide gizonezkoen aukera berberak eduki ditudala uste dut. Ildo horretan, gainera, azken urte hauetan, Ikerbasquek antolatutako “Emakumea eta Zientzia” gaiari buruzko lantegietan parte hartu ahal izan dut, gure lan ibilbideek aurrera egiteko oztopoak eta aldeko faktore potentzialak aztertzeko egindakoetan. Mota horretako programak Europa mailan ere egiten ari dira; hain zuzen, azken bi urte hauetan, beste emakume ikertzaile batzuekin batera, Europako Gastroenterologia Elkartea (UEG) erakundearen “Women in Science – Making equality a reality” lantegian ere parte hartu dut, role model gisa. Lantegia horien xedea da emakume ikertzaileek beren egunerokoan dituzten oztopo edo zailtasun potentzialak diagnostikatzea eta ikerketa ibilbide arrakastatsuagoa izaten laguntzen duten alderdi positiboak identifikatzea, azken helburua emakume ikertzaileen belaunaldi berriei laguntzea izanik. Halaber, programa horien bidez, emakume ikertzaileak ikusarazteko eta ikerketan genero berdintasuna sustatzeko asmoa dago.

Zure ustez, emakume ikertzaileek zuzendaritza postuak berdintasunez betetzen dituzte, taldeen ikerketa ildoak berdintasunez erabakitzen dituzte?

Zuzendaritza postuetan oraindik berdintasunik ez dagoen arren, nire ustez, pixkanaka egoera aldatzen ari da. Nire iritziz, gure erakundeetan berdintasun planak martxan jarri izana, hainbat alderdi kontuan hartuta –esaterako, sentsibilizazioa, kontziliazioa, erabakiak hartzeko orduan ordezkaritzaren eta parte hartzearen aldetik berdintasuna izatea–, pauso garrantzitsua da.

Ikerketaren babesa

Zure ustez, ikerketak babes egokia jasotzen du Euskadin eta estatuan?

Bai, Espainian gertatzen denaren kontra, non azken urteetan I+G arloan murrizketa handiak egin diren, Euskadin Eusko Jaurlaritzak ikerketaren aldeko apustu argia eta iraunkorra egin du. Euskadin, ikerketaren faktore erabakigarrietako bat Ikerbasquek talentuak erakartzea izan da.

Aurten, osasun ikerketa modan dago... Zure ustez, koronabirusaren pandemiak inflexio puntu bat ezarriko du administrazioek osasun arlora eta ikerketara bideratzen dituzten aurrekontuetan edo unean uneko kontu bat da?

Dirudienez, bai, pandemiak inflexio puntu bat ezarriko du 2021ean osasun arlora eta ikerketara bideratuko diren aurrekontuetan, baina apustu horrek, kontinuista izan, eta epe luzerako finkatu behar du. Nolanahi ere, egun hauetan komunikabideetan adierazi den bezala, BPGaren % 2 ere ez dugu inbertitzen zientzian. 

Aspalditik entzuten ari gara ikerketaren arloan, osasun arloan… garun ihesa gertatzen ari dela. Nola ikusten duzu egoera?

Nire ustez, ikertzaileak egonkortzeko kontratazio egonkorreko edo tenure track kontratazioko plan bat bilduko duen ibilbide zientifikoko eredu bat ezarri behar da. Bestela, ibilbide zientifikoko eredu horiek izan ezean, ikerketaren arloan garun ihesak ez du etenik izango, beste beka edo ikerketa kontratu bat lortuko dugun ez jakiteak eragiten duen ezegonkortasun eta ziurgabetasunagatik.

Arlo profesionalean, non ikusten duzu zeure burua hamar urte barru?

Nire ikerketa ibilbidearekin jarraitu ahal izatea espero dut, eta jakintza berria sortzeaz gozatzen; gibeleko minbizi primario horiek dituzten pazienteek diagnostiko hobea izan dezaten eta haien biziraupena eta bizi kalitatea handitzeko tratamenduak izan ditzaten lagunduko duen jakintza sortzeaz, alegia.

Zure ustez, zientzialari gisa zein izango litzateke zure arrakastarik handiena?

Nire ikerketa lana pazienteengana iristea, diagnostikorako tresna edo estrategia terapeutiko berrien bidez; hori litzateke nire pozik handienetako bat.