euskaraespañol

Eguneko irudia

Ana Irene del Valle dugu Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekano berria

Soziologian doktorea eta Politika eta Soziologia Zientzietan lizentziaduna. Simón Peñak utzitako diziplina anitzeko zentroaren zuzendari kargua hartu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/27

Gizarte eta Komunikazio Fakultateko Dekanotza talde berria
Gizarte eta Komunikazio Fakultateko Dekanotza talde berria

Ana Irene del Valle irakaslea Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekano berria aukeratu dute, eta Simón Peñaren ordez ariko da lanean kargu horretan. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) sartuz geroztik, Politika eta Soziologia Zientzietako lizentziadun eta Soziologiako doktore honek irakaskuntza eta ikerkuntza lanak egin ditu zuzendaritza taldeetako karguetan jarduteaz batera, bai Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskolan (1998-2000), bai Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanotza taldean (2017-2021).

Haren ibilbide akademikoan, dekano berriak graduko eta graduondoko irakaskuntza eta Hezkuntzaren eta Familiaren Soziologiaren arloko ikerketa uztartu ditu, eta arreta berezia jarri du kultura aldaketaren ikuspegitik egindako transmisio prozesuetan eta familia aldaketan eta indibidualizazioko prozesuetan. 2010az geroztik, UPV/EHUko CREDEIN-Civersity ikertaldeko kidea da. Talde horretan parte hartu du estatuko eta nazioarteko I+Gko kontratu eta proiektuetan gizarte kohesioaren, hezkuntzako balioen eta jardunbide egokien transmisioaren eta zaintzako eta enpleguko genero desberdintasuneko faktoreen gainean. Era berean, parte hartu du soziologiaren, hezkuntzaren eta genero desberdintasunen arloko jardunaldi eta biltzar ugari antolatzen.

Fakultateko zuzendaritza hartu duen dekanotza taldean Simón Peñaren taldeko kide batzuk daude, baita zuzendaritza karguetan berriak izan baina ikastegian oso ezagunak diren kide batzuk ere:

- Idazkari akademikoa: Esteban Arlucea Ruiz

- Irakaskuntzaren Antolakuntzako dekanordea: Alazne Ayestaran Yarza

- Komunikazio eta Gizarte Proiekzioko dekanordea: Terese Mendiguren Galdospin

- Azpiegituretako dekanordea: Andoni Iturbe Tolosa

- Praktiketako eta Lan Orientazioko dekanordea: Patxi Doblas Pozo

- Plangintza Estrategikoko eta Kalitateko dekanordea: Miguel Ángel Casado del Río

- Mugikortasuneko eta Nazioarteko Harremanetako dekanordeak: Alberto de la Peña Varona

Garai berrien araberako erronkak

Talde berriak iragarri duenez, orain arte egindako ahalegina eta lana aprobetxatu eta etorkizunera proiektatuko ditu erronka eta aukera berriak gogoan izanik, betiere elkarlaneko gobernantza ereduan oinarritutako kudeaketa eginik. Halaber, adierazi du ahaleginak egingo dituela gure ikastegiaren proiekzio akademikoa eta soziala indartzeko.

Ildo horretatik, talde berriak konfiantza du ikasleei gradu eta graduondoko prestakuntza sendoa, erakargarria, lehiakorra eta kalitatezkoa eskaini ahalko diela, betiere gizarteak dituen erronka, eraldaketa eta premiak kontuan hartuta. Horretarako, beste lan ildo batzuen artean, honako hauen aldeko apustua egiten du: gradu bikoitzen eta gradu aldatuen ezarpena finkatzea, prestakuntza dualeko eta nazioartekotzeko ibilbideak hedatzea eta indartzea. Eta apustu bera du graduondokoekin ere: kudeaketa, nazioartekotzea, enplegagarritasuna eta curriculumetik kanpoko praktiken eskaintza zabalari eustea.

Bestalde, Ana Irene del Valleren taldeak ikastegiko ikertzaileen lana erraztea eta laguntzea izango du xede.

Haiek jakinarazi dutenez, euskarak zuzendaritza berriaren beste ildo nagusietako bat izaten jarraituko du, bai prestakuntzan, bai ikerketan, "hizkuntzaren erabilera eta dinamismoa gure komunitate akademikoan indartuz".

Bestalde, dekanotza taldeak hausnarketa sozial sakon batean ere oinarritzen du bere proiektua: “jakitun gara gizartean, ekonomian, politikan eta hezkuntzan une berezi batean garela, non haustura eta transformazioa gertatzen ari diren egoera demografikoan, egitura produktiboetan, ezagutza sisteman, zerbitzu publikoetan eta komunikazioan. Krisi pandemikoak bete-betean kolpatu du gure bizimodua, maila guztietan, eta agerian gelditu da zer garrantzi duten haren kudeaketan zientziak, informazioak, komunikazioak, gizarte kapitalak eta politika publikoek. Hamarkada hasiera honetan, beharrezkoa dugu jakitea norantz, nola eta zer aukerarekin egin dezakegun aurrera gizarte jasangarriago eta igualitarioago baterantz. Irakaskuntza eta ikerketarekin lotutako komunitatea garen aldetik, etengabe hausnartu eta berrikusi behar dugu gizarte zientzien eta komunikazioaren esparruan prestakuntzan eta ezagutzaren sorkuntzan dugun eginkizuna".