euskaraespañol

Eguneko irudia

Haizea González, Fabrikazio Ingeniaritzako Elkartearen tesi onenaren saria

Euskal industria-sareko sektore gakoetako fabrikazio hibridoa ardatz duen lan honen bikaintasuna eta aplikagarritasuna baloratu du epaimahaiak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/21

Ezkerretik eskumara, Mikel González, Haizea González eta Gonzalo Martínez Pisson, CFAAn. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

2019ko azaroan, Haizea González Barriok, Industria Fabrikazioko espezialitateko Ingeniaritza Mekanikoko lizentziadunak, tesia defendatu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. “Methodology for hybrid manufacturing of turbomachinery integral rotary components in thermoresistant super alloys” izenburuko lanak Fabrikazio Ingeniaritzako Elkartearen doktore-tesi onenaren saria jaso berri du.

“Ohore bat izan da eta oso pozgarria da sari hau jasotzea, zeinak nire ikertzaile- eta irakasle-ibilbidearen hasieran egindako ahalegin handia saritzen baitu. Lan hori ezinezkoa litzateke Amaia Calleja eta Aitzol Lamikiz nire tesi-zuzendarien eta Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroko (CFAA) zuzendari Luis Norberto López de Lacalleren laguntzarik gabe. Eskerrak eman nahi dizkiet denoi. Bizitzea egokitu zaigun egoera eta urte honetan, are eta poz handiagoz hartzen dira horrelako albisteak”, esan du Haizea Gonzalezek, zeina gaur egun doktoratu ondoko ikertzailea baita UPV/EHUko eta CFAAko Ingeniaritza Mekanikoko Sailean.

Gonzalezen tesia eskualdeko industria-sarean oinarritzen da, eta funtsezko sektoreen barruko fabrikazio hibridoko prozesu berriak aztertzen ditu, hala nola turbina aeronautikoen fabrikazioa, moldeak, matrizeak eta protesiak, eta kostu handiko osagaiak fabrikatzeko eta konpontzeko irtenbideak eskaintzen ditu teknologia aditiboaren bidez. “Jo dezagun 3D inprimagailu bat, baina kasu honetan metalezkoa, zeinaren helburua baita puntako teknologien bidez konpon daitezkeen piezak alferrik ez galtzea”, azaldu du doktoreak.

Haizea Gonzalezek sei hilabeteko egonaldia egin zuen Sheffieldeko Unibertsitatean, eta Lehiakortasun eta Ekonomia Ministerioak emandako beka bati esker eta H2020 Europako proiektu baten barruan egin zuen tesia, industria-arloko enpresa indartsu batzuekin lankidetzan (hala nola IBARMIA makina-erremintaren fabrikatzailearekin). Industria-sektorearentzako aplikazio hori da, lanaren bikaintasunarekin batera, epaimahaiak batez ere baloratu duen alderdia.

CFAAko Mikel González eta Gonzalo Martinez Pissonen MALak ere sarituak izan dira

Tesi onenaren sariaz gain, Fabrikazio Ingeniaritzako Elkarteak master-amaierako lanekin lotutako beste hiru sari ere ematen ditu. Horietatik bi CFAAn gaur egun ikertzaile gisa ari diren bi ingeniari berriri eman dizkiete. Batetik, Mikel Gonzálezi, ‘Diseño y validación de procesos de acabado en célula robotizada para componentes aeronáuticos’ lanagatik; sari horrek gainera AFMaren aipamen berezia dauka (Advanced Manufacturing Technologies). Bestetik, Gonzalo Martínez Pissoni, ‘Un procedimiento robusto para la fabricación por mecanizado de prótesis de rodilla’ izeneko master-amaierako lanarengatik.

“COVIDaren krisia konplexua izan da enpresetan eta mundu akademikoan; beraz, sari hauek pizgarri dira fabrikazioaren eta makina-erremintaren teknologia aukeratu duten talentu handiko gazte hauentzat. Berrikuntzaren alde egitea funtsezkoa da gure herriarentzat”, adierazi du Norberto López de Lacalle CFFAko zuzendariak.