euskaraespañol

Bi ikasle nazioarteko txapelketa batean aitortu dituzte erregai garbi baten proiektuarengatik

Maider Bolaños eta Onintze Parra Ingeniaritza Kimikoa Masterreko ikasleek 2. postua lortu dute 'Egoera Egonkorrean Simulaziorik Onena' atalean, dieselaren ordezko dimetil eterra fabrikatzeagatik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/20

Eva Epelde irakaslea, Onintze Parra eta Maider Bolaños ikasleak eta Asier Aranzabal irakaslea. Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Emaitza bikaina lortu dute Maider Bolaños eta Onintze Parra ikasleek Aveva Prozesu Kimikoen Simulazioen Nazioarteko Txapelketan. Ingeniaritza Kimikoa Masterreko ikasle horiek 2. postua lortu dute 'Egoera Egonkorrean Simulaziorik Onena' atalean, dieselaren ordezko dimetil eterra (DME) lortzeagatik. Lehiaketa garrantzitsu horretan nazioarteko 53 unibertsitateko 487 ikaslek parte hartu dute.

AVEVA nazioarteko enpresa bat da, eta software industriala garatzen du. Bereziki, ingeniari kimikoentzako prozesu kimikoak simulatzeko eta diseinatzeko softwarea garatzen du. Lehiaketa hastean prozesu bat proposatu zuen Aveva enpresak: metanolaren deshidratazioa, DMEa, lortzeko. Erregai garbi bat, hain zuzen, diesela ordezkatzeko gai izan daitekeena.

Lehiaketak hiru ataza zituen: (i) prozesua egoera egonkorrean simulatzea eta destilazio-zutabea optimizatzea, (ii) Erreaktore, bero-trukagailu eta destilazio-zutabe komertzial batzuen artean, konbinazio posibleak eta ekonomikoki merkeenak aukeratzea eta simulatzea eta (iii) kontrol sistema bat egoera ez-egonkorrean barneratzea prozesuan. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleek ‘Simulazio Onena Egoera Egonkorrean’ lehen ataza horretan lortu zituzten emaitzik onenak, hain zuzen.

“Ingeniaritza Kimikoko graduan PRO/II izeneko prozesu simulagailu bat erabili genuen Prozesu eta Produktuaren Ingeniaritza irakasgaian. Bioi asko interesatzen zaigu prozesuen ingeniaritza arloa, eta apuntatzea erabaki genuen. Lehiaketa indibidualki edo taldeka egin ahal zen. Gure kasuan, Ingeniaritza Kimikoko Masterra egiten geunden, beraz, bikote bezala izen ematea erabaki genuen, lan karga apur bat banatzeko”, azaldu du Onintze Parrak.

Ordu askoko lana

Hasiera zaila izan zen bi ikasleentzat, Avevak lehiaketarako eskaintzen zuen simulazio programa berria ez zuten ezagutzen eta. Hala, dezente denbora behar izan zuten funtzionamendua ulertzeko. Baina, behin simulagailu berria apur bat ezagututa, hiru atazak bidaltzea lortu zuten. “Gehien gustatu zitzaigun eginkizuna lehenengoa izan zen, eta horretan, hain zuzen, gelditu ginen bigarren postuan. Gainera, epaileetako bati asko gustatu zitzaion gure planteamendua, esan digutenez”, adierazi du Maider Bolañosek.

“Asko poztu gintuen aitortzak, hilabeteetako lana izan baitzen, ordu asko eman genituen simulazioak egiten eta masterrerako ikasten, eta beti da eskertzekoa zure lana kontuan izatea. Era berean, lehiaketarekin prozesuen ingeniaritzako arloan asko ikasi dugu, eta graduan hainbeste sakondu ez genituen aspektu asko landu ditugu lehiaketan zehar. Eskerrak eman nahi dizkiegu Asier Aranzabal eta Eva Epelde irakasleei, beti egon zirelako gure partaidetzaren inguruan interesa erakusten, eta Jose María Arandes irakasleari, destilazio-zutabeei buruzko oinarri teoriko oso ona eman zigulako trabatuta gelditu ginenean”, gogorarazi du Onintze Parrak.

Aveva International Process Simulation Competition lehiaketak aukera ematen die ikasleei, ikasgelan ikasi dituzten trebetasunak, bizitza errealeko ingeniaritza-problemetan erabiltzeko.  Bereziki, energia jasangarrirako trantsizioaren erronketan.

“2021. edizioan, Onintza eta Maiderrek parte hartu zuten edizioan, erregai garbia sortzeko prozesua simulatu eta optimizatzea zen helburua eta 2022ko edizio honetako xedea konposatu kimiko batean energia berriztagarria biltegiratzeko prozesua simulatu eta optimizatzean datza.  Ikusten denez, biak ala biak, gizarteak gaur egun duen erronka bati erantzuten saiatzen dira, hots, energia eskuragarri, iraunkor, lehiakor eta garbi baterako trantsizioa egitea. Gainera, gure ikasleak konturatzen dira ikasgelan garatu dituen trebetasunak munduko gainerako ikasleekin komunak direla”, adierazi du Ingeniaritza Kimikoa Saileko irakasleak.