euskaraespañol

Gaurko irudia

Ana Beloqui ikertzaileak BBVA Fundazioaren Leonardo beketako bat jaso du

Ezagutza arlo desberdinetako ikertzaile gazteak babesteko Ikertzaile eta Kultur Sortzaileentzako Leonardo Beketako bat eskuratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/29

Ana Beloqui ikerlaria. Argazkia: Polymat, UPV/EHU

Ana Beloquik, POLYMAT-UPV/EHUko eta Ikerbasqueko ikertzaile nagusiak, BBVA Fundazioak emandako Ikertzaile eta Kultur Sortzaileentzako Leonardo Beka ospetsuetako bat lortu du. Beka horien xedea da ibilbidearen erdialdean dauden 30-45 urte arteko ikertzaile eta kultur sortzaileen lana babestea. Beka Oinarrizko Zientzien arloan eman diote, Kimika modalitatean, "Aplicación de la fase sólida al parcheado orientado de proteínas (HidroParch)" proiektua garatzeko. Hidroparch delakoaren xedea da metodologia kimiko bat garatzea proteinak polimeroak erabiliz egonkortzeko, azkenik sintesi kimikoko prozesu jasangarrietan, detektagailuetan edo aplikazio biomedikoetan erabiltzeko.

 "Oso eskertuta nago BBVA Fundazioak gure proiektuaren alde egindako apustuagatik. Bultzada honi esker, tresna kimiko berriak proteinen ingeniaritzaren eremuan erabili ahal izateko aukera aztertu ahal izango dugu. Hori horrela, gure helburua da Kimika Biologikoaren arloan eragin handia izan dezakeen lerro bat ezartzea. Ezingo nukeen aitorpen hori jaso nire taldeko ikertzaileen, nire mentore ohien eta kolaboratzaileen lanik gabe. Gainera, azken urteotan jaso dudan erakundeen babesa eskertu nahi dut, hain zuzen, hauena: POLYMAT- UPV/EHU, Ikerbasque Fundazioa eta Ikerketako Estatu Agentzia".

Ana Beloquik Kimikako doktoregoa egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Bere ibilbidean tresna kimikoak garatu ditu, eta Biokatalisiaren munduan aplikatu: biokatalizatzaileak aurkitzea, hobetzea eta ezaugarritzea, polimeroen kimika aplikatua erabiltzea entzimei funtzionaltasun berriak sartzeko eta, horrela, (nano)material biokatalitiko egonkorrak sortzea. Horrenbestez, diziplina arteko eta diziplina anitzeko ibilbide zientifikoa izan du. Bere arloan atipikoak diren baina ikertzaile etapetan ikasi dituen metodologiak eta kontzeptuak aplikatzen dizkie bere egungo ikerketa proiektuei, mugako ikerketatik espero den moduan. Doktoreko ondoko hiru egonaldi egin ditu ikerketa institutu nazionaletan (CICbiomaGUNE eta CICnanoGUNE) eta nazioartekoetan (Karslruhe Institute of Technology), bere ikerketa lerroa ezarri ahal izan du (PolyZymes Lab, PZL, https://anabeloqui1982.wixsite.com/polyzymes), eta ikertzaile nagusia da POLYMAT -UPV/EHUn, Ramón y Cajal Fundazioaren kontratu bati eta Ikerbasque Fundazioari esker.