Sarrera
Campus osasungarria eta iraunkorraren helburua campusa unibertsitate-komunitateko kideen ongizatea alderdi guztietan sustatzeko eta hobetzeko gune bihurtzea da.
EHUk garapen iraunkorraren auziari ekin dio hausnarketa prozesu baten ondorioz, eta EHUagenda 2030 zehaztu du: agenda ibilbide orria da, non Unibertsitatearen lana eta hau planetaren erronkekin lerrokatzeko helburua zehaztuta geratzen den. Agendak bilatzen du, alde batetik, Unibertsitateko edozein kidek Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) alorrean garatzen dituzten jarduerak modu koherentean integratzea; eta, bestetik, irakaskuntza-ikaskuntza, berdintasun, inklusio eta ingurumen-kudeaketako politikak diseinatu eta garatzea.
GIH hauen garapena bermatuta geratzen da EHUren 2022-2025eko Plan Estrategikoak eman dien estaldura instituzionalari esker, izan ere, iraunkortasunaren kontzeptuaren definizio global, interkonektatu eta eskalagarria jasota geratu da.
Hala ere, GIH guztiak ez dira neurri berean garatzen UPV/EHU jardunaren bidez, eta horregatik helburu nagusiak identifikatu dira eta sektoreka ordenatu dira:
- Erdigunean, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuei lotutako helburuak kokatuta daude (IKD i³): 4., 8., 16., 17., eta 18. helburuak, alegia.
- Aurrekoa inguratzen, 3 plan sektorial daude:
1. Inklusioa Campusa (10. Helburua).
2. Berdintasun Campusa (5. Helburua).
3. Planeta Campusa (3., 7., 9., 11., 12., eta 13. helburuak).
Planeta Campus honetan, EHUk ingurune fisikoen eta osasunaren kudeaketa iraunkorra proposatzen du. EHUan, orohar, eta Arabako Campusean, zehazki, dauden fakultate eta eskoletako ingurumena hobetzeko taldeen bidez ekimen ugariak barnebiltzen dituen plan espezifikoa agerian geratzen da; plan hau iraunkorra den campusaren ideiarekin bat egiten du eta ezin da gauzatu pertsonen bizi-ohiturengan eragin gabe.
Ingurumen-kudeaketa ardatz desberdinen bidez egitea planteatzen da Plantea Campusean: energia, ura, hondakinak, hirigintza eta azpiegiturak, osasuna eta ongizatea, garraioa eta mugikortasuna, erosketa eta kontsumo arduratsua. Honen baitan dimentsio berezia hartzen du osasunaren ardatzak, alegia, GIHen 3. helburuari lotutakoa. Horren garapenari lehentasuna eman nahian jaiotzen da Campus Osasungarriaren edo Healthy Campusaren ideia, unibertsitateko komunitateko kideen ongizatea sustatu eta hobetzeko helburua duena.
Osasuna Sustatzeko Unibertsitatea (edo Unibertsitate Osasungarria) Osasun Sustapena bere hezkuntza- eta lan-proiektuan txertatzen duena da, bertan ikasten edo lan egiten dutenen garapena eta bizi-kalitatea hobetzeko; eta, aldi berean, jokabide osasuntsuen eredu edo sustatzaile gisa jardun dezaten trebatzeko.
Unibertsitate Osasugarriek elikadura osasungarria izateko eta ohiko jarduera fisikoa egiteko aukera dagoen ingurunea eskaintzen dute; balio handia ematen diete alderdi psikosozialei, hala nola, errespetua, elkartasuna eta indarkeriarik eza unibertsitate-komunitateko maila bakoitzean eta esparruen artean, ez dute sustatzen legez kanpoko drogak zein droga legalak kontsumitzea, eta unibertsitate-komunitateko kide guztiei laguntza ematen diete pertsona integral gisa haz daitezen.
2008ko ekainean, sortu zen egun Osasuna Sustatzeko Unibertsitateen Espainiako Sarea izenez ezaguna den sarea (REUPS, gaztelaniako izenari erreparatuz); sarearen helburua da unibertsitatea osasuna sustatzeko ingurune gisa bultzatzea, Osasunaren Sustapenean ikerkuntza eta irakaskuntza indartzea, eta Osasun Publikoko agentzien eta unibertsitateen elkarlana erraztea.
EHUk sare honen kide den neurrian, hainbat pausu eman ditu, eta hiru campusetan ekimenak antolatu dira, besteak beste, Unibertsitate Osasungarrien Egunaren baitakoak:
https://www.ehu.eus/eu/web/iraunkortasuna/unibertsitate-osasuntsuen-eguna
Aurreko guzti hau kontutan hartuta, eta bi ikuspegiak kontutan hartuta, Campus Osasungarria eta Iraunkorra jaiotzen da, hurrengo lan-arloei erreparatuz garatuko dena:
- Jarduera fisikoa eta kirola,
- Elikadura,
- Gaixotasunen eta arrisku-jokabideen prebentzioa,
- Arreta psikologikoa,
- Ingurugiroa eta jasangarritasuna, eta
- Gizarte konpromisoa.
Ezin dugu ahaztu, gainera, EHUk ez duela bakarrik lan egiten. Campus Osasungarria eta Jasangarria errealitate bihurtzeko sarean lan eginez eta hainat instituziorekin sinatutako hitzarmenei esker gauzatzen ari da: Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantza, IHOBE, Euskal Fondoa, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udalaren IGIa, Kontsumobide, EKOSCAN, etab.
Goi mailako hezkuntza sareak:
- Copernicus Alliance
- UE4SD
- Red Española para el Desarrollo Sostenible (REDS)
- CRUE-Sostenibilidad
- G9
- ENLIGHT. European University Network
- European School of Sustainability Science and Research (ESSSR)
- U-MOB LIFE (Unibertsitateetan Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Europako Sarea)